EGK-k gazteen kezkak, interesak, proposamenak, beharrak eta arazoak azaldu dizkio lehendakariari

Gazteen kezkak, interesak, beharrak, arazoak eta proposamenak azaldu dizkiogu lehendakariari

  • Iñigo Urkullu lehendakariarekin, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordearekin bildu gara Lehendakaritzan

  • Ordubeteko bileran, lan arloetan jorratzen ditugun gaiak aztertu dira: etxebizitza, enplegua, hezkuntza, berdintasuna, parte-hartzea eta bakea eta bizikidetza

Gasteiz, 2018ko irailaren 18a. Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK) Iñigo Urkullu lehendakariarekin, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordearekin bildu da gaur goizean. Ordubeteko bileran, gazteen kezkak, interesak, proposamenak, beharrak eta arazoak helarazi dizkiegu eta “politika publikoen diseinu eta jarraipenean gazten ahotsa bermatzea eta kontuan hartzea” aldarrikatu dugu.

Lehendakaritzan egindako bileran, Maialen Olabek, EGK-ko presidenteak, erakundearen funtzioa eta garrantzia azpimarratu du. “60 gazte-elkarte eta hainbat gazteren parte-hartzearekin aurrera eramaten ditugu ekimenak, gazteontzako garrantzitsuak diren gaiak identifikatu eta gure ahotsa erakundeetarako eramateko”. Era berean, Olabek “elkarteen” eta, ondorioz, “EGKren aniztasuna eta pluraltasuna” nabarmendu du, besteak beste “ikasle mugimenduak, emakume eta gizonen arteko berdintasuna jomuga duten elkarteak, astialdi hezitzaileko federazioak, alderdi politikoen gazteriak, enpresari gazteak, sindikatuen gazteria sailak edo LGTBI+ kolektiboaren beharrizanak asetzea” helburu duten elkarteek osatzen dutela adieraziz.

EGKren azalpena arloz-arlo

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) lantzen diren arlo ezberdinetako gai garrantzitsuenak jorratu ditugu eta, horretarako, EGK-ko teknikari bakoitzak azken hilabeteetan egindakoaren lerroburuak azaldu ditu:

Enplegua eta etxebizitza: “Emantzipazioa eta honekin estuki lotuak dauden enplegua eta etxebizitza gazteon lehentasunezko gai dira krisi ekonomikoak eztanda egin zuenetik. Batez beste 30 urterekin emantzipatzen dira gazteak, soldatak 996€koak dira eta alokairuak 880€koak. Etxebizitza gastuetara diru-sarreren %30a bideratzea aholkatzen bada ere, errealitate oso bestelakoa da: jabetzan %54,9 eta alokairuan %66 bideratzen da egun. Egoera horretan, Emantzipa…Zer? lantaldean administrazioek jorratutako politika publikoei jarraipena egin zaie, iritzi eta hobekuntza proposamenak bildu eta arduradun politikoei helarazteko. Era berean, azken urteetan indarra hartu duen Formakuntza Duala aztertzeko bi jardunaldi egin dira (Gasteizen eta Donostian) gazteei eskaintzen zaizkien baldintzen azterketa egiteko. Beka eta praktikekin eskatu izan den bezala, ikuskaritza eta jarraipena garrantzitsua da formula hauen bitartez prekarietatea susta ez dadin eta gazteei eskainitako baldintzak duinak izan daitezen”.

Berdintasuna: “Emakume eta gizonen berdintasunean oinarritutako eta LGTBI+ kolektiboaren beharrizanak aseko dituen gizartea jomuga izanda, hau erdiesteko oztopoen aurka lan egitea da lan-arloaren helburu nagusietako bat. Indarkeria Matxistaren aurkako protokoloa 34 aldiz aktibatu behar izan da 2018an (EGK-k ezagutu ez dituen eta salatu ez diren kasuak gehitu beharko lirateke). Horri erantzuna emateko, hezkidetza nola jorratzen den aztertu da, gazteen iritzia eta esperientzia bildu eta diagnosi horretatik abiatuta proposamenak egiteko. Era berean, emakumeek esfera publikoan dituzten esperientzia, oztopo eta arazoak aztertzeko ekitaldia egingo da urrian; gerora ondorio nagusiak publiko egingo dira”.

Hezkuntza: “Formalean, UPV/EHUrekin sinatutako hitzarmenaren barnean unibertsitateko gazte-elkarteen topaketa egingo da azaroan; ez-formalean konpetentzia eta egindako lanaren aitortza eskatuko da aurten ere #IzanZuAldaketa boluntariotza-topaketaren bitartez eta astialdiko eskola eta federazioek eskainitako ikastaro eta titulazioen homologazioan zubi-lana egingo da hauen eta administrazioen artean”.

Parte-hartzea: “Azken urteotan gazteen parte-hartzeko modua aldatu dela ikusi da azken ikerketetan (Gazten Euskal Behatokiarekin EGK-k elkarlanean egindako Joerak 9 esaterako). Hori dela-eta, hainbat proiektu eta ekimen sustatu dira gazteen parte-hartze eredu berriak aztertzeko. Era berean, Europan barrena garatu diren ereduak aztertu dira, bai metodologia bai prozesu aldetik, ondoren EGK barnean aplikatzeko eta EAEko gazte-elkarteei helarazteko. Europan gazteen emantzipazioa errazteko diseinatu diren politikak ere aztertu dira, EAEn zer aplika daitekeen ikusteko”.

Bakea eta bizikidetza: “Krisiak eztanda egin zuenetik gazteentzat bestelako gaiak lehentasunezkoagoak badira ere, espazioak sortu diren heinean interes handia azaldu dute. Horregatik, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza Idazkaritza Nagusiarekin sinatutako hitzarmenaren baitan bi izango dira ildo nagusiak: batetik, 2014-16ko hitzarmenean jorratutako gaiak; eta, bestetik, idazkaritzaren agenda berriarekin lotutako gaiak. Aurreko hitzarmenean egindakoa Bartzelonako kongresu batean azalduko da; bizikidetza lantzeko kultura eta jatorri ezberdineko emakumeekin topaketa egingo da, anitza den gizarte baten bizikidetza errealitate bilakatzeko dituzten erronkak identifikatzeko eta, azkenik, 2019an hasiko den Etikasi programaren oinarri teorikoak sortuko dira”.

Gogoratu behar da EGK 1986an Eusko Legebiltzarrean adostutako lege baten bidez sortu zela eta gazteen ikuspuntua erakundeetara helaraztea dela bere eginkizun nagusienetarikoa.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.