Hemen da Pobreziaren aurkako astea. Parte hartu!

Pobreziaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta (urriak 17), Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak eta beste hamaika kolektibo eta eragilek* bidegabeko errealitate honekin bukatze aldera nazioartean luzatutako deiarekin bat egitera animatzen zaituztete.


Prentsa oharra:

Urriaren 13tik 21ra ospatuko den Pobreziaren aurkako Astean

Gizarte justuago bat lortzeko alternatibak eta kontsumo ohitura berriak proposatzen dituzte hainbat kolektibok

Aberastasunaren aurka jo, orain! lelopean Euskadiko zenbait kolektibo kalera irtengo dira denontzako gizarte justuago bat aldarrikatzeko.

• Ez gara krisitik aterako etengabeko kontsumoan oinarritutako mugagabeko hazkunde ekonomikoa sustatzen badugu. Egoera honetatik irteteko, tokiko bizi- eta kontsumo-ohitura justuak aldarrikatu behar dira, herritarren benetako premiak asetzen dituztenak.

• Mundu osoko 1.300 milioi pertsona euro bat baino gutxiagorekin bizi behar dira egunero; horrek esan nahi du zerbait gaizki egiten ari garela. Aberatsenen %10a munduko aberastasunaren %85aren jabe da, eta horrek ez gaitu epel utzi behar. Euskal biztanleriaren %19a pobrezia edo bazterkeria arriskuan bizi da, eta horrek ekintzara bultzatu behar gaitu!

 

Bilbon, 2011ko urriaren 13an. Urriaren 17a Pobreziaren eta Bazterkeria Sozialaren aurkako Borrokaren Nazioarteko Eguna da. 2005etik hona, hainbat ekintza garatu dira nazioartean eta Euskadin ere pobrezia desagerrarazteko neurri eraginkorrak hartu beharraren premiaz kontzientziatzeko.

Pobreziaren aurkako Astearen deialdia egiten duten kolektiboek adierazi dutenez, “krisi global honek agerian utzi du sistema kapitalista eta patriarkalak pobrezia eta bazterkeriaren adierazpen berriak baino ez dituela sortzen gero eta sektore zabalagoetan, bai gure gizartean eta bai mundu osoan, bereziki gazte, emakume eta etorkinen artean”. Kolektibo hauek azaldu dute krisi honen jatorria sisteman bertan dagoela; sistema bat, biztanleriaren zati txiki baten aberastasuna lehenesten duena gehiengoaren pobretzearen eta planetaren hondamendiaren gainetik. Baita ere salatu dute paradoxikoki gobernuek doikuntza eta murrizketa sozialeko politikak abiarazi dituztela eta hazi egin direla langabezia, prekarietatea eta bazterkeria, besteak beste.

Bozeramaileek politikarien erabakia kritikatu dute, mugagabeko hazkunde ekonomikoa proposatu dutelako krisiaren konponbide bezala. “Politikariei berdin zaie nola eta zertarako hazi. Kontua haztea da. Baina mugagabeko hazkunde ekonomiko horrek berekin dakar neurririk gabe ekoitzi eta kontsumitzea, gure premiak zalantzan ez jartzea eta baliabide natural eta fosilak neurriz gain ustiatzea. Beraz, egungo egoera konpondu beharrean, mugagabeko hazkundeak pobrezia eta desberdintasuna sortzen duen sistema hau iraunaraziko du”. Pobreziaren aurkako Aste honetan zehar, antolatzaileek kalera irten eta benetako premiak asetuko dituzten tokiko bizi- eta kontsumo-ohitura justuak aldarrikatzeko deia luzatu diete herritarrei. Aipatu duten moduan, “mundu osoan euskal herritarren maila berean biziko bagina, 3 planeta beharko genituzke munduko biztanle guztiak hornitzeko”. Baliabide mugatuko planeta batean bizi garenez, zentzugabekeria hutsa da baliabide mugatu horien ustiapenean oinarritutako mugagabeko hazkunde ekonomikoa sustatzea. Deialdia egiten duten kolektiboek adierazi dutenez, sistema honek ez digu zorionik ematen Iparraldeko herrialdeei, aitzitik gurpil zoro batean sartzen gaitu, lan gehiago egin behar baitugu gehiago gastatzeko eta zoriontsuago izateko. Kritikatu dute ere “zorigaitza, depresioa, bakardadea, indarkeria… horiek direla gizarte ustez garatu honetako gaixotasun ohikoenak. Horrela beraz, sistema honek ere ez du bermatzen pertsona guztion ongizatea ez eta denontzako bizimodu duin eta iraunkorra ere”.

Egoera honen aurrean, bozeramaileek prentsaurrekoan adierazi dute ez dagoela krisi txarragorik itxaropen, mobilizazio eta elkartasun eza baino. “Gure esku dago etorkizun eta mundu justu eta solidarioago bat eraikitzea. Lehen urratsa hazkundearen, kontsumoaren, produktibitatearen edo lehiakortasunaren mitoetatik ihes egitea da. Bat egin behar dugu aberastasuna ekitatiboki banatzen duten bizi-ereduekin, ingurumena errespetatu behar dugu eta denontzako bizimodu duina aldarrikatu behar dugu egoera honetatik irteteko. Gizarteak mobilizatu egin behar du eta egoera hau salatu, injustizia sortzen duten gaur egungo politika hauek aldatu nahi baditugu”. Horrez gain, herritarrek gure gizarteen eta gure munduaren norabidea aldatzeko lanean ari diren mugimendu sozialen bidez parte har dezaketela azaldu dute. Bestalde, aldaketaren benetako indarra eguneroko bizitzan dagoela nabarmendu dute, bakoitzak erabaki baitezake zer egin nahi duen bere diruarekin: espekulatzeko erabili, armetan inbertitu edo pobretuta dauden herrialdeak are gehiago zorpetu. “Gure inguruan badira proposamen alternatibo batzuk, hala nola, banka etikoa, kontsumo kontziente eta arduratsua edo desazkundea, eta herritar guztiekin partekatu nahi ditugu Pobreziaren aurkako Aste honetan”. Euren hitzetan, “mobilizaziorako deia egiten diogu gizarteari, pobrezia eta desberdintasunaren aurkako neurri zehatz eta eraginkorrak lortzeko”.

Era berean, Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Diru Sarreren Bermerako Errentaren (DBE) Legearen aldaketaren aurrean Euskadiko hainbat erakunde eta gizarte sarek egin duten salaketa babestu dute. Laburbildu dutenez, “gizarte-ongizatea optimizatu eta iruzurrarekin bukatzeko aitzakiarekin, kontsensu-politiko zabalarekin 2008an onartutako Legearen espiritua aldatu da” eta, ondorioz, “babesaren eta gizarte-bermearen aldeko apustu bat izatetik, pobreziaren kriminalizazio elementu izatera pasatu izan da”.

Hori guztiagatik, kolektiboek kalera ateratzeko deia luzatu dute, Aberastasunaren aurka jo, orain! lelopean, uste duelako “ezin dela pobrezia kontrolatu ez bada aberastasuna kontrolatzen, batik bat kontuan hartuta baliabideak mugatuak direla”. Eta azpimarratu dute “berehala hasi behar dugula aberastasunaren, pilaketaren eta xahutzearen aurka borrokatzen”.


Antolatzaileak:

ARABA: Coordinadora de ONG de Desarrollo de Euskadi/Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundea, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua/Consejo de la Juventud de Euskadi, Asociación Amigos/as de la RASD/SEADaren lagunen elkartea, Paz y Solidaridad, Mundubat, Jolas eta Ekin (Serso/Tierra de Hombres/Save the Children), Harresiak Apurtuz, Alboan, medicusmundi Araba, Decrecimiento-Gasteiz en transición, STEE-EILAS, ESK, Euskalerriko Eskautak, Traperos de Emaús, Solidaridad Internacional, Comunidades Cristianas, Fe y Justicia, Setem Hego Haizea, Colectivo Bachúe, Manos Unidas, Adsis, Haurralde, Misiones Diocesanas y Tierra de Hombres-Gizakien Lurra.

BIZKAIA: Coordinadora de ONG de Desarrollo de Euskadi/Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundea, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua/Consejo de la Juventud de Euskadi, REAS EUSKADI Red de Economía Alternativa y Solidaria/Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea, Red europea de lucha contra la pobreza EAPN-Euskadi / Pobreziaren aurkako Europako sarea.

GIPUZKOA: Plataformas pobreza cero / Zero Pobrezia plataformak.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .