Lanpostuan zendu den gaztearen heriotza salatu dugu

Lanpostuan zendu den gaztearen heriotza salatu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak

  • Prekarietateak pertsona gazteen osasuna kaltetzen duela azaldu du gazte-elkarguneak

Gasteizen, 2017ko maiatzaren 31n.  Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) gazte langile batek lanpostuan zegoela zendu izana salatu du. 22 urteko langilea gaur zendu da, maiatzaren 31n, Aialako (Araba) Markijana auzoan kokatuta dagoen azpiestazio batean deskarga elektriko bat jaso ondoren. Dirudienez, gaztea korrosioaren aurkako pintura ematen ari zen eta, korronte elektrikoa zegoen zona batetara mugitzerakoan elektrokutatu egin da.

Gazteariaren Kontseiluak bere “atsekabea” adierazi du eta “familia eta lagunei besarkada bat” bidali nahi izan die. “Beste behin ere, gazte batek lanean zegoela bizitza galdu izana” deitoratu du EGK-k.

Gazte elkarteen sareak azaldu duenez, “prekarietatea eta lan baldintza kaskarrak lan-istripuen, lan-gaixotasunen eta lan-osasunaren okertzearen zergati zuzen bat dira”.

Hori dela eta, Gazteriaren Kontseiluak “gazteriaren lan baldintza prekarioak hobetu ordez, azken urteetan nabarmenki kaskartzen ari direla” ohartarazi du. Horretaz gain, “egoera honek gazteen osasun fisiko eta mentalean eragin kaltegarriak dituela eta lan istripuak zein prekarietatearekin harremana duten gaixotasunak pairatzeko aukerak areagotzen dituela” gehitu du.

Ildo honetan, EGK-k “gazteen lan egoera latza islatzen duten estatistika kezkagarriak” gogoratu ditu:

  • Langabezia: %18,7 (2017ko I. hiruhilabetea)
  • Behin-behinekotasuna: %44,2 (2015)
  • Enplegu enkaxatua: %52,7 (2015)
  • Bataz besteko hilabeteko soldata: 996€ (2015)
  • Emakume eta gizon gazteen arteko bataz besteko soldata ezberdintasuna: 266€ (2015)

Iturriak: Gazteriaren Euskal Behatokia, Eustat, Observatorio Joven de la Emancipación.

Bestalde, “lan baldintza prekarioen lista honi” normalean estatistikoki neurtzen ez diren beste errealitate batzuk gehitu nahi izan dizkio, hala nola, “gehiegizko lan kargak, ordutegi txarrak, negoziazio kolektiboa oztopatzen duten lanpostuak, ezkutuko ekonomiaren lanpostuak, mugikortasun geografiko handia eta subkontratazioa”.

Ezegonkortasun eta urrakortasun egoera hau “gazteek duten langabeziaren estaldura txikiagoa eta diru sarrerak bermatzeko laguntzak jasotzeko dituzten zailtasun handiagoengatik” areagotzen dela azaldu dute. Horrek, “enplegu batzuetan ezartzen diren gehiegizko baldintzen aurrean babesik gabe uzten ditu”. Horrela ba, besteak beste, “osasun estaldura txikitu eta langileria babesik gabe utzi duten azken lan eta osasun erreformen ondorioz, gazteria gero eta egoera txarrago batean dago”.

Lan Osasuna eta gazteriaren enpleguaren sustapena

Bestalde, gazteen lana sustatzeko gailendu diren estrategiak ez dutela egoera hau hobetzen lagundu dio Kontseiluak. Alde batetik, “kezkagarria da geroz eta gehiago kontratazio formula bereziak sustatzea (praktikak, bekaka…). Formula hauek langileen eskubide sozioekonomikoak murriztean oinarritzen dira eta, askotan, ez dute enpresarekiko lan harreman bat ezartzen eta, beraz, egoera hauetan ematen diren lan istripuek ez dira estatistika ofizialetan ageri”.

Horrela ba, adierazi dute “ez lan emigrazioa eta ezta autoenplegu/ekintzailetza ez daudela gazteak lan eskubide berdinekin enplegu bat lortzeko pentsatuak”. Besteak beste, “estrategia hauei loturiko arrisku asko ez direla azaleratzen” azpimarratu dute.

Hobekuntza proposamenak

Agertoki honen aurrean, Administrazioari “lan osasunaren arautegia betearazi eta lan ikuskaritzak sustatu ditzala” eskatu dio EGK-k. Horretaz gain, hurrengo neurriak hartu ditzan eskatu dio:

  • Langileria modu larrian kaltetu duten azken lan erreformak bertan behera utzi, lanaren desintentzifikazioa sustatzeko neurriak martxan jarri eta behin-behinekotasuna, subkontratazioa eta ordu extrak mugatu.
  • Negoziazio kolektiboaren egoera lehengoratu eta gazteriaren parte-hartze sindikal eta laborala sustatu, horretarako baldintza egokiak eta bideak eskainiz.
  • Laneko gaixotasunen antzemate eta prebentzioan Osakidetza eta Osalanen parte-hartze handiagoa, bai eta prekarietatea eta langabeziarekin loturiko gaixotasunetan ere.
  • Kontratazio formula berezien gaineko kontrol eta ikuskaritza gehiago. Horretaz gain, lan postuak behar duen kualifikazioa eta enpresak langileari eskatzen dion ikasketa eta beharren mailaren arteko oreka sustatzeko neurrien garapena, eta enpresak lanposturako garrantzizkoa den formazioa erraztea, horretarako beharrezko bitartekoak jarriz (denbora eta dirua).
  • Zaintza lanen onarpena eta erregulazioa.
  • Lan jardunaldiaren ordu jaitsiera.

Bere aldetik, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) gazteek bizi duten lan prekarietatea salatzen jarraitzeko eta “lan-istripuekin amaitu eta gazteen lan osasuna sustatuko duen gizarte ahotsa” artikulatzeko bere konpromisoa berretsi du.

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

Consejo de la Juventud de Euskadi

“gazteok egina, gazteontzat!”

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .