Larunbat honetan Donostian eta Iruñean, murrizketen aurka eta gure eskubideen alde aterako gara kalera. Batu zaitez!

kartela

Sistema kapitalistaren berregituratzeak helburu bat du, lan-merkatua desarautzea, zerbitzu publikoak edukiz hustea eta borrokarako eskubidea deuseztatzea. Hain zuzen, inoiz ikusi gabeko erasoa ari zaie egiten eskubide laboral eta sozialei. Lehentasun guztia enpresen etekinei eta gutxiengo bat aberasteari ematen zaio, eta horren ordainetan herritar gehienak pobretzeko erabakiak hartzen dira: soldatak jaistea, enplegu prekarioa, langabezia gero eta handiagoa, eta gizarte-prestazioen, pentsioen eta gastu publikoaren murrizketa, osasungintza, hezkuntza eta gizarte-zerbitzuei dagokienez.

Hego Euskal Herrian salaketa egiteko eta alternatiba bat exijitzeko egin dugun bidean lau greba orokor, hainbat lanuzte eta dozenaka mobilizazio izan da. Martxoaren 29ko greba orokorrean, zeina Hego Euskal Herrian hainbat sindikatuk eta gizarte-mugimenduk deitu baitzuten, otsailaren 25eko manifestazioan bezala, interes ekonomikoek inposatutako neurriak salatu ditugu, hauen helburua zuzenean gure eskubide sozial eta laboralak murriztea baita. Eta politika publikoak goitik behera aldatu beharra aldarrikatu genuen. EAEko eta Nafarroako erakundeak zernahi ari dira murrizten, eta honek zerbitzu publikoei nahiz gizarte-prestazioei eragiten die. Gogoratu beharra dago aurten Jaurlaritzak osasunerako eta hezkuntzarako egin zuen aurrekontua 2010ean sail bakoitzean egindako gastua baino 140 milioi euro txikiagoa zela. Nafarroako Gobernuak, berriz, 2012rako osasun-gastua 2010ean egindako gastu erreala baino 120 milioi murritzagoa zen, eta 70 milioi txikiagoa hezkuntzan. Halere, bi gobernuek aurrekontuetan murrizketa gehiago egitekotan direla iragarri dute.

Gizarte-prestazioei mozketa handia egin zaie, eta gainera laguntza horiek jasotzeko eskubidea ukatzen zaio jende askori, batik bat immigrante eta pentsiodunei, laguntzetarako baldintzak aldatu baitituzte. Gainera, prestazio hauek jasotzea kriminalizatu egiten da eta lanik gabe dagoenari bere egoeraren errua leporatzen zaio.

Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako zerga-politikak murrizketa hauei babesa ematen die, eta hau patronalek lotsarik gabe txalotzen dute. Aberatsenei zergak barkatzen zaizkie; iruzur fiskalari jazartzeko borondaterik ez dago. Zerga-politika hau bidegabea, erregresiboa eta parte-hartze sozialik gabe erabakitakoa da. Ogasunek aitortzen dute aurten biltzeko den diruari buruzko aurreikuspenak ez direla beteko, eta areago murriztu beharra dagoela diote. Itxurakeria hau ez dugu onartuko, areago lurralde horietan iruzur fiskala milaka milioi eurokoa delarik.

Botere publikoen eskutik kapitalak aurrera egin du, eta inposizio nahiz erasoak etengabekoak dira. Greba orokorra igarota erabaki antisozial gehiago eman dute ezagutzera. Rajoyren gobernuak aurtengo aurrekontu-proiektua aurkeztu du, eta hau lehengo ildo beretik doa, hots, defizit publikoa gutxitzeko gure eskubideak moztuko dituzte, langabezia gehitu eta gizarte-babesa kendu. Aurrekontu-proiektuak dio arlo publikoan asteko lanaldia 37,5 orduraino luzatuko dela, eta hau oinarri-legetzat jotzen du, hots, administrazio guztietan aplikatu beharreko neurri gisa. Haatik, Gasteizko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan lege banatan ezarri zen 35 orduko astea; lege horiek Eskubide Sozialen Karta bultzatzeko egindako lege-ekimen herritarren emaitza izan ziren; ekimen hauek gizarte-mugimenduek eta sindikatuek bultza zituzten.

Murrizketen aurrean mobilizaziora jo dugu; haiei aurre egiten ari gara. Eta erantzuna errepresioaren, zigorraren eta kriminalizazioaren bidea izan da. Gainera, manifestazioak eta erantzun sozial ez bortitzak ere kriminalizatu nahi dituzte. Hau, besteak bezala, inposizio antidemokratikoa da.

Hezkuntzan eta osasungintzan murrizketak egin nahi dizkigute:
• Hezkuntzan irakasleentzako eskola-orduak gehituko dira; bi astetik beherako bajetan ez da ordezkapenik egingo; gelako ikasle ratioa handiagoa izango da; unibertsitateko tasak gehitu egingo dira, baita titulazio bat eskaini ahal izateko gutxieneko ikasle kopurua ere, eta unibertsitateek derrigor aurrekontu orekatuak izan beharko dituzte (honek autonomia guztia kentzen die); hau hezkuntzaren pribatizatze eta merkantilizatzea prozesuaren baitan ari da gertatzen.


• Osasungintzan, gaixo daudenek sendagaietan ordaindu beharreko zenbatekoa gehituko da, baita pentsiodunen kasuan ere; osasun-sistemaren unibertsaltasuna bertan behera uzten dute, egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak baztertuz; lanik ez duten 26 urtetik gorakoekin gauza bera egiteko atea irekitzen dutem, eta zerbitzu-zorro komun bat ezartzeko borondatea aurreratu dute; honek esan nahi du zerbitzu publikoek ematen duten osasun-arreta gutxitu nahi dutela.

Horrenbestez, manifestu hau sinatzen dugun sindikatuon eta gizarte-erakundeon iritziz ezinbestekoa da gizartea mobilizatzen jarraitzea. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak deitu ditugu, maiatzaren 20an Bilbon eta Gasteizen, eta 26an, Donostian eta Iruñean. Hauek dira manifestazioen helburuak:

• Aplikatzen ari diren murrizketa eta politikak salatzea, hondamendi sozialera eramaten baikaituzte.

• Hego Euskal Herriko instituzio guztiei exijitzea Rajoyk ezarri nahi dituen murrizketak ez ditzatela aplikatu: osasungintzan, hezkuntzan, 37,5 orduko astea, etab. Ez dugu onartzen esatea erakunde bat erabaki horiekin bat ez datorrela, baina aplikatu eta helegite juridiko bat sartuko duela. Inposizio hauei aurre egiteko ekintza politikoa behar da, erabaki injustu eta antisozialak ez aplikatzea alegia.

• Hego Euskal Herriko administrazioei exijitzea politikak erabat alda ditzatela: ezarritako murrizketak indargabetzea gizarte-prestazioetan, osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitzan, gizarte-zerbitzuetan, etab. Zerga-politika bidezko eta progresiboa, azken hamarkadetako erreformetan atzera egiteko, aberastasuna berdintasun handiagoz bana dadin. Iruzur fiskalaren zinezko jazarpena. Politika publikoak definitu eta ebaluatzerakoan eragile sozial eta sindikalen parte hartzeko eskubidea benetan bermatzea. Aukera-berdintasuneko politikak finkatzea, eta lana zein bizitza pertsonala kontziliatzeko politika eragingarriak egitea. Lan produktibo eta erreproduktiboaren banaketa.

•Hego Euskal Herriko administrazioei exijitzea Lan-Harremanen eta Gizarte-babeseko Euskal Esparru bat gara dezatela, zeinaren oinarria lanaren eta aberastasunaren banaketa izango den.

Eskubide laboral eta sozialetan aurrera egitea nahi dugu, ez atzera, eta gizartearen mobilizazioa bultzatzen jarraituko dugu harik eta politikak aldatu arte. Hau aldatzeko gauza bakarra behar da, gauzatzeko borondate politikoa egotea. Lorpen sozial guztiak sektore desberdinek historian garatu duten borrokaren fruitu izan dira. Eta begibistakoa da bide bakarra dagoela politika aldaketa hori gerta dadin, mobilizazioa eta presio soziala. Horregatik da beharrezkoa maiatzaren 20an eta 26an Bilboko, Gasteizko, Iruñeko eta Donostiako kaleak jendez betetzea.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .