Emakume gazteak eta lan-mundua Hiruburua

Hiruburuaren ostean: “genero ikuspegia txertatzeko beharra”

Atzo burutu zen Gasteizko El Pilar Gizarte Etxean “Emakume gazteak eta lan-mundua” Hiruburua non gazteak, politikariak eta teknikariak elkartu ziren gaiari, honen arazoei eta hobekuntzarako proposamenei buruz hitz egiteko. Ondorio nagusia genero ikuspegia txertatzearen beharra izan zen.

Ideia berriak, jada dauden proposamenei kritikak, erabiltzen diren tresnen hobekuntzarako proposamenak. Emakume gazteek lan-munduarekin duten harremanaren hobekuntzarako hainbat ideia eta iritzi agertu ziren; baita antzekotasunak taldeen barnean ere.

Baina, ondorio argi bat atera bazen, beste guztiak antolatzen dituena eta hauekiko zeharkakoa dena, hori da genero ikuspegia txertatzeko beharra lan-munduaz pentsatzen dugunean eta lan-munduaren diseinuan, eraikuntzan eta kudeaketan aritzen garenean.

Genero ikuspegia lan munduan

Hau dela-eta, ez da harritzekoa proposamenen artean administrazioei dagokionez Enplegu, Gazteri eta Berdintasun arloen arteko lankidetza azpimarratzea ezinbesteko tresna gisa. Horrela berma baitaiteke benetako begirada barne-hartzailea.

Neurri konkretuagoetara pasata, ez ziren soilik emakume gazteen kontratazioa hobetzeko eta mantentzeko neurriak agertu. Are gehiago, neurri hauek ebaluatzeko eta birdiseinatzeko ideiak agertu ziren: ziurtatzea neurriek enplegu duinak sortzen dituztela, kontuan izanik ere bizitza pertsonal eta profesionalaren kontziliazioa ardatzetako bat izan behar dela, etab.

Honetaz gain, oraindik ere ziurtatuak ez dauden eskubideez ere pentsatu behar dela ondorioztatu zen, bereziki lan-arloko baldintzez, eskubideez eta ekintzaileei eskainitako babesaz ari garenean. Oraindik ere genero ikuspegiak ez baitu, hitz egindakoaren arabera, behar besteko presentzia hitzarmen kolektiboak eta bestelako langileria babesteko tresnen diseinuan.

Gainera, argi utzi zuten partaideek ere, behin ikasketak burututa, eta sektoreen generizazioa egonik, badaudela ere berdintasunaren alde egin daitezkeen beste hainbat esfortzu. Ohikoak diren kuoten ordez, taldean azpimarratu zen nola norbanakoei eta bere gaitasun pertsonalei zuzendutako aukeratze-prozesuak eta ebaluazioa ereduak eraikitzea ere tresna baliagarri bat den.

Informazio dezente iruditu bazaizue, hau hasiera besterik ez da! Hiruburuan lortutako ondorio guztiak batu egingo ditugu eta urte honetan zehar burutzen ari garen ikerketarekin batera aurkeztuko ditugu. Txosten honen helburua “emakume gaztea” izateak ekartzen dituen zailtasunak azaleratzea da, eta, honekin batera, hauek eteteko proposamenak eta neurriak luzatzea.

Hau esanda, artikulutxo hau itxi nahi dugu ikerketa honen ezinbesteko izan den Hiruburua posible egin duzuen guztioi gure esker ona adieraziz. Datuak eskuragarri jarri zituztenei, antolaketan lagundu zigutenei, eta, nola ez, interesa adierazi eta, bereziki, hitzordura bertaratu ziren parte-hartzaileei!

Eguneko argazkiak ikusi nahi izanez gero hemen dituzu

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .