Indarkeria Matxista: egoeraren azterketa eta gazteon eskaerak

Indarkeria Matxista: egoeraren azterketa eta gazteon eskaerak

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) urtean zehar Indarkeria Matxistari buruz egindako lanaren ondorioak aurkeztu ditu gaur goizean. Maialen Olabe, EGK-ko presidenteak, eta Norma Ageitos, EGK-ko Berdintasun teknikariak, egindako agerraldian Berdintasun lan-arlotik Indarkeria Matxista eta honen eraginei aurre egiteko gidatutako bi proiektu eta hauen emaitzak aurkeztu dituzte: alde batetik, Indarkeria Matxistaren salaketarako protokolo publikoa; eta, bestetik, ‘Indarkeria Matxistari… #GukEzetz!’ kanpaina.

2016ko Donostiako Ezohiko Batzarrean Indarkeria Matxistaren aurkako protokoloa onartu zenetik bost egunetik behin aktibatu behar izan dugu. Beste modu batera esanda, bost egunetik behin emakume gazte batek Indarkeria Matxista salatzen du Euskadin. Eta, zoritxarrez, datu ezkorrak ez dira hemen amaitzen.

Urtero Gazteen Euskal Behatokiak emakumeen aurkako indarkeriaz dituen datuak berritu eta hainbat kontu mahai gainean jartzen dute, esaterako:

  • 2016an emakume gazteok 30 urte baino gehiago duten emakume salatzaileen tasaren bikoitzetik gorago daudela
  • 1000 emakume gazteko 7’5ek salaketa burutzen dute. 2016an zehazki 1046
  • Emakume gazteon %32,4a gauez kaletik bakarrik ibiltzearen beldur da. Adin bereko gizonezkoekin alderatuz, hamar aldiz gehiago.

Erantzuna emateko beharra

Egoera honen aurrean zerbait egin behar dela argi dugu. Eta hala adierazi dugu hedabideen aurrean egindako agerraldian. Administraziotik arlo juridikoan eta hezkuntzan aurrera pausoak ematen jarraitzea ezinbestekoa da, egun dagoen genero-indarkeria kontzeptu murritzetik haratago joateko eta indarkeria jasaten duten emakumeei tratu egokia ziurtatzeko. Era berean, ezinbestekotzat jotzen dugu hezkuntzan dauden programak indartzea eta baita guztietarako beharrezkoak diren giza baliabideak eta materialak, sortu, helarazi edo bultzatzea.

Azkenik, ohi bezala, gazteria eta gizarteari Indarkeria Matxistaren aurrean 0 tolerantzia izateko eskatu diogu, edozein eraso motari aurre egitea, publikoki argi eta garbi #GukEzetz! esatea eta lanean jarraitzeko deia egin dugu, emakume eta gizonen arteko Berdintasunean oinarritutako gizartea dugulako helburu.

Erdiesten lagundu nahi bagaituzu, idatzi berdintasuna@egk.org helbide elektronikora, gerturatu Gaur8 lantaldera eta egin gurekin bat #GukEzetz! esanez. Beti. Argi eta garbi. Zalantza izpirik gabe.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .