Bilboko eraso sexista salatzen dugu

Gernikako erasoa bortizki deitoratzen dugu

Argi dago hau ez dela uda lasai bat izaten ari. Edo, behintzat, optimistak izanda pentsa dezakegu egun ez dagoela salaketak ez burutzeko arrazoirik. Alegia, emakume gazteok pairatzen ditugun erasoak salatzeko ahaldunduta gaudela eta ez dugula ez lotsa ez beldurrik sentitzen. Logikoa den bezala eta izan behar den bezala. Ordea, gizonezkoek, bereziki gazteek, oraindik ere erasoak burutzea emakumeen aurka lotsagarria eta onartezina da, gau honetan bertan 28 urtetako gazte batek Gernikan egin duen bezala. EGKtik Gernikako erasoa bortizki deitoratzen dugu.

Ezinbestean azpimarratu behar ditugu gertakariaren xehetasun hauek onespenaren garrantzia azpimarratzeko. Desioen eta harremanen eremuan, inork ez digu ezer zor eta guztiok gara askeak ezetz esateko edozein momentutan, inongo ondoriorik gabe. Emakumeen ezetza ez errespetatzea Indarkeria Matxista da, baina baita beraien mugak kritikatzea eta slut shaming-a. Horregatik, Gernikako erasoa eta gero EGK-k oroitu nahi du EZ ezetz dela! Eta behar den guztietan errepikatuko dugu horrelako erasoak bortizki deitoratzen ditugula.

Testuan dauden onespena eta Slut-Shmaing kontzeptuen definizioa

Hau esanda, lehenik eta behin, EGK-k Gernikako erasoa jasan duen emakumezkoari bere elkartasuna adierazi nahi dio baita bere ausardia txalotu ere salaketa egiteagatik.

Bide batez, argi utzi nahi dugu kasu honetan ez gaudela 1/2004 Legeak Genero Indarkeria moduan ulertzen duen kasuetariko baten aurrean eta ez dugula, inondik inora, babes falta hau ulertzen. Emakume izanagatik bizi ditugun gure ongizatearen aurkako eraso guztiak izan beharko bailirateke Genero Indarkeria bezala ulertuak. Emakume erasotu baten eta beste baten arteko desberdintasunik egin gabe.

Oraindik ere gazterian hain larri eta latza den Indarkeria Matxista ematea guztiz onartezina deritzo Kontseiluak eta eskatzen du, lehenbizi, justizia egin dadila.

Indarkeria Matxistak errealitate bat izaten dirau gure gizartean, baita ere gure gazterian. Baina honi aurre egiteko ezinbestekoa da ez soilik erasotzaileek beraien ekintzen erantzule izatea; baita gazteria aktiboki honen aurka posizionatzea eta hau sustraitzen duen matxismoaren aurka lan egitea.

Izan ere, salaketen kopuruak kezkagarriak dira oso:

2014ko zenbakiak

  • Emakume gazteen aurkako indarkeria tasa globala %7,7ra iritsi zen gazterian (30 urtetatik aurreragoko emakumeena bikoiztuz).
  • Emakume gazteek 1000 salaketa baino gehiago ezarri zituzten

Esan bezala, Indarkeria honek ez ditu biktimak bakarrik mintzen, emakume gazte guztiongan eragina du, gure bizitzaren askatasunaren eta ongizatearen aurkako erasoak ere baitira. Honen froga da emakume gazteen %32,2ak (2012an) adierazten duela beldurra ematen diola kaletik gauez bakarrik ibiltzeak, gizonezkoen tasaren laukoitza lortuz. Gainera, zifra honek gora egin du neurtzen hasi zenetik 2000an.

Hobetze eskaerak

Hau dela eta, EGK-k ondoko eskaerak ditu arazo honen kontra borrokatzen joateko:

Alde batetik, Administrazioari:

Harrera juridikoari dagokionez:

  • Tratu, neurrien ezarpen eta kontrolaren hobekuntza; hauek biktimaren ongizate integral bat bidera dezaten.
  • Legediaren eraldaketa edo honen eraldaketaren eskaera: Genero Indarkeria kontzeptu juridikoak ez ditu Indarkeria Matxistaren biktima guztiak barne hartzen. EGKtik eskatzen da gizon batek burututako emakume batenganako (emakume izateagatik) edozein eraso barne hartzea.
  • Salaketaren estigmari eta prozesu honen baitan dauden kalteei (iraupena, zalantzan jarria izatearen esperientzia…) erantzuna ematea.

Prebentzioari dagokionez:

  • Hezkuntzatik hasi. Hezkuntza sozializazio prozesu oso gisa ulertu eta, ikuspegi honekin bat doan hezkidetza bermatu:
    • Zeharkakoa izatea eta gizarte eragile guztiak barne hartzea.
    • Adin guztietan lantzea eta sakonki lantzea: gai desberdinak behar besteko arretaz jorratuz eta gaien arteko loturak erakutsiz (genero rolak, adimen emozionala, negoziazioak, maitasun erromantikoa…)
    • Sentsibilizazioak eta bestelako efektu ekintzak burutzea.
  • Ikerketak eta datuak. Prebentzio neurrien diseinuaren hobekuntzari begira datu eta ikerketa eguneratuak ziurtatu.
  • Behatokien hobekuntza. Behatoki propioetan erabiltzen ari garen Indarkeria Matxista kontzeptua txertatu eta emakumeenganako eraso mota guztiei buruzko informazioa jaso.

Arazoaren trataerari dagokionez:

  • Bereizketa faktore anitzen intersekzioaz eta honen inpaktuaz arduratu.

Bestetik, gazteriari:

  • 0 Tolerantzia eta inplikazioa.
    • Erasoen aurrekari diren jarrera Matxistei frenoa bota.
    • Erasoen testigu izatean, ez isildu, ekin eta luzatu laguntza biktimari.
    • Biktima bazara, zure bizitza berreraiki dezakezu eta horretarako, izan ezazu argi, ez zaude bakarrik. Zurekin gaude.
  • Indarkeria Matxista eta honen sustrai diren beste indarkeria eta jarreren aurka ekin.
    • Norbere burua eta ingurugiroa kritikoki aztertu eta eraldatu parekidea izateko.
    • Indarkeria Matxista edota honen ideologiarekin harremana duten Indarkeriei aurre egin (Indarkeria LGTBI+fobikoa, maitasun erromantikoan oinarritutako bikoteen arteko indarkeria…).
  • Berrikasi, berrantolatu eta berdintze konpromisoa. Kontuan izan Indarkeriaren sustrai estrukturala eta honen gainean ekin. Berdintasuna guztion artean lortuko dugun zerbait da eta!

Indarkeria Matxista egitura eta ideologia patriarkalaren alderik ikusgarriena da; bitartean, iceberg-a bailitzan, milaka eguneroko jarrera eta portaera daudelarik ere ezkutuan. Hauek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren aurka egiteaz gain, beste hainbat harreman ere kutsatzen dituzte, topaketa eta elkar-aberaste harremanak izan beharko liratekeenak joko posesiboan eta norgehiagokan bilakatuz.

Pentsamolde eta ekite hauek ez dute baimentzen emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunean oinarritutako gizarte baten eraikuntza, non sinergia eta elkarbizitza ziurtatuak dauden.

Hau dela eta, gertatutakoaren salaketa honen bitartez Gazteriaren Kontseiluak gazterian ere ematen den matxismoa salatu eta emakume eta gizonezkoen berdintasuna ezinbesteko, oinarrizko eta zeharkako duen gazteriaren eraikuntzan konpromisoa berresten du. Gernikako erasoa eta antzeko gertakariak atzerapauso argia dira.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .