#EtxebizHitza Twitter lehiaketa - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

#EtxebizHitza Twitter lehiaketa

Euskadiko gazteak, batez beste, 30 urterekin emantzipatzen dira. Horixe da egungo datua. Gogorra baina egia. Etxebizitza-merkatua hainbatetan da mintzagai eta ez beti datu baikorrengatik. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) aukera probestu nahi dugu zure iritzia jakiteko. Horregatik, #EtxebizHitza Twitter lehiaketa antolatu dugu.

Adituek aholkatzen dutenez, pertsona batek diru-iturrien %30a bideratu beharko luke etxebizitzaren gastuak ordaintzera. Zifra hori %40ra gerturatuko balitz gain-esfortzua kontsideratuko litzateke. Zein da errealitatea? Batez beste soldatak 996€koak direla eta alokairua 880€koa. Ehunekoa askoz ere altuagoa da.

Zer egin daiteke horren aurrean? Egoera sozioekonomikoa dena izanda (lanaldi partzial ugari, behin-behinekotasuna, lan baldintza prekarioak…), zer egin daiteke etxebizitza alorrean? Nahi duzun gaia jorratu: Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen #Gaztelagun programa, gainerako administrazioen etxebizitza-politikak, ezagutzen dituzun eredu egokiak (edo ez hain egokiak), etxebizitza-legeak zer islatu beharko lukeen, merkatua erregulatu beharko litzatekeen ala ez, eskubide subjektiboa den ala ez… Eta bururatzen zaizun beste edozer!

Nola ez, lana musu-truk ez dizugu eskatuko. Beti bezala, sari apartak eskaintzen dizkizugu:

1go saria: Bi pertsonentzako gaua Zumeltzegi Dorrean (Oñati).

2. saria: Parapentean hegaldia bi pertsonentzako (Sopela).

3. saria: Gatz Haranera eta iturburuetara bisita (Añana).

Oinarriak bere osotasunean hemen dituzu. Bidali zure txioa maiatzaren 2tik 30era #EtxebizHitza traola erabilita eta @GazteKontseilua zitatuz. Planteatutako galderak erantzun edo zuri bururatzen zaizun hori txiokatu.

[PDF] 2018ko #EtxebizHitza Twitter lehiaketa oinarriak

Gainerako ekimenak bezala, EAEn bizi edo bertakoak diren 18 eta 30 urte bitarteko gazteei bideratua dago lehiaketa. Edozein zalantza izanez gero, idatzi komunika@egk.org helbidera edo deitu 943 42 97 67 (Jon) zenbakira.

#EtxebizHitza Twitter lehiaketako kartela

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .