salud

Gazteek lan prekarietatearekin amaitzea eskatzen dute euren osasuna babesteko

Gazteek lan prekarietatearekin amaitzea eskatzen dute euren osasuna babesteko

  • Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean (apirilak 28) 16 gazte elkarte, gizarte mugimendu eta sindikatuk bat egin dute EGK-ren baitan gazteen lan osasuna defendatzeko idatzi bat eginez
  • Testuan Mutuen Legea berriak prekarietatean eta lan osasunean izan ditzaken ondorioak salatzen dituzte; besteak, mutuek gaixotasun arruntak ere kudeatzen dituzte orain, lan osasunaren pribatizazioa areagotuz
  • Datu larriak ere gogoratu dituzte: 2013an Euskadin gazteek 7.287 lan istripu arin izan zituzten, 27 larri eta heriotza sortu zuten 4

Vitoria-Gasteiz, 2015eko apirilaren 27a. Lan Osasunaren aldeko Nazioarteko Egunean (apirilaren 28a), “gazteok pairatzen dugun prekarietatea eta honek gure ongizatean dituen ondorio latzak salatu” nahi izan dituzte Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) eta enplegua eta gazteria lan taldean batzen diren hainbat elkartek, kolektibok eta sindikatuk. Aurten bereziki Estatu mailan orain dela gutxi onartu zen Mutuen Legearen arriskuak azpimarratu nahi izan dira. Erreforma hau dela eta, orain arte lan istripuetan izan duten eskuduntzez gain, mutuek gaixotasun arrunten kudeaketa ere jaso dute, eta horrek, osasun publikoaren deskapitalizazio bat suposatu dezake: lanik gabe dauden pertsonek bigarren mailako asistentzia bat izango lukete eta, honen bitartez, osasun publikoa errekurtsorik gabe gera liteke. Gazteon langabezia datu altuak eta kolektiboarekin erabiltzen diren kontratazio formulak direla eta, gazteengan eragin zuzena izan dezake honek.

17 elkartek bat egin dute “Gazteon osasunagatik prekarietatearekin amaitu” lelopean izenpetutako komunikatuan: Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Kale Dor Kayiko hijito elkartea, Ekintza Katoliko Orokorra (EKO-ACG), Juventudes Socialistas de Euskadi (JSE-EGAZ), Juventud Obrera Cristiana (JOC), Ernai, Gazte Abertzaleak, Gazte Komunistak, Meatzaldea bizirik ekologista taldea, Berri Otxoak, Córdoba-ko Gazteriaren Kontseilua, Bilboko Pastoral Obrera, STEE-EILAS, CCOO, ESK, ELA eta LAB sindikatuek.

Gainera, lan postuetan edo enpleguaren erruagatik sortutako osasun galerak isladatzeko hainbat datu gogoratu nahi izan dira, besteak beste, gazteek 2013an zehar (2014ko datuak ez dira oraindik argitaratu) izandako lan istripuak Euskadin: 7.287 arin, 27 larri eta heriotza sortu duten 4, azken hau zorionez urtez-urte jaitsi delarik. Honen harira azpimarratu behar da Laneko Segurtasun eta Osasunerako Osalan euskal Erakundearen datuen arabera “gazteek lan istripu bat pairatzeko duten arriskua batez bestekoaren bikoitza” dela.

Testuinguru horretan, enpleguak, “gizartearen parte izan eta gure buruaz jabetzeko bide bat izan ezean, gero eta modu larriagoan isolamendua eta esplotazioa bultzatzen” duela salatu dute. Ildo berean, “enplegu prekarioek eta enplegu duin baten gabeziak hainbat gaixotasun biologiko zein psikosozial sortzen dituela” nabarmendu dute. Eta, ohartarazi dutenez, azken lan erreformek “are gehiago larritu dute egoera, prekarietatea areagotuz”.

“Erizaintzara zuzenean”

Komunikatua sinatu duten gazte elkarte eta kolektiboek argi utzi nahi izan dute lan baldintza kaskarrek osasuna kaltetzen dutela. “Istripu eta lanpostuetan sortutako gaixotasunez harago doa prekarietatea eta lan osasunaren artean dagoen harremana: gazteontzat enplegua sustatzeko aitzakiarekin eta langabezia eta gizarte bazterketaren mehatxupean, erizaindegira zuzenean bidaltzen gaituzten lan baldintzak onartzera behartzen”, gaituztela azaldu dute.

Zentzu berean, kaltegarritzat dituzten hainbat baldintza zerrendatu dituzte: “prekarietatean formazioa; osasuna eta lan osasunaren pribatizazioa; lan ezegonkortasuna; ez-ohiko formulak (bekak, praktikak, autonomo faltsuak) eta ekonomia ezkutura bideratuak. Horiez gain, administrazio ezberdinek “langabeziaren konponbide gisa Ekintzailetza eta Autoenpleguaren sustatzaile bihurtu direla” kritikatu dute, “formula hauek gazteoi, inolako eskubideren truke, aurre-inbertsio handiak eskatzen dizkigute eta, gorabehera ekonomikoen aurrean egoera zaurgarri batean uzten gaituzte”.

Duintasun sozioekonomikoa

Horregatik guztiagatik, “gazteen duintasun sozio-ekonomikoaren oinarriak ezartze bidean” hainbat proposamen egin dituzte gazte elkarte eta bestelako eragileek: “osasun-eskubidea irizpide ekonomikoen menpe egon ez dadila; gazteak eskubide osoko pertsonak bezala aintzat har ditzatela; aberastasuna eta lana banatu daitezela; lan osasuna eta lan arriskuen prebentzioa benetako helburu bat izan daitezela -eta ez bete beharreko paper bat-; zaintza lanak aintzat hartu eta lan produktiboarekin berdindu daitezela; zergak gizarte inbertsioan erabili daitezela eta gazteon parte hartzea berma dadila.

Era berean, pertsona gazteei mobilizatzeko deia luzatu diete kolektibo eta elkarteek, honako mezuarekin: “Gure osasuna eta gure eskubideen alde: mobilizatu gaitezen!”.

MANIFESTU OSOA HEMEN IRAKUR DEZAKEZU:

2015ean EGK-k kaleratutako Lan Osasun Manifestua

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .