Indarkeria Politikoa eta Giza Eskubideak Euskal Literaturan ekitaldiaren ondorioak - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

“Indarkeria Politikoa eta Giza Eskubideak Euskal Literaturan” ekitaldiaren ondorioak

Pasa den astelehenean, abenduaren 11an, Indarkeria politikoa eta Giza Eskubideak Euskal Literaturan ekitaldia antolatu genuen Ordizian, Dar-Dar Produkzioak kooperatiba artistikoarekin batera.

Ekitaldiaren helburua literaturak orokorrean, eta euskal literaturak partikularrean, motibazio politikoko indarkeriak utzitako ondorioak ulertzerako orduan jokatzen duen paperaz hitz egitea izan da.

Horretarako, gonbidatu bereziak izan genituen gurekin: Patxi Zubizarreta, Edurne Portela eta Iban Zaldua idazleak hain zuzen ere. Hirurek idatzi dituzte indarkeria politikoa jorratzen duten lanak hainbat erregistro erabiliz: saiakera, nobela edo ipuina.

Ekitaldia idazleek osatutako mahai-inguru batekin hasi zen. Hauek izan ziren lehenengo ordubetean gonbidatuei egin genizkien galderak:

  • Zein da literaturak jokatzen duen papera gure testuinguruan izandako motibazio politikoko indarkeriak utzitako ondorioak ulertzeko? Eta ondorio horiek kritikoki aztertzeko?
  • Literaturak eralda dezake gure sentsibilitatea? Hizkuntzak aurre egin diezaioke ankerkeriari?
  • Zein paper uste duzue jokatu beharko lukeela literaturak memoria kolektiboaren berreraikuntza prozesuan?
  • Nola jorratu ditu euskal literaturak motibazio politikoko indarkeriari loturiko istorioak?

Solasaldian hitz egin zena jarraitzeko interesa baduzu, hemen ikus dezakezu!

Ekitaldiari jarraipena emateko, dinamika parte-hartzaile bat egin genuen. Horretarako, publikoko pertsonekin hiru talde egin genituen eta idazle bakoitzak bere liburu baten pasarte bat irakurri zien talde bakoitzeko kideei: Patxi Zubizarretak Pikolo ipuinaren pasarte bat irakurri zuen; Edurne Portelak Mejor la ausencia nobelako kapitulu bat; Iban Zalduaren kasuan, Ese idioma raro y poderoso saiakerako pasarte bat.

Ekitaldiaren ondorioak

Liburu horiek, estilo eta eduki desberdinekin, indarkeriarekin lotutako gertakariak jasotzen dituzte eta horrek parte-hartzaileengan gogoeta bat piztu zuen. Solasaldi horretatik ateratzen ditugun ondorio garrantzitsuenak partekatu nahi ditugu zurekin:

  • Euskadin indarkeria politikoak sortutako ondorioak kritikoki aztertu eta ulertzeko horrelako gune edo espazio horizontal gehiago sortzearen garrantzia.
  • “Iraganean isilik egonda gehiago lortzen zen hitz egiten baino”. Hori berriro gerta ez dadin ahalik eta istorio gehien irakurri eta kontatu behar ditugu. Istorio pluralen kontaketak iraganean gertatutakoa ezagutzea posible egiten du eta gure artean orain arte izan ez ditugun elkarrizketak sustatzen lagunduko du.
  • Iraganean isiltasuna egunerokoaren arma zen. Errealitatea makillatzen zuen eta ez zigun gertakariak ulertzen uzten. Liburu hauetan irakurritakoak sortzen dituen gogoetek isiltasun horri aurre egin diezaiekete.
  • “Literaturak tabuari hitza jartzen dio; hori da literaturak jokatzen duen paper garrantzitsua”.
  • Bestearen egoera ulertzeko sentsibilitatea landu behar da eta literaturak hori ahalbidetzen du. Bestearen esperientzia imajinatzen eta ondorioz, ulertzeko ahalmena eskaintzen du. Sentsibilitateak pertsonaren duintasuna aitortzera eraman gaitzake.
  • Literaturak gure emozioak kanpora ateratzeko aukera ematen digu.

Irakurri duzu hemen aipatutako libururen bat? Eta Euskadin gertatutako motibazio politikoko indarkeria gainean beste libururik ezagutzen al duzu? Uste duzu literaturak laguntzen gaituela gertatutakoa ulertzen? Zure iritzia edo gogoeta EGKrekin partekatu nahi baduzu idatzi bakea@egk.org helbidera edo deitu 943 42 97 67 telefonora!

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.