EGK-k Maialen Olabe presidente bezala berraukeratu eta Batzorde Iraunkorra berritu du

EGK-k Maialen Olabe presidente bezala berraukeratu eta Batzorde Iraunkorra berritu du

  • Olabe (Bizkaiko Gaztetxoen Koordinakundea) hurrengo bi urteetarako hautatu dute presidentea bezala; Beñat Olave (Bizkaiko Gurutze Gorria Gazteak) izango da presidenteorde

  • Batzar Orokorrak EuskarAbentura espedizioa kide berri bezala onartu du eta, orain, 57 elkartek osatuko dute EGK

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) gaur ospatu duen 39. Batzar Orokorrean hainbat erabaki garrantzitsu hartu ditu. 2018an presidente modura berretsi ostean, elkarteen plataformak Maialen Olabe Aguirre (Bizkaiko Gaztetxoen Koordinakundea) beste bi urterako aukeratu du kargurako. Era berean, bertaratutako elkarteek Beñat Olave (Bizkaiko Gurutze Gorria Gazteak) izendatu dute presidenteorde. Aldaketa hauen eta beste batzuen ostean, hurrengo bi urteetarako eratutako Batzorde Iraunkorra honakoa da:

  • Presidentea: Maialen Olabe Aguirre (Bizkaiko Gaztetxoen Koordinakundea).
  • Presidenteordea: Beñat Olave (Bizkaiko Gurutze Gorria Gazteak)
  • Diruzaina: Aimar Rico (Uzturre Gazte Bilgunea)
  • Bokalak: Kale Dor Kayiko, Gazte Abertzaleak eta Eusko Gaztedi.

Donostiako CRAJ eraikinean (Gipuzkoako Gazte Elkarteentzako Baliabide Zentroa) egindako batzarrean EuskarAbentura elkartea onartu dute orain arteko kideek eta ez da egon EGK utzi duen elkarterik, beraz, orain EGK 57 elkartek osatuko dute. Honetaz gain, 2018an burututakoaren memoria eta 2019rako aurrekontua eta lan-plangintza aho batez onartu dira, baita kontu ekonomikoak ere. Ildo honetan, gainera, EGK-k, legeak hala eskatuta, kanpo kontu-ikuskaritza bat egingo du 2019an zehar.

Batzarrak, gainera, lan-arlo berria sortzea onartu du: etxebizitza. Gazteen egoera sozioekonomikoa dena ikusita (lan baldintza eskasak, prekarietatea, emantzipatzeko arazoak, etab.) enplegu eta etxebizitza lan-arloak bereizi egingo dira 2019tik aurrera lan ildo bakoitza modu sakonagoan landu ahal izateko.

Era berean, aurreko urteetan bezala, gazte eta administrazioen arteko zubi-lana egiteko hitzarmenak sinatuko ditu Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Eusko Jaurlaritzarekin (Lehendakaritza, Gazteria Zuzendaritza eta Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia eta Emakunde), Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiekin eta Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udalekin.

Onartutako proposamenak

39. Batzar Orokorrean EGK-ko kide diren elkarteek eta Batzorde Iraunkorrak proposamenak aurkezteko aukera izan dute. Bakoitzaren aurkezpen eta eztabaidaren ostean honako proposamenak onartu dira:

  • EGK-ko Batzorde Iraunkorrak elkarteei kuotak jaisteko egindako proposamena.
  • ECO-AGCk EGK-ko elkarteen bozkatze sistema aldatzeko egindako proposamena.
  • Mujeres Jóvenes de Euskadi-ko Emakume Gazteak Lilithek Zientziako Emakume eta Neskaren Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko egindako proposamena.
  • JSE-EGAZek egungo gazteen giza eskubideen aurkako gertakarien aurrean adierazpen publikoak egiteko protokoloa eraldatzeko egindako proposamena.

Ander Añibarro, Eusko Jaurlaritzako Gazteria saileko zuzendaria batzarrean ere egon da eta bertaratu diren taldeetako ordezkari eta gonbidatuekin hitz egiteko aukera izan dute. Euren esku-hartzean EGKrekin izandako eta izango den harremana azpimarratu dute, gazteekin zuzenean hitz egiteko eta euren iritzia jasotzeko aukera delako.

EGKren egunerokotasuna jarraitzeko, www.egk.eus webgunean sartu, Piztu! buletinean harpidetu edo Facebook, Twitter eta Instagram orrialdeak jarraitzea gomendatzen dugu.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.