Gazteek euskara nola bizi duten hausnartzeko Gune Irekia

Gazteek euskara nola bizi duten hausnartzeko Gune Irekia

Euskal Herri osoko gazte euskaltzaleak Donostian bilduko dira maiatzaren 5ean, Gune Irekiaren metodologia erabiliz euskara nola bizi duten hausnartzeko. Beti adin talde estrategiko modura agertu izan da gazteena euskalgintzako plangintzatan, baina nahi baino gutxiagotan izan dira gazteak beraiek hausnarketen protagonista (salbuespen azpimarragarriak salbu). Asko hitz egin da gazteetaz, baina nahi baino gutxiagotan entzun da gazteen ahotsa.

2017an aurkeztutako datu soziolinguistikoek ere zeresan handia eman dute gazteen hizkuntzaren erabileraren inguruan, eta horiek ikusita, Euskaltzaleen Topagunean gazte euskaltzaleekin gogoeta partekatua egiteko une egokia dela ikusi da. Horretarako, euskararen erabileraren inguruko Gune Ireki bat antolatuko da maiatzaren 5ean, gazte euskaltzaleak beraiek partaide izango dituena. Gune Ireki hau gazte mugimenduen bateragune diren Euskadiko eta Nafarroako Gazterien Kontseiluekin batera.

Ekimen honen helburua da gazteek euskara nola bizi duten azaleratzea, erabilerako zein indargune eta hutsune dituzten identifikatzea eta ekimen berri eta eraginkorretarako ideiak sortzea. Bertan, egoera soziolinguistiko ezberdinetako eskualdeetako gazteak egongo direnez, autopertzepzioak eta euskararen inguruko ikuspegiak anitzak izango dira. Hori dela eta, askotariko bizipen eta ikuspegiak biltzen eta harremanetan jartzen saiatuko gara.

Aurrekariak ere badaude, azken bi urteetan Arabako gazte euskaltzaleen bilkurak egin baitira. Baina lehenengoz, Gune Irekia erabiliz batu nahi izan ditugu iritzi ezberdinak.

Gune Irekia

Saio hau bideratzeko Gune Irekiaren Teknologia erabiliko dugu. Gune Irekiak talde anitzetan sormenezko bilera eta ekitaldiak egiteko modu bat dira. Parte-hartzaileek osatzen dute garrantzia estrategikoa duen gai baten inguruko elkarrizketa paraleloen agenda propioa: zein da parte-hartzaile guztiek elkarrekin landu eta babestu dezaketen estrategia, taldea, erakundea edo komunitatea? Kasu honetan, gazteen euskararen erabilera izango da gai zentrala.

Modu horretan, gazteek euren intereseko eta ardurako gaiak proposatu eta lantzeko aukera izango dute modu horizontal eta librean: Gune Irekiak eskaintzen duen malgutasuna dela-eta ez baita pertsona kopuru edo gai mugarik egongo. Horrela, sormenezko eta elkarlanerako espazioa sortzea da helburua, gazteek euren ikuspuntutik, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa eta ideiagintza ariketa bat egin dezaten.

Saioaren amaierarako, elkarrizketa guztietan jasotako uztaren txosten bat izango dute parte-hartzaile guztiek. Bertan jasotakoa eurentzat baliagarria izateaz gain, balio berezia izango du euskararen erabileraren inguruan gazteek duten ikuspegiaren berri izan nahi duen ororentzat.

Egitaraua

Eguneko egitaraua ondokoa izango da

  • 09:00 Gosaria
  • 09:30 Elkartu eta agenda osatu
  • 10:30 1. elkarrizketa saioa
  • 12:00 2. elkarrizketa saioa
  • 13:30 Bazkaria
  • 14:30 3. elkarrizketa saioa
  • 16:00 4. elkarrizketa saioa
  • 17:00 Itxiera
  • 17:30 Amaiera

Izena ematea

Parte hartzeko, izen-emate epea zabalik dago eta lotura honetan dagoen formularioa betez egin daiteke. 

Euskal Herriko eskualde ezberdinetako ahalik eta gazte gehien batu nahi genituzke Gune Irekian, beraz, gazte eta euskaltzalea bazara, batu Gune Irekira.

  • Eguna: 2018ko maiatzaren 5a
  • Ordutegia: 9:00 – 17:30
  • Lekua: Donostia
  • Izen-ematea hemen

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .