Gazteon osasunagatik, prekarietatearekin amaitu! - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

Gazteon osasunagatik, prekarietatearekin amaitu! Apirilak 28ko manifestua

2008an krisiak eztanda egin zuenean hainbat lanpostu suntsitu ziren eta, ordutik, gazteoi eskaini zaizkigun lan baldintzak ez dira izan egokienak. Horregatik, Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna, apirilak 28, gerturatzen den bakoitzean gazteok pairatzen dugun prekarietatea eta honek gure ongizatean dituen ondorio latzak salatu nahi ditugu. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK), Emantzipa… Zer? lantaldean manifestua jorratu du, gure egoera eta hobekuntza proposamenak gizarteratzeko. Gainera, 7* elkarte atxiki dira manifestura.

Datuak eguneratzeaz gain, aurten sexuka banatu ditugu. Izan ere, beste hainbatetan aldarrikatu dugun bezala, lan osasunean genero-ikuspegia txertatzea beharrezkoa da. Lan asko oraindik feminizatuak daude (lan-segregazioa) eta, gainera, emakumeek egindako hainbat lani balio sozial eta ekonomikoa txikiagoa ematen zaie.

Lanpostuetan edo enpleguaren erruagatik sortutako osasun galera hauek islatzeko hainbat datu ezagutarazi nahi ditugu, besteak beste, 16 eta 34 urte bitarteko gazteek 2017an zehar izandako lan istripuak Euskadin: 8.048 arin (2.029 emakumeek eta 6.019 gizonezkoek), 40 larri (7 emakumeek eta 33 gizonezkoek) eta heriotza sortu duten bi (biak gizonezkoak). Zoritxarrez, azken urteetan bezala, eguneratu gabeko datuekin lan egin behar dugu, 2018ko datuak ez baitaude eskuragarri oraindik. Beraz, ezin dugu aurreko urteko istripu-tasa kuantifikatu.

Prekarietatearekin amaitu!

Lehenik eta behin, 2018an EGK-k 3 aldiz aktibatu behar izan zuen Lan Istripuen protokoloa; gainera hiru kasuetan langile gaztearen heriotzagatik izan zen. Bertan jarri nahi dugu fokua. Lan istripuetatik zein gaixotasunetatik haratago doan egoera bat da eta azkenengo urteetan eman diren murrizketa soziolaboralek areagotu besterik ez dute egin. Gazteon osasunagatik, prekarietatearekin amaitu!

Era berean, Eustaten arabera, 2017an 117 gaztek gaixotasun profesionala izan zuten, horietatik 48 emakumezkoak eta 69 gizonezkoak. Errealitate hau oso larria dela uste dugu, izan ere, haien ibilbide profesionala hasi besterik ez da egin. Horregatik, ezin ditugu ahaztu, ezta oharkabean utzi ere, gaixotasun profesional bat jasaten duten gazteak, haien bizitza pixkana-pixkanaka txikituta ikusten dutelako.

Gainera errealitate hau datu ofizialek erakutsitakoa soilik da. Hauez gain hainbat gaixotasun profesionalen azpierregistroa dago, mutuek ohiko kontingentzia bezala ezkutatzen dituztenak. Zifra osoa azaleratuko balitz datua bestelakoa litzateke.

Irakur ezazu manifestua bere osotasunean hemen

[PDF] Lan Osasunaren Nazioarteko egunaren harira kaleratutako manifestua

*Manifestu honetara Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), EKO-ACG eta Gazte Abertzaleak elkarteak, Bilboko Langile Pastoraltza eta LSB-USO, CCOO eta LAB sindikatuak atxiki dira.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.