Gaur ez dugu sardina lurperatu… gaur Etxebizitzaren Plan Zuzentzailea lurperatu dugu!

Argazkia

BIDEOA IKUSI:

Bideoa

Prentsa oharra:

Etxebizitzaren Plan Zuzentzailea ‘lurperatu’ dute hainbat sindikatu eta gizarte eragilek

• “Banku eta sustatzaileen mesederako eta hiritarren kalterako” neurriak aurreikusten dituela salatu dute

• Maizter-kaleratzeen aurrean Administrazioak ez duela “ezer egiten” ohartarazi dute

Bilbon, 2011ko martxoaren 24an. Etxebizitzaren Plan Zuzentzailea ‘lurperatu’ dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean hainbat sindikatu eta jendarte eragileek, dokumentu horrek “banku, kutxa, eraikitzaile eta sustatzaileen mesederako eta, aldiz, hiritarren kalterako neurriak” jasotzen dituela salatzeko.

Antzezpenean ELA, LAB, STEE-EILAS eta ESK sindikatuek parte hartu dute, bai eta Kepasakonlakasa, Elkartzen, Berri Otxoak, Ezker Gogoa, Sare Antifaxista eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak ere. Doluz jantzita eta hilkutxa bat sorbaldetan, bildutakoek Etxebizitzaren Plan Zuzentzaileari lur eman diote, “plan horrek Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren lerroak jasotzen dituen heinean, krisiak jotako eraikitzaileen sektorearen alde egiten duelako, etxebizitza-eskubidea duten hiritarren alde egin beharrean”. Ildo honetan, 2010-2013 urteak bitartean etxebizitza politikak gidatuko dituen planak “ideia positiboak dituen arren -alokairua eta birgaitzearen sustapena, esaterako-, ideia horien gauzapena, gero, Babes Ofizialeko Etxeen esleipendunen kalterako egiten da (eta BOE horien eraikitzaileen onurarako).

Etxebizitza sarbidearen aurkako neurriak
Lehenik eta behin, “lurzorua eskuratu eta hiritartze aldera diru publikoa erabiltzea aurreikusten du Planak”, bildutakoen hitzetan. Horrez gain, lurzoru eremu berdinean etxebizitza kopuru gehiago eraikitzeko aukera zabaltzen du, “eta hortaz eraikitzaileen mozkinak handitzeko aukera ere”. “Gutxi balitz -diote- “bai salmentako bai alokairuko babes publikoko etxebizitzen prezioak igotzeko asmoa du Jaurlaritzaren Planak”. Neurri honekin, “eraikitzaileen alde egin ez ezik, babes ofizialeko etxebizitzak jasotzen dituztenen egoera ekonomikoa larritzen da, horien sarbidea ere baldintzatuz”. Gainera, “banketxe, kutxa eta eraikitzaileek hutsik edo geldirik dituzten etxebizitzak erabil ditzaten ez da batere neurririk hartzen”, aipatutako eragile sozialen arabera.

Alokairu eta salmentako babes ofizialeko etxebizitza eskuratzaileen gehienezko diru sarreren-igoera ere kritikatu dute. Diotenez, “pertsona gehiagori etxebizitza eskubidea bermatu ordez, ditu sarrera gutxien dituztenen sarbideak oztopatzen ditu; gainera, beste sektore horri ateak irekitzean, etekin ekonomikoa etxebizitza eskubidearengan gailentzen du”.

“Maizter-kaleratzeen aurrean, neurririk ez”
Bestalde, hipoteka ordaindu ezinik dabiltzan familien maizter-kaleratzeen aurrean neurririk ez dela hartzen eta ondorioz familia horiek izugarrizko zordun etxe gabeko familiak bilakatzen direla nabarmendu dute Etxebizitzaren Plan Zuzentzailearen lurperaketan. Eta hurrengo Etxebizitza Legeari dagokionez?

Arau berriak “hitz politen filosofia berriz ere kutxa, banketxe eta sustatzaileen aldeko eta etxebizitza behar dutenen aurkako neurrietan zehaztuko bada, txarrena itxaron dezakegula” ohartarazi dute. Egoera honen aurrean, sindikatu eta elkarteek honakoa aldarrikatu dute: “Plan gutxiago, negozio gutxiago eta etxebizitza eskubidearen aldeko ekintza gehiago”.

Logoak

Argazkia

MANIFESTUA:

ETXEBIZITZA ESKUBIDEARI BAI,
EZ ETXEBIZITZA PLAN HONI

Eusko Jaurlaritzak iragan den 2010eko abenduaren 28an onartutako 2010-2013 Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailearen bidez bere asmoak mozorrotzeko helburua du.

Etxebizitza Plana = Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala
Eusko Jaurlaritzak onartu duen Plan Zuzentzailearen helburua, iazko ekainean sinatutako Etxebizitzaren Aldeko Itun Sozialean planteatutako filosofiarekin bat egiten duten neurri zehatzak finkatzea da.

Manifestu hau sinatzen dugun eragileok Itun horrek etxebizitza eskubidea bermatzen ez zuela adierazi genuen. Aitzitik, krisialdi ekonomikoaren eraginagatik eriondo dagoen eraikuntza-sektorea lagundu nahi duen itun bat da.

Gauzak horrela, Plan Zuzentzaileak etxebizitza plan batean ohikoa den edukia eta birgaitze eta alokairuaren sustapena bezalako idei positiboak jaso arren, babes publikoko etxebizitza eraikitzaileen aldeko neurriak planteatzen ditu, jasotzen dutenen kalterako.

Eraikitzaileen aldeko neurriak
Lurzorua da planak eraikitzaileen alde jotzeko planteatzen duen bideetako bat. Horrela, esate baterako, lurzorua eskuratu eta hiritartzeko diru publikoa erabiltzea aurrikusten du. Bestalde, lurzoru eremu berdinean etxebizitza kopuru gehiago eraikitzeko aukera zabaltzen du.

Gutxi balitz, bai salmentako bai alokairuko babes publikoko etxebizitzen prezioak igotzeko asmoa du.

Neurri honekin eraikitzaileen alde egin ez ezik, babes ofizialeko etxebizitzak jasotzen dituztenen egoera ekonomikoa larritzen du, hauen sarbidea baldintzatuz.

Aldi berean, banketxe, kutxa eta eraikitzaileei hutsik edo geldirik dituzten etxebizitzak erabiltzeko eta bukatzeko neurririk ez du aurrikusten.

Etxebizitza sarbidearen aurkako beste neurri batzuk
Praktikotasunean, Planak alokairuaren aurrean salmentari ematen dio lehentasuna. Horren isla aurrekontuan ikusten da, salmentaren sustapenera alokairuaren bikoitza zuzentzen duelarik.

Horrez gain, alokairu eta salmentako babes ofizialeko etxebizitza eskuratzaileen gehienezko diru sarrerak igotzea aurrikusten du. Neurri honek, pertsona gehiagoren etxebizitza eskubidea bermatu ordez, diru sarrera gutxien dituztenen sarbideak oztopatzen ditu. Gainera, beste sektore horri ateak irekitzean, etekin ekonomikoa etxebizitza eskubidearengan gailentzen du.

Aldi berean, hipoteka ordaindu ezinik dabiltzan familien maizter-kaleratzeen aurrean ez da neurrik hartzen, hauek izugarrizko zordun etxe gabeko familietan bilakatuz. Aldiz, beste herrialdeetan, etxebizitza ematearekin zorra ezabatzen da.

Hurrengo Etxebizitza Legean “hitz politen” filosofia hau berriz ere, kutxa, banketxe eta sustatzaileen aldeko eta etxebizitza behar dutenen aurkako neurrietan zehazten bada, txarrena itxaron dezakegu.

DESKARGATU MANIFESTUAREN PDF-a:

Manifestuaren pdf-a

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .