Martxoak 8ko greba feminista babesten dugu - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

EGK-k martxoak 8ko greba feminista babesten du

Euskal Herriko mugimendu feministak martxoak 8rako greba feminista egitera deitu du Emakumeok* Planto lelopean eta hainbat mobilizazioen bidez antolatua izan dena. Modu honetan, emakumeak* “planto” egitera deitu ditu. Izan ere, zer gertatuko litzateke emakumeek lan produktibo zein erreproduktiboak egiteari utziko baliekete une batez? Munduak berdin funtzionatuko luke? Zaintza, enplegua, lana, ikasketak eta kontsumoa izango ditu ardatz greba honek eta gehiengo sindikalaren babesarekin lau orduko lanuzteak iragarri dira. Goizeko 11:00etatik 15:00etara eta arratsaldeko 18:00etatik 22:00etara. Zentzu honetan, EGK-k martxoak 8ko greba babesten du. Izan ere, 2016az geroztik Berdintasuna lanerako zeharkako balore gisa txertatzeko konpromisoa hartu zuen eta ordutik Matxismorik gabeko gazteri eta gizarte bat eraikitzeko beharrezkoak diren pausuak eta existitzen diren eskubide gabeziak azaleratzen dihardu. Bide horretan, “Ibilbide Moreak: emakume gazteen egoera lan munduan”, ‘Berdintasun ezari… #GukEzetz!’ RECacciona bideo lehiaketa, Indarkeria Matxista eta LGTBI+fobikoa salatzeko protokoloak bezalako proiektuak izan ditu hizpide. Hori dela eta, EGK-k ere, datorren Martxoaren 8an “planto” egingo du, gizarte sistema diskriminatzaile batean bizi garelako eta aukera berdintasuna bultzatu nahi dugulako. Era berean, Euskadiko gazteria greba egitera animatzen dugu, bai paroa eginez emakumeen kasuan eta baita greba babesten eta laguntzen gizonezkoen kasuan.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.