Gazteria: amorrua eta gorrotoa, maitasunez - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

Gazteria: amorrua eta gorrotoa, maitasunez

Nor garen, zertan datzan gure bizitza, nora goazen, zertarako… buruan bueltaka ibilitako betiko kontuak, milaka aldiz asaldatutako ohiko galderak dira gazteontzako. Dudak, ezinegonak, amorrua, gorrotoa eta maitasuna. Ezaugarriok definitu dezakete munduko edozein txokotan jaio, hezi eta heldutzen doan gaztea, gazteria.

Mundura iritsi eta gurasoak, eskola, eta lagunak hartzen ditugu lagun eta etsai gure heziketa-jendarteratze prozesuan. Beraiekin amestu, pentsatu eta ikasten dugu, beraiengandik hartzen ditugu etorkizunean baliagarri zaizkigun ikus-ezinezko tresnak. Onerako zein txarrerako, gizarteak ereindako hazien landareak gara, izaki-sozialak gara.

Horrela, gure existentziaren kolorea margotzen goaz, bizirik eta bizitzeko gaudelaren kontzientzia hartzen, alegia. Baina bizi, zertarako? Zaila da galdera horri erantzuten ahalegintzea, are zailagoa beraz, erantzun bakarra eskaintzea. Bizi garen mundu-txoko-txoro honetan arrazoiak bilatu eta ez aurkitzea gauza normala bilakatu zaigu zoritxarrez. Gure bizitza erosi edo saldu daitekeen produktua bihurtu denean, berarengatik hil arteko konpetentzian sartzerakoan, zer inporta dezakete galdera eta kontraesan guzti hauek?

Froga dezagun bada kontrako jarduera eginez. Errazago suerta daiteke bizitzan, bizitzeko zer ez dugun nahi identifikatu eta berau aldatzea. Hori da hain zuzen ere, gure minak, tentsioak eta frustrazioei aurre egiteko geratzen zaigun arma bakarra, garatu beharrean gauden bizirauteko egintza. Emandako pausoengandik autokritikaz ikasi eta berriak umiltasunez konkistatzeko, gure buruetatik hasi eta gure ingurura begiratzea ez da ariketa makala. Hortik abiatzea ezinbestekoa izaten da bestelako herri-komunitate baten zentzua zabaldu eta iraultzeko, bestelako mundu bat eraiki ahal izateko.

Iragana, aipatu bezain laster forma hartzen duen orainaren lehenaldia da, esku artean soma ditzakegun kontzeptuak dira beraz: bizi izandako oroitzapenak eta momentuko gertaerak. Nolabait, erreza izan daitake hauek aztertzea. Baina, etorkizuna? Alboetara so egin, galdera hausnartu eta puff! kaxa ilun bat bezalakoa da gazte-begientzat. Ez dauka fondorik, astuna eta handiegia da ilusioa lapurtu diguten gazteontzako. Gure bizitza, erosi edo saldu daitekeen produktua bihurtuta, berarengatik hil arteko konpetentzian sartzerakoan, zer inporta dezake etorkizunak?

Etxebizitza eskubidea, zozketa itsuetan lurperatua dagoen honetan, lanaren kontzeptu prekarizatua enplegatuek bakarrik ezagutzen dutenean, aisialdi eredu autogestionatua isilarazten saiatzen direnean edota injustizia hauek guztiak salatzeko bideratzen den gazte antolakuntza kriminalizatua dagoen honetan, zertarako etorkizunaz hitz egin?

Egungo errealitatea gordina bada ere, ez gaitzatela ilusioa eta borrokarako grina zapuztu, burua galdera eta mugaz beterik dugun arren, ez dezagun bihotza epeldu. Gazteok, zutik mantentzeko beharrean gaude, pertsona eta herri bezala garatu ahal izateko, zapalduen arteko elkartasuna elikatzen jarraitzeko, gure ondorengoei justiziaren bidea argitzeko, bakoitzarengatik hasita gorrotoa eta amorrua maitasun osoz pizteko… animo eta besarkada handi bat oraindik antolatu gabe zaudeten etorkizuneko bide-lagunentzat, gure mundutxoa elkarrekin aldatzera goaz, merezi du eta!

Eusko News Gaztea astekarian argitaratutako EGKren testua:

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .