Gazte Borrasteren partez... eskerrik asko!

Gazte Borrasteren partez… eskerrik asko!

Ia hiru urte igaro dira mikroen aurrean eseri ginenetik, ilusioz, jakinminez, urduritasunez, umiltasunez, beldurrez (ikaraz!), eta itxaropenez gainezka. Ez genuen argi nora iritsiko ote ginen, baina bai zein izango zen gidatuko gintuen zerumuga: gazteriak eta elkartegintzak marraztutako zeruertza. Eta izanarekin batera, izena sortu zen: Gazte Borraste. Bai: Gazte Borraste, nahaste-borraste bat izateko jaioak ginelako. Gazteleraz esaten den moduan, batiburrillo bat izan nahi genuen, besterik gabe. Konbentzituta baikeunden (eta konbentzituta baikaude) gazteria ezin dela kolore bakarreko belaunaldi bat bezala irudikatu, baizik eta, gazte izateagatik kargatzen dugun baldintza-sozialen motxila bizkarrean hartuta (eta beti motxila hori husteko prest :), kolore, ideologia, baldintza ekonomiko, egoera-sozial, errealitate kultural, eta bizipen pertsonal oso ezberdinak dituzten pertsonen eta taldeen nahas-mahasa bezala. Gazte Borrasteren partez… eskerrik asko!

Horregatik, mundua gazteen ikuspuntu ezberdinetatik begiratu nahi izan dugu: ekologistak, enpresariak, feministak, eskautak, ikasle erakundeak, ijito taldeak, nekazariak, sindikalistak, gaixoak, droga kontsumitzaileak, lankide boluntarioak, atzerriratutako gazteak, heteroak, lesbianak, kristauak, independentistak, sozialdemokratak, komunistak, konbiktuak, zalantzatiak.

Eta, hiru urteren ondoren, eskerrak emateko momentua iritsi zaigu. Horregatik,

Eskerrik asko mundua zuen begiradatik erakutsi diguzuen pertsona eta talde guztiei: 7katu gaztetxea, Ai Laket, Ajebask, Askapena, Astialdi Foroa, Beldur Bakeola, Barik, Berpiztu, Biltzen, Bizilur, Bizkaiko Gazteria zuzendaria, Bizkaiko Urtxintxa Eskola, Datorkigunea, Desazkundea, EDE, Ehne, ELA, Ernai, ESK, EtxebizHitza plataforma, Euskalerriko Eskautak Bizkaia, Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundea (CONGD Euskadi), Gazte Independentistak, Gazte Komunistak, Gazteok XXI, Gaztezulo, Goitibera, Hegoa institutua, Herrigintza Gaztea, Ikasle Abertzaleak, Ingeniería sin fronteras, Iratzarri, Itaka, Jalgi Hadi Garaipenera, JAW studio, Kale Dor Kayiko, Kanpo Zorraren aurkako Legegintzako Herri Ekimena, Kapuko, Kem-Moc, Kiribil, Komite Internazionalistak, Kulunkan, LAB, Liga de jóvenes y estudiantes saharauis, Lokarri, Lurgorri, Medicusmundi, Mugarik Gabe, Oskarbi, Segi, Sortzen, Stop Desahucios-Bizkaia, Topatu.info, Trikimailu, Yal Lah Gazte Ekimena, Zirikatzen, Zukgua, zerrendatzen ahaztu zaituztegun pertsona eta elkarte guztiei eta, noski, Txema Ramírez de la Piscina irakaslearen eskutik irratsaioan parte hartu duzuen Leioako ikasle guztiei ere, eskerrik asko!

Eskerrik asko Iñigo Muñoz, Tania Martínez Portugal eta Javier Senderos Tas-Taseko langile ohiak, gure estutasun tekniko eta existentzialetan beti laguntzeko prest egon zaretelako.

Eskerrik asko Gazteriaren Kontseiluaren baitan proiektu honetan sinetsi duzuenoi, gazte elkartegintzaren aniztasuna islatuko zuen irratsaio batean sinesteagatik eta, batez ere, gazte elkarte ezberdinen artean komunikazio-ereduari eta komunikazio-eskubideei buruzko eztabaida barneratzen joatea inportantea dela defendatzeagatik.

Eskerrik asko Tas Tas posible egin duzuen guztioi. Agian gure bideak ez dira elkar gurutzatu, baina zuek egin duzue posible Gazte Borrasteren ibilbidea.

Eta eskerrik asko, noski, irratia 97 Fman sintonizatu duzuen guztioi.

Estudiotik pertsona ezberdinak pasa izan gara: David Lopategi, Urtzi Ugalde, Itsaso Andueza, ni neu (Itsaso Estarrona)… Egun onak eta egun txarrak izan ditugu, akatsak eta ondo-eginak, baina gauza bat ziurra da: Gazte Borraste ikasgela bat izan da gu guztiontzat (eta bestela, aizue, kontrakoa esan ;).

Gazteriak eta elkartegintzak marraztutako zerumuga gidatu gaitu gu guztiok. Nora iritsi ote garen? Agian ez gara urrutira iritsi, baina aurrera egin dugu. Harrapaezina delako agian, aurrera eginarazten digulako zerumugak.

Entzun arte!

[Irratsaio guztiak Tas Tas-eko webgune berrian dituzue, hemen; eta hasierako irratsaioak, kasero-kaseroak, webgune zaharrean]

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .