Gazteriaren aniztasunak politika publikoetan erreflexua izan behar du - Gazteberri aldizkaria

Gazteriaren aniztasunak politika publikoetan erreflexua izan behar du

Hasi berri den urte hau hainbat hauteskunderen eta, ondorioz, kanpainaren urtea izango da. Mahai-gainean gai mordoa jarriko dira, bai alderdi politikoek euren programen bitartez aurkeztutakoak bai hedabide, eragile sozial edo norbanakoek kanpainan euren ardura, behar eta proposamenak txertatzen saiatuko direlako.

Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) guk ere gure ekarpenak egingo ditugu. 33 urtez egin dugun bezala, ahal dugun espazio, foro eta aukera guztietan gazteon beharrak nabarmenduko, proposamenak azalduko eta ardurak gogoraraziko ditugu. Hedabideetan egiten dizkiguten elkarrizketa eta erreportajeetan, gazteoi eragiten diguten Indarkeria Matxista, LGTBI+fobikoa edo lan-istripuak salatzeko aktibatzen ditugun protokoloetan, Eusko Legebiltzarrean egin ohi ditugun agerraldietan, administrazioko arduradun politikoekin ditugun bileretan eta egindako proiektuak gizarteratzeko antolatzen ditugun ekitaldietan.

Gazteria krisi ekonomikoaren aurrean

Krisi garaia gehien pairatu duen kolektiboetakoa izan da gazteria. Askotan aipatu dudan bezala, gure baldintza sozioekonomikoak 2008. urtearen aurrekoak baino okerragoak dira eta, adreiluaren burbuilak eztanda egin zuenetik, administrazioetatik bideratu diren neurri guztiek ez diete gure beharrei behar bezala erantzun.

Urte guzti hauetan hainbat politika publiko jarri dira martxan, esaterako, enplegua sustatzeko. Eta datuak modu hotzean aztertuta egia da emaitza eman dutela: langabezia azken urteetan jaitsi egin da. Baina, nolakoa da sortutako lanpostu horien kalitatea? Zein da kontratazio modua? Zein langileari eskainitako lan baldintzak? Galdera horiek ere buruan izan behar dira politikak diseinatzerakoan, ezin da soilik irizpide kuantitatiboa izan buruan. Hau da, paper zuriaren aurrean esertzerakoan gazteriaren zeharkakotasuna ezin da ahaztu. Diseinatzen diren ia politika guztiek eragiten digute. Baliteke guretzat zuzenean ez egotea diseinatuta edo hau egiterakoan eragina nahigabekoa izatea, baina ematen da. Horretarako, politika publiko horiek beren helburua benetan erantzun dezaten, beharrak ase eta albo-kalteak sor ez ditzaten, zerbitzu, alor eta administrazio ezberdinen arteko koordinazioa buruan izan behar dira.

Gazteria anitza da eta horrek gizartea aberasten du

Era berean, gazteriak berezkoa duen eta gizartearentzat oso aberasgarria den aniztasuna kontuan izan behar da. Ezin da politika orokor eta bakarra egin, barnean hainbat berezitasun dituen kolektiboa baita gazteria. Lurralde antolaketa kontuan izanda lurralde ezberdinak, hiri eta herriak, landa eremuak bereiz ditzakegu; zoritxarrez generoa oraindik ezberdintasunak sortzen dituen ezaugarria da Indarkeria Matxista kasuek edo ezberdintasun ekonomikoek (segregazio horizontala, soldata arrakala, kristalezko sabaia, etab.) argi erakusten duten bezala. Zer esanik ez askotan aipatu egiten ez diren aniztasun funtzionala duten pertsonen kolektiboak edo migrazioak dela-eta egun Euskal Autonomia Erkidegoan daukagun aniztasun erlijioso eta kulturala. Gazteria ez da bat eta bakarra, argi dago.

Gainera, hau azaleko analisia besterik ez da. Baliabide gehiago behar dira ikerketa sakonagoak izateko, mahai-gainean jarriko diren datuak ahalik eta eguneratuak eta zehatzena izateko, aipatutako aniztasuna kontuan izanda. Soilik horrela lortuko da diagnosia egin ostean egoera hobetzeko diseinatuko diren politikak zuzenak izatea. Ez baitu zentzurik 2018-2020 tarterako politikak 2015eko datuekin diseinatzeak.

Azkenik, administrazio publikoetatik zehaztutako neurrietan aipatutako kolektiboei ahotsa ematea oso garrantzitsua da. Baina benetako asmoarekin, ez soilik prozesua zuritzeko. Etapa orotan presentzia bermatuz —diseinua, bilakaera edo gauzatzea eta ebaluazioa— eta sustatuz. Ea 2019an mahai-gainean jarriko diren proiektuetan hala izatea lortzen den.

Maialen Olabe, EGK-ko presidentea
2019-01-30
Artikulu originala Gazteberri aldizkarian

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.