Pertsona gazteon ideia politikoekin lotuta, giza eskubide urraketaren aurka

Eusko Jaurlaritzak eta Vitoria-Gasteizko Udalak EGKrekin hitzarmen bana onartu dituzte

Eusko Jaurlaritzan Kontseilu Gobernuak eta Vitoria-Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekiko hitzarmenak onartu dituzte azken egunetan. Honen harira, EGK-k poztasuna azaltzen du bi lankidetzei jarraipena emango zaielako.

Alde batetik, uztailaren 14an Jaurlaritzak ‘2013-2016 Bake eta Bizikidetzarako Euskal Plan’-ean gazteekin lotura duten puntuak EGKrekin eskutik garatzen jarraitzeko erabakia adostu zuen. Akordioa iaz egin zen lehenengo aldiz eta orain bigarren urtez berritzen den hitzarmenaren bitartez, 2015ean zehar EGK-k 65.000 euro jasoko ditu bakea sendotzeko lanetan gazteen partaidetza sustatzeko. Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, “2014an izenpetutako esparru-hitzarmenaren bitartez emaitza bikainak lortu direnez, Eusko Jaurlaritzak eta EGK-k lankidetzan jarraitzea erabaki dute, gazteek bakearen eta bizikidetzaren alorrean zer iritzi eta esperientzia dituzten partekatzeko, kolektibo horri erremintak emateko bizikidetzaren gatazkak modu eraikitzailean jorratzeko, eta bizikidetzari buruzko proiektuetan sormena, ekintzailetza eta gizarte-berrikuntza bultzatzeko.”

Helburu hauek bete ahal izateko hainbat jarduera egiten ari dira 2015ean (batzuk dagoeneko burutu dira eta besteak uda eta gero antolatuko dira): Bake&Arte tailerrak, Bake Ibilbideak udalerrietan, gazte bakegintzaren dokumentala, Bakeizketak, Gazte-Bake manifestua, etabar. Irekiak sinaturiko dokumentuaren xehetasun guztiak jasotzen ditu. Horrela, 2014an hasiko lanari jarraipena emango zaio; orain arte egindako jardueretatik, besteak beste, Bake Ibilbideak edo bakeahots.org komunitate birtuala azpimarra ditzakegu.

Beste aldetik, uztailaren 9an Vitoria-Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak EGKrekin zuen hitzarmen berritu zuen. Horrela, EGK-k 10.200 euro izango ditu Udalaren gazteria politikaren alorrean parte-hartze prozesua burutzeko (dokumentu honen bigarren orrialdean dagoen 9. puntuan ikus daitekeen bezala). Udalaren web orrialdeak eta Noticias de Álava egunkariaren edizio digitalak ere akordioa jaso dute.

Udal hauteskundeak baino lehen, hitzarmena onartu gabe geratu zen maiatzaren 8an argitaraturiko ohar honetan EGK-k jakitera eman zuen bezala. Une hartan, Vitoria-Gasteizko Udaleko Gazteria Arloko teknikarien lana eskertuz, EGK-k “azken urteetan bezala sinatutako hitzarmenekin jarraitzeko asmoa” berresten zuen eta eskaera bat egiten zen: “Alderdia edozein zelarik, maiatzaren 24ko hauteskundeen ondoren sortzen zen udal gobernu berriari elkarrekin egindakoa ez etetea eta lan egiten jarraitzeko deia egiten genion”.

Oraindik erabaki behar dira antolatuko diren ekimen zehatzak, baina, besteak beste, gogora ekar daitezke iaz egindako Hiruburuak (politikarien, teknikarien eta gazteen artean topaketak) eta hauetan sortu ziren ondorioak zabaltzeko festa. Bi ekintza horiek bideo honetan ikus daitezke.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .