EGK-k Medellinen egindako jardunalien argazkiak

Medellinen egon gara bakearen gaineko esperientziak partekatzeko

Irailaren 6tik eta 11ra EGK Medellinen egon da Kolonbiako hiri honetako hainbat eragilerekin esperientziak eta ikaskuntzak partekatzeko. Kataluniako Nazioarteko Bakerako Institutuak eta Medellineko Memoria Etxea Museoak antolatutako bidaia honen helburua amankomuneko ezagutzetatik bi bake prozesuak indartzea izan da.

Txema Urkijo (EJko Terrorismoko Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzako zuzendari ohia), Iratxe Momoitio (Gernikako Bakearen Museoko zuzendaria), Rocío Salazar (Bakeolako koordinatzailea) eta Elvira C. García Vidales (EGK-ko Bakea eta Bizikidetza teknikaria) izan dira euskal delegazioa osatu dutenak, eta bost egun hauetan hainbat proiektu ezagutzen egon direnak. Giza Eskubideen defentsa eta memoria eta gizarte-sareak berreraikitzea dituzte xede proiektu horiek guztiak, kontuan izanda gatazka armatu baten ondorio mingarriak pairatu dituen errealitate batean txertaturik daudela.  Era berean, EGK eta euskal delegazioko beste kideek, hainbat proiektu aurkeztu dituzte, ETAren su etenaren aurretik eta ondoren Euskadin bizikidetza eta bakea sustatzeko jaio izan direnak.

Medellinen Bisitak eta proiektuak

Medellineko Memoria Etxea Museoa xede horretako erakunde bakarra da Kolonbia mailan. Jaio berria izan arren, ezinbesteko elkar-gunea bilakatu da biktimen elkarteentzako eta Giza Eskubideen defentsan eta memoriaren berreraikitzean diharduten eragileentzako (politikoak, sozialak, kulturalak). Toki honetan bertan, EGK-k eta euskal delegazioko beste kideek, tailer bat dinamizatu zuten eta jendeari ireki zen hitzaldi bat eman zuten, non Euskadi mailan lantzen diren hainbat proiektu eta lan-metodologiak azaldu zituzten.

Bestetik, eta gazterian egiten den lanarekin lotuta, Medellineko Gazteria sailarekin bilera bat izan zen, baita hiru proiektu eraldatzaile aurrez aurre ezagutzeko aukera ere.

Lehena, La Loma delako gazte-plataforma proiektua, 60. Komunako izen bereko auzoan kokatuta. Plataforma honek hainbat talde biltzen ditu eta komunitateko gazteen parte hartzea sustatzen du artea eta musika erabiliz. Helburua: erresistentzia eta bizikidetza indartzea. Bigarrena, Ciudad Comuna delako erakunde komunitarioa, 8. Komunan sortua, baina jada hiri guztian zehar zabalduta. Proiektu honek ikus-entzunezko baliabideak erabiltzen ditu auzoetako hobekuntza integralak eta ikusgaitasuna aldarrikatzeko. Eta azkenik, Agroarte delako taldea, 13. Komunan kokatua, gatazka armatuak eragin handia izan duen komunetako bat izan dena, alegia. Proiektu honen helburua hip-hopa eta lur-lantzea lotzea da, hirian kontzientzia eta memoria elkarrekin erein ahal izateko.

Argazkien galeria duzu esteka honetan

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .