30. urteurreneko argazkia

Maialen Olabe (Bizkaiako Gaztetxoen Koordinakundea) EGK-ko presidente berria

  • Bizigay eta Engineer-hitza erakundeek EGK-ko kide berri bezala onartuak izan dira
  • Indarkeria matxista eta LGTBI+ fobikoaren aurkako Berdintasun protokoloa onartu da
  • Ajebask-ek jada ez du EGK-ko kide bezala jarraituko

Donostian, 2016ko ekainaren 22an. Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK) osatzen duten ia 60 erakundeek Maialen Olabe (Bizkaiako Gaztetxoen Koordinakundea) hautatu dute presidente bezala Donostiako Udaletxeko Udalbatza Aretoan egin den Ezohiko Batzarrean. Bilkuran bi hautagaitza aurkeztu dira eta bozketa bakarraren oten ostean Maialen Olabe (Bizkaiako Gaztetxoen Koordinakundea) izan da aukeratua Itsaso Andueza (Hezkide) ordezkatzeko.

Horretaz gain, Batzorde Iraunkorreko bi hutsune bete dira: batetik, Markel Ganboa (Bizkaiako Urtxintxa Eskola) EGK-ko preisdente orde izendatu da; eta, bestetik, Lucia Curtu (Gurutze Gorria Gazteak) bokal bezala. Bizigai eta Engineer-hitza erakundeak EGK-ko kide bezala onartu dira. Bestetik, Ajebask-ek EGK-ko kide bezala ez jarraitzea eskatu du. Aldaketa hauen ostean, EGK-k 57 kide ditu.

Azkenik, indarkeria matxista eta LGTBI+ fobikoaren aurkako Berdintasun protokoloa onartu da Ezohiko Batzarrean. Protokolo honen asmoa edonolako sexu eraso edo LGTBI+ kolektiboaren aurkakako erasoen aurrean EGK-k erantzun azkar bat eman ahal izatea da.

#EGK30aukera

Eusko Legebiltzarrak 1986an sortua da EGK, eta aurten 30 urte bete ditu Kontseiluak. Hain data berezia ospatzeaz gain, urte guzti hauetan bidelagun izan diren elkarteei omenaldia egiteko aprobetxatu da ekitaldia. Arkaitz Oiartzabal bertsolariak bertso bat abestu die EGK-ko erakundeei hauek agertokira gerturatzen ziren heinean. Bertan, Itsaso Anduezak, EGK-ko presidente ohiak, opari bana eman die Kontseiluko kide diren elkarteei.

EGK-ko presidente bezala egindako azken agerraldian Anduezak Gazteriaren Kontseilua EAEko gazte orori zabaltzera gonbidatu ditu bertaratuak, bai erakundeen eta bai norbanakoen parte-hartzea sustatuz. Era horretan, EGK-k oinarri bezala dituen gaztetasuna eta aniztasuna soilik bermatuko baitira.

Urteurren ekitaldira Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburua, Angel Toña; Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura sailburua, Cristina Uriarte; Kultura sailburuordea, Joxean Muñoz; Eusko Legebiltzarreko hainbat kide; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, Denis Itxaso; Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaria, Jon Redondo; Donostiako alkatea, Eneko Goia; Donostiako Udaleko Gazteria zinegotzia, Martin Ibabe, zuzendaria eta hainbat teknikari; Gasteizko Udaleko Gazteria zinegotzia, Iñaki Prusilla; Bilboko Euskara, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia, Oihane Agirregoitia; Espainiako Gazteriaren Kontseiluko presidentea, Julia Chica Linares, eta kideak; Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko presidentea, Eduardo Alonso Arechaga, eta kideak eta hainbat langile ohi eta egungo lantaldetako partaide, besteak beste, bertaratu dira.

Azkenik, EGK-k bere irudi korporatibo eta webgune berria aurkeztu ditu. Azal eraberritze honekin indartuta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak gazteon gaiak agendan jartzen jarraituko du EAEko gazteok gure bizitza proiektua egin ahal izan dezagun.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .