Euskaraz ikasteko eskubidearen alde gaude!

EGK euskaraz ikasteko eskubidearen alde!

Bihar, abenduaren 3a izanda, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzera gonbidatu nahi zaitugu. EGKn argi daukagu eguneroko gauza bat dela hizkuntzarekiko konpromisoa eta hala eramaten dugu praktikara gure egunerokotasunean bidelagun dugularik.

Gaurkoan hezkuntza eta euskara uztartuko ditugu unibertsitate mailan ematen ari den arazo bat gizarteratzeko: oraindik ere oztopoak daude Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketa guztiak euskaraz burutu ahal izateko.

Urteak dira Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren (EGK) baitan ikasle elkartez, Kontseiluz eta hainbat gaztez osatutako Hezkuntza Foroa martxan dagoela. Lantalde honek Hezkuntza Formalaren arloan gazteon eskubideen alde lan egiteko helburua du eta aurretik aipatutakoa aurtengo lan-lerro izan da.

Gaiari heltzeko gazteon esperientziak elkarbanatu egin ditugu lantaldean egunerokotasunean bizi diren zailtasunak jasoz eta horiek ekiditeko proposamenak eztabaidatuz. Gure ideiak sendotzeko azken urteotan unibertsitate mailan euskararen egoeraren gaineko analisi txiki bat burutzea zen asmoa baina EHUko webgunean azaltzen ziren datuak ez zeuden eguneratuak.

Euskaraz ikasteko eskubidea

Gauzak horrela, arazoa ezagutzera emateko manifestu txiki bat osatu dugu non argi eta garbi gure aldarrikapenak jaso egiten diren eta baita aurrera egiteko emango ditugun pausoak azaldu ere.

Beherago aurkituko duzun dokumentuan gure manifestua irakurtzeko aukera izango duzu eta ez ahaztu zuk ere EGK-ko Hezkuntza Foroan parte hartzeko aukera daukazula zure esperientziak ezagutzera emateko eta beste gazteekin batera bizipenak partekatzeko.

Informazio gehiago nahi izanez gero jar zaitez hezkuntza teknikariarekin (Oianerekin) harremanetan: hezkuntza@egk.org helbidean edo 944436143 telefonora deituz.

Orain da momentua 2017ra begira hezkuntza formalean proiektu eta aldarrikapen berriak eraikitzen laguntzeko!

Euskaraz ikasteko eskubideen aldeko manifestua

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .