EuroEmantzipatu: gazteon emantzipazioa ahalbidetzeko eredu azterketa - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

EuroEmantzipatu: gazteon emantzipazioa ahalbidetzeko eredu berriak aztertu ditugu

  • Egungo arazoei aurre egiteko Europako aukera berritzaileak aztertu ditugu Euskadin zer aplika daitekeen ikusteko

Batez beste Euskadiko gazteok 24,2 urterekin emantzipatu nahi dugu eta gure bizitza-proiektu autonomoa aurrera eraman. Zoritxarrez, errealitatea oso bestelakoa da. Izan ere, Gazteen Euskal Behatokiak kaleratutako Euskadiko gazteen egoeraren diagnostikoa 2017 txostenaren arabera emantzipatzeko batez besteko adina 29,9 urtekoa da, teknikoki gazte izateari uzten zaionean.

Egoera honen jakitun, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK), Bizkaiko Foru Aldundiarekin (BFA) elkarlanean, gazteen emantzipazio-ereduak landu ziren 2018an zehar #EuroEmantzipatu proiektuaren bitartez. Lan baldintza kaskarrek, soldata baxuek, behin-behinekotasunak edo etxebizitzaren prezio altuek (jabetzan zein alokairuan) asko oztopatzen dute bizitza-proiektu autonomoa eraikitzen hastea. Eta egiten denean etorkizuna hipotekatzera behartzen gaituzte sarritan.

Emantzipatzeko aukera berritzaileak

Honen aurrean, EGKren nahia gazteei emantzipatzeko aukera berritzaileak aurkeztea eta azaltzea izan da, baita euskal administrazioei ere. Lehenik, Europan barrena martxan jarri diren politika publikoak aztertu dira, izan duten ibilbidea eta gazteen bizitza-ereduan izan duten eraginean arreta berezia ezarriz.

Ekimena aurrera eramateko eta egindako azterketa sakontzeko apirilaren 26an #EuroEmantzipatu jardunaldia antolatu genuen Bilboko Dock gunean. Bertan, Jordi Bosch adituak (Arkitekturan doktorea eta Zientzia Politiko eta Administrazioan lizentziaduna) Europako hainbat emantzipazio-eredu eta hauen ezaugarriak mahai-gaineratu zituen. Jarraian, bertaratuekin kontrastea egin zen dinamika parte-hartzaileen bitartez eta eskari, ondorio eta hobekuntza-proposamenak garatu ziren. Hemen duzu emaitza.

[PDF] EuroEmantzipatu jardunaldiko ondorio-txostena

Eta zuri, zer iruditu zaizu EuroEmantzipatu ondorio-txostena? Nola ikusten dituzu mahai gainean jarritako ereduak? Baten bat aplikagarri ikusten duzu?

2019an hasi berri dugun ibilbide hau jorratzen jarraitu nahi dugu, beraz gaia interesekoa baduzu eta eguneratua egon nahi baduzu idatz iezaguzu etxebizitza@egk.eus helbidera edo deitu 945 22 06 01 zenbakira.

Aurten etxebizitza eta emantzipazioaren gaiei are pisu gehiago eman nahi diegu, estuki lotuz gazteoi -eta, bereziki, emakume gazteoi- eskaintzen dizkiguten lan baldintzekin.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.