Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Kukutza gaztetxearen utzarazpena salatu du

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Kukutza gaztetxearen utzarazpena salatu du
Elkarte plataformak auzoari eta gazteei babesa adierazi die

Bilbon, 2011ko irailaren 21ean. Gaur goizeko 05.30ak aldera poliziak abiatu duen Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxearen utzaraztearen aurrean, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua hustearen kontra agertu da eta babesa adierazi die gazteei eta auzokideei.

Gazte elkarteen plataformak azaldu duenez, aste hauetan, urtero garai hauetan bezala, kurtso hasierari irekiera eman zioten Kukutzan. Dantza, zirko, eskulan, autogestio… tailerrak egunero ematen ari ziren, auzoko haurren gunea martxan da, adineko jendearen eskulanak, liburutegia zabalik dago, jantokia baita ere. 13 urte luzez, ehundaka hitzaldi, kontzertu zein antzerki ugari izan dira gaztetxearen agenda kulturalean, ilusioz eta kemen handiz aurrera ateratako proiektuak, ekimenak, harremanak, iraultza txikiak.

Baina, jakina den bezala, Kukutza III gaztetxea husten hasi dira gaur. Cabisa eraikuntza enpresak orain hilabete batzuk Bilboko Udalari eskatu bezala, eraiste lizentzia bere eskuetan zuen, eta epaitegiek ere polizietxeetan utzi zuten uztarazte baimena. Bilbo eta Errekaldeko auzo elkarte eta auzokideek proiektu horren bizirautean jarri dute bere indar guztia, auzoarengatik, beste mundu posible batengatik lanean diharduen gune bat delako alegia.

EGK, auzo elkarteak berak eta kukutza gaztetxeak eskaturik, bitartekari lanean egon da. Udaletxearekin izan diren hiru bileretan, Bizkaiko Foru Aldundiarekin edota Arartekoarekin hartu emanetan, baita Jaurlaritzarekin izandako telefono deiekin. Negoziazioa ahalbidetu eta auzi honek izan ditzakeen neurrigabeko ondorioei aurre egin nahi izan dio gazte-plataformak. Kukutzak komunitatearekiko burutzen duen lan kolektiboa altxor berezia suposatzen dute egun bizi ditugun garai ilunetan. Interes pribatu eta kolektiboen artean erdigunea lortzea posiblea dela sinesten dugu eta negoziazioa posible dela uste dugu. Alde guztiak (Cabisa, Bilboko udala eta Kukutza) bildu eta konponbide bat bilatu dezagun.

Horregatik, Kukutza III gaztetxearen uztarazte arriskuaren aurrean honako hau adierazi nahi du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK):

• “Egungo errealitateari so eginez, geroz eta gazte gehiago daude bere aisiaren autogestioa bilatzen dutenak, euren ekintzak antolatuz eta garatuz, haien elkarbizitzarako haienak diren espazioak bilatzen dituztenak. Marko instituzionaletik askotan eskaini izan dira gizarte-etxeak bezalako guneak, baina horietan sarritan arazoak egon ohi dira 15-30 urte bitarteko gazteak gizarte antolaketa eredu horren barne sentitzeko.

• Egoera horren aurrean, gaztetxeak gazte partaidetzaren eta antolakuntzaren gune sustatzailetzat jotzen ditugu: euren erabakietan eta funtzionamenduan autonomiaz jokatzeko apustu eginez, diru-laguntzen eta epeen menpekotasunik gabe. Gazte kopuru handi baten partaidetza eta antolakuntza sustatzeari begira baliagarriak diren ereduak dira, beraz; hori dela eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik eta arrazoiketa eta antolabide horretan oinarrituta, aipatutako dinamika hori gazteria partaidetza eredu egokitzat jotzen dugu; babestu beharreko espazioak dira gaztetxeak.

Justuagoa, irekiagoa eta anitzagoa izango den jendarte baten aldeko apustua egiten dugu. Gizarte zibilaren indartzearen aldeko apustua, eraldatzaileak izango diren alternatiben aldekoa, tokian tokiko garapenaren aldekoa izanik eta gazteak diren pertsonen erabateko partaidetzaren nahiz hiritartasunaren aldeko apustua egingo duena. Horrekin batera, aldaketarako eta gizarte ekintzarekiko zaletasunaren eta demokrazia parte-hartzailearen aldeko apustua egiten dugu ere. Hori guztiagatik, gaztetxeak ezinbestekoak direla uste dugu”.*

Horrez gain, utzarazte-polizialean kolpatuak eta zaurituak egon direla salatu du elkarte-sareak.

Gure elkartasun eta animoak ematea geratzen zaigu. Guzti honengatik, gaztetxeen alde lanean jarraitu eta antolatzen diren mobilizazio zein dinamiketan parte hartzeko deia egiten du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak.

Animo eta aurrera, gazteak!

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

*Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko 22. Batzarrean elkarteek adostutako testua.

Kukutzari buruzko informazio guztia http://kukutza.blogspot.com atarian.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .