Bilboko eraso sexista salatzen dugu

Gasteizko azkeneko Indarkeria Matxista kasuak salatzen ditugu

Pasa den astebukeran bi gizon gazte atxilotuak izan dira beraien bikotekideak fisikoki erasotzeagatik Gasteizen. Gertakari tamalgarri hauek berriro ere erakusten digute Indarkeria Matxista, tamalez, errealitate bat dela baita gazterian ere eta honen aurrean EGK-k bere gaitzespen osoa adierazi nahi du. Hau esanda, lehenik eta behin EGK-k elkartasuna adierazi nahi die erasoak jasan dituzten bi emakumeei. Halaber, beraien ausardia txalotu salaketa egiteko ausardiagatik, hala nola, kasuetako batean laguntza luzatu eta udaltzaingora jo zuen gizonaren ausardia ere.

Astebukaeran Gasteizen emandako bi kasu hauek 1/2004 Legeak Genero Indarkeria moduan ulertzen dituen kasuak dira. Hala ere, aldarrikatu nahi dugu Emakume izanagatik bizi ditugun gure ongizatearen aurkako eraso guztiak izan beharko liratekeela Genero Indarkeria bezala ulertuak. Emakume erasotu baten eta beste baten arteko desberdintasunik egin gabe.

Oraindik ere gazterian hain larri eta latza den Indarkeria Matxista ematea guztiz onartezina deritzo Kontseiluak eta eskatzen du, lehenbizi, justizia egin dadila.

Indarkeria Matxistak errealitate bat izaten dirau gure gizartean, baita ere gure gazterian. Baina honi aurre egiteko ezinbestekoa da ez soilik erasotzaileak beraien ekintzen erantzule izatea; baita gazteria aktiboki honen aurka posizionatzea eta hau sustraitzen duen matxismoaren aurka lan egitea.

Izan ere, salaketen kopuruak kezkagarriak dira oso:

2014ko zenbakiak

  • Emakume gazteen aurkako indarkeria tasa globala %7,7ra iritsi zen gazterian (30 urtetatik aurreragoko emakumeena bikoiztuz).
  • Emakume gazteek 1000 salaketa baino gehiago ezarri zituzten

Esan bezala, Indarkeria honek ez ditu biktimak bakarrik mintzen, emakume gazte guztiongan eragina du, gure bizitzaren askatasunaren eta ongizatearen aurkako erasoak ere baitira. Honen froga da emakume gazteen %32,2ak (2012an) adierazten duela beldurra ematen diola kaletik gauez bakarrik ibiltzeak, gizonezkoen tasaren laukoitza lortuz. Gainera, zifra honek gora egin du neurtzen hasi zenetik 2000an.

Hobetze eskaerak

Hau dela eta, gertatutako eraso hauek eta antzekoen aurrean EGK-k ondoko eskaerak ditu arazo honen kontra borrokatzen joateko:

Alde batetik, Administrazioari:

Harrera juridikoari dagokionez:

  • Tratu, neurrien ezarpen eta kontrolaren hobekuntza; hauek biktimaren ongizate integral bat bidera dezaten.
  • Legediaren eraldaketa edo honen eraldaketaren eskaera: Genero Indarkeria kontzeptu juridikoak ez ditu Indarkeria Matxistaren biktima guztiak barne hartzen. EGKtik eskatzen da gizon batek burututako emakume batenganako (emakume izateagatik) edozein eraso barne hartzea.
  • Salaketaren estigmari eta prozesu honen baitan dauden kalteei (iraupena, zalantzan jarria izatearen esperientzia…) erantzuna ematea.

Prebentzioari dagokionez:

  • Hezkuntzatik hasi. Hezkuntza sozializazio prozesu oso gisa ulertu eta, ikuspegi honekin bat doan hezkidetza bermatu:
    • Zeharkakoa izatea eta gizarte eragile guztiak barne hartzea.
    • Adin guztietan lantzea eta sakonki lantzea: gai desberdinak behar besteko arretaz jorratuz eta gaien arteko loturak erakutsiz (genero rolak, adimen emozionala, negoziazioak, maitasun erromantikoa…)
    • Sentsibilizazioak eta bestelako efektu ekintzak burutzea.
  • Ikerketak eta datuak. Prebentzio neurrien diseinuaren hobekuntzari begira datu eta ikerketa eguneratuak ziurtatu.
  • Behatokien hobekuntza. Behatoki propioetan erabiltzen ari garen Indarkeria Matxista kontzeptua txertatu eta emakumeenganako eraso mota guztiei buruzko informazioa jaso.

Arazoaren trataerari dagokionez:

  • Bereizketa faktore anitzen intersekzioaz eta honen inpaktuaz arduratu.

Bestetik, gazteriari:

  • 0 Tolerantzia eta inplikazioa.
    • Erasoen aurrekari diren jarrera Matxistei frenoa bota.
    • Erasoen testigu izatean, ez isildu, ekin eta luzatu laguntza biktimari.
    • Biktima bazara, zure bizitza berreraiki dezakezu eta horretarako, izan ezazu argi, ez zaude bakarrik. Zurekin gaude.
  • Indarkeria Matxista eta honen sustrai diren beste indarkeria eta jarreren aurka ekin.
    • Norbere burua eta ingurugiroa kritikoki aztertu eta eraldatu parekidea izateko.
    • Indarkeria Matxista edota honen ideologiarekin harremana duten Indarkeriei aurre egin (Indarkeria LGTBI+fobikoa, maitasun erromantikoan oinarritutako bikoteen arteko indarkeria…).
  • Berrikasi, berrantolatu eta berdintze konpromisoa. Kontuan izan Indarkeriaren sustrai estrukturala eta honen gainean ekin. Berdintasuna guztion artean lortuko dugun zerbait da eta!

Indarkeria Matxista egitura eta ideologia patriarkalaren alderik ikusgarriena da; bitartean, iceberg-a bailitzan, milaka eguneroko jarrera eta portaera daudelarik ere ezkutuan. Hauek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren aurka egiteaz gain, beste hainbat harreman ere kutsatzen dituzte, topaketa eta elkar-aberaste harremanak izan beharko liratekeenak joko posesiboan eta norgehiagokan bilakatuz.

Pentsamolde eta ekite hauek ez dute baimentzen emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunean oinarritutako gizarte baten eraikuntza, non sinergia eta elkarbizitza ziurtatuak dauden.

Hau dela eta, Gasteizen emandako azkeneko bi Indarkeria Matxista kasuen salaketa honen bitartez Gazteriaren Kontseiluak gazterian ere ematen den matxismoa salatu eta emakume eta gizonezkoen berdintasuna ezinbesteko, oinarrizko eta zeharkako duen gazteriaren eraikuntzan konpromisoa berresten du.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .