Participación social: 9 tendencias

Euskadiko gazteen erdiek baino gehiagok parte-hartze sozial altua edo ertaina dute

“Gazteak eta parte-hartze sozial altua Euskadin”. Hau da Gazteen Euskal Behatokiak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak gaur goizean aurkeztu duten ikerketaren izena. Lehen aldiz bi erakundeak horrelako lan batean elkarrekin aritu dira eta Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendariak esan duen bezala, “helburua gazteen parte-hartzean sakontzea izan da eta honen arrazoiak eta baldintzatzaileak zehaztea”. Itsaso Anduezak, EGKren presidenteak, zehaztu du “2013an gazteen parte-hartzeko ereduak aldatzen ari zirela ikusi genuenean, EGKn parte-hartze lan arloa sortu zen, 100 gazterekin ikerketa kualitatiboa egin zen eta orain aurkezten dena oso interesgarria da gaian sakontzen jarraitzeko”.

Galdetegia egitean, hiru parte-hartze moduren ezaugarriak zehaztu dira: elkartegintza, boluntariotza eta ekintza sozial zehatzak. Gazteen ikuspuntua jasotzeko, EAEko 15 urtetik 29ra bitarteko 1.512 gazteei egin zitzaizkien galderak telefonoz urte honen hasieran. Parte-hartze sozial altua islatzen duen ikerketa osoa 2016ko urtarrilean argitaratuko den arren, orain datu aipagarrienak aurreratu dira eta argi geratu da euskal gazteak parte-hartzaileak direla.

Elkartegintza

Gazteen erdia baino gehiago (%57,3) elkarteren bateko kide dira, batik bat kiroletakoak edo ludikoetakoak (lonjak edo lokalak, dibertimenduzko taldeak, astialdiko elkarteak…). Bestalde, elkarte hauetan daudenen hamar gaztetik seik sarritan parte hartzen dute ekintzetan eta beste heren batek noizean behin.

Boluntariotza

Egun, gazteen %23,6k boluntario lanak egiten ditu (urtean zehar, udan edo une momentu jakinetan). Neskak mutilak baino gehiago boluntarioak dira astialdian eta, aldiz, mutilek presentzia handiagoa dute kiroletan. Galdera zabalago egiten bada eta inoiz boluntarioak izan diren eskatzen bazaie, portzentajea %68,8koa da, beraz, hamar gaztetik zazpik badute boluntariotzako esperientzia.

Ekintza sozialak

Ikerketa osatzeko gizartean parte hartzeko beste eren gainean ere galdetu da, batzuk tradizionalak eta besteak teknologia berriekin lotuak. Hauek dira portzentaje esanguratsuenak: 1- Kultur, kirol edo jai-ekitaldi herrikoiak (%62,6), 2- Sinadura bilketa (%54,5), 3- Eztabaidak edo salaketak Interneten, sare sozialetan edo aplikazio mugikorretan (%53,1), 4- Manifestazioak eta elkarretaratzeak (%50,3), 5- Helburu sozialetarako diru-bilketak (%49,3), etabar.

Hemen azpimarratu behar da bost gaztetik batek eztabaidak edo salaketan antolatu dituela Interneten, sare sozialetan edo aplikazio mugikorretan: ageri da ziberaktibismoa parte-hartze sozialerako modu berri eta indartsua dela.

Hiru parte-hartze moduak eta hauen intentsitatea eta konpromiso-maila konbinatuta, parte-hartze sozialaren indizea osatu da. Indize honek, ikerketaren funtsezko galderari erantzuten dio: parte-hartzailea da euskal gazteria? Honen arabera, euskal gazteen %55,8k parte-hartze sozial altua (%12,5) edo ertaina (%43,3) du, hau da, elkarteren bateko kide dira, boluntario-lanak egiten dituzte eta proposaturiko ekintza sozialen bat antolatu dute azken urtean edo horietako gehienetan parte hartu dute.

EGKren presidenteak Behatokiarekin egindako lankidetza eskertu eta honekin jarraitzea eskatu du eta ikerketaren beste datu batean sakondu nahi izan dute: “Euskal gazteak parte-hartzaileak dira eta gainera erantzun duten gehienek gauzak aldatu nahi dituztela esan dute; egiten diren gauzak ez dira alperrik eta hau oso garrantzitsua da gizartearentzat”. Bukatzeko, adierazi du “denbora falta parte-hartzea oztopatzen duen faktore nagusia izan arren”, parte-hartzeko modu asko daudela. “Etorkizunean parte-hartzea beti aukera bat da eta hasteko egin daitekeen errazena gure inguruan parte-hartzen duen pertsona horrengana hurbiltzea da”.

Ikerketaren aurrerapena ikusteko, klik egin irudian:

joerak 9 txostenera esteka

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .