Gazteria eta Etxebizita (Hizpideak 5) azala

Hamar gaztetatik zortzi ezin dira emantzipatu!

  • Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren azken txostenak jasotzen duenez, 18 eta 29 urte bitarteko gazteen %20a baino ez da gurasoen etxetik joan
  • Etxebizitza Lege berria diseinatzeko prozesu parte-hartzaile sakonagoa eskatu du Gazte elkarteen plataformak, eta bideratutako esku-hartze formulak gaineztatzeko deia egin die gazteei

Bilbon, 2011ko otsailaren 17an. Gazteen emantzipazio tasa “oso kezkagarria izaten jarraitzen duela” ohartarazi du gaur prentsa ohar baten bitartez Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK). Gazte elkarteen sarearen azken txostenak jasotzen duenez (Hizpideak 5), 18 eta 29 urte bitarteko pertsonen %20a baino ez da gurasoen etxetik joan, Gazteen Euskal Behatokiaren datuen arabera . Hau da, hamar gaztetatik zortzi “emantzipatu ahal izan gabe jarraitzen dute”.

Arrazoi nagusia “etxebizitzaren prezio altua da oraindik ere”. Eta, zehazkiago, “alokairuzko etxebizitzen errenta altua”, EGKren hitzetan. Hain da horrela, ezen “emantzipatzen direnen artean gehienek etxebizitza bat erosten baituten”, alokairua alboratuta. Zehatz-mehatz, gurasoen etxea uzten dutenen %75,3ak pisu bat erosten du. Izan ere, “orokorrean alokairuaren kuota hipotekaren berdina izaten baita”. Horregatik, “alokairuaren aldeko apustu ausarta eta irmoa” egiteko eskatu dio EGK-k Eusko Jaurlaritzari. Ildo horretan, Etxebizitza Lege berriak alokairua sustatzeko neurriak aurreikusten dituela aitortu duen arren, “apustua indartsuagoa izan behar duela” adierazi du, 2013an oraindik ere etxebizitza parke publikoaren %40a baino ez baita egongo errentan. Eta hori, kontuan izanik merkatuan dauden pisu guztien (pribatu zein babestu) %12a baino ez dagoela alokairuan . Testuinguru honetan, “etxebizitza babestu berri guztiak alokairuzkoak izan daitezen” planteatu du gazte sareak.

Proposamenak

Alokairuzko pisu babestuen alde egitea da Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak bere azken monografikoan jasotzen dituen hamar proposamenetako bat. Horrez gain, “etxebizitza eskubide subjektiboa” izan dadin proposatzen du; hau da, bizileku-premia duten pertsona guztiek eskatu lezaketen eskubidea. Bestalde, EGKren iritziz etxebizitzarekin zerikusia duen guztia kudeatuko lukeen enpresa publikoa sortu beharko litzateke (ikuskaritza eta behatoki funtzioak bere baitan hartuko lituzkeena), bai eta komisiorik kobratu gabe kudeaketa-zerbitzuak emango dituen udal mailako etxebizitza-ordezkaritza bat. Gainera, etxebizitza aurrekontua orekatzea eta gehiago handitzea eskatzen du (osasunerako eta hezkuntzarako aurrekontuekin parekatzeko), eta, horretarako, etxebizitza bat erosteak duen desgrabazioa pixkanaka kentzen joatea planteatzen du, hala nola jabetzako bigarren bizilekuari tratamendu zorrotzagoa ematea.

Proposamen zerrenda honetan beste bat ere barnebildu du EGK-k: hiri errentamenduen legea aldatzea, maizterrei eta errentatzaileei lege-babes eraginkorragoa emateko. Honako eskaera hauek ere egin ditu: etxebizitza hutsak alokairura bideratzea (erroldak eguneratuz, pizgarriak emanez, zigor-neurriak ezarriz), etxebizitza babestuak esleitzeko metodoa berriz planteatzea (zozketa bidezko kupo-sistematik premiak eta beharrak oinarritzat hartuko dituen sistemara pasatzeko, sektore baztertuenak lehenetsiz), eta merkatu libreko prezioak erregulatzeko esku-hartzea.

Etxebizitza Lege berria

“Proposamen hauek guztiak dauzka Gazteriaren Kontseiluak, baina, tamalez -adierazi dute bozeramaileek-, Etxebizitza Lege berriari ekarpenak egin ahal izateko prozesu parte-hartzailea hertsia da”. Zurekin etxebizitza egiten dugu lelopean Eusko Jaurlaritzak abiatu zuen parte-hartze kanpainak -zeina urtarrilaren 21ean hasi baitzen eta apirilaren 15era arte luzatuko baiten-, “on-line parte hartzea (foroak, deskargak, inkestak) lehenetsi du, eta oraingoz ez du aurreikusten aurrez-aurreko eztabaida saiorik eta gizarte-eragile ezberdinen arteko topaketarik”. Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialean (2010-2013) eta dokumentu hori izenpetu zutenen gainean eraiki da parte-hartze prozesu hori, eta Itun horrek, EGKren aburuz, “gizarte-eragile askoren parte-hartze erreala saihestu zuen, elite ekonomikoekin eta eraikuntzaren sektorearekin harreman estua eta pribilegiozko tratua mantendu zuen bitartean”. EGK-k, beste sindikatu eta elkarte askok bezala, ez zuen Ituna izenpetu. Dokumentu hori, bestalde, Etxebizitza-Plan Zuzendariarekin lotuta dago; plan hori diseinatzeko 15.748 pertsonek parte hartu zuten, eta 30 proposamen baino ez ziren hezurmamitu.

Hori dela eta, batetik, “bideratutako parte-hartze formulak gainezkatzeko deia” egin die EGK-k gazteei. Eta, bestetik, Hizpideak txostenak jasotzen dituen “emantzipazio tasa kezkagarriak” konpontze aldera, “prozesu parte-hartzaile zabala eta errotikoa” abiatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, “gazteen eta gainontzeko herritarren beharren araberako Etxebizitza Legea egin ahal izateko”. 

Gazteria eta etxebizitza: Hizpideak 5 [PDF]

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.