Gerragatik markatutako hiri europarrak bisitatzeko programa hezitzailea sustatuko dugu

Etikasi programaren oinarrizko informazioa

Pasa den urtarrilaren 31n etikasi programa aurkeztu genuen Gasteizen Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiarekin batera. Ordutik izan duen harrerarekin oso gustura gaude, bai hedabideetan lortutako agerraldi kopuruagatik eta bai izen-emateak daraman erritmoagatik.

Proiektuaren helburua Europako leku ospetsuetara egindako bisita hezitzaileen bitartez etikari (etika ikasi) eta giza eskubideei buruz ikastea da, besteak beste kontzentrazio esparrua izateagatik markatuta gelditu diren hiriak edo indarkeria gordina jasandako zonaldeak, Ipar Irlanda adibidez. Giza eskubideetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspuntutik, zuzenean eta pertsonalki leku horietan egoteak eta jazotako gertakizun traumatikoei buruzko istorioak ezagutzeak potentzial pedagogiko handia eta iraunkorra dauka. Jarraian irakur dezakezu etikasi programari buruzko oinarrizko informazioa:

[PDF] etikasi programa oinarrien laburpena

Bide labur honetan hainbat galdera egin dizkigute eta, sortutako hainbat zalantza errepikatzen direla ikusi dugunez, hauek pilatu eta erantzunak argitaratzea pentsatu dugu:

  • Batxilerreko ikasleen kasuan, gela osoak eman behar du izena ala batzuk joan daitezke? Etikasi programa izen-emateko, ikasgelako ikasle guztiek parte hartu behar dute. Taldeak osotasunean lan eginda hausnarketa interesgarriagoak eta aberasgarriagoak sor daitezke.
  • Ikasleekin batera, zenbat heldu doaz bidaia hezitzaileetara? Batxilerreko ikasleen kasuan, lau heldu doaz: ikasgela bakoitzeko irakasle bat, EGK-ko bi pertsona (presidentea eta bake eta bizikidetza teknikaria) eta aurre-formakuntza eskainiko duen pertsona.
  • Zein izan behar da bideoak jorratutako gaia? Eta iraupena? Batxilerreko ikasleek egin behar duten bideoan giza eskubideei buruzko hausnarketa bat jorratu behar dute, haiei interesekoa iruditzen zaien moduan. Materialak gutxienez hiru minutuko iraupena izan behar eta, gehienez, sei minutukoa.
  • Egin beharreko bideoan, ikasgelako kide guztiak azaldu behar dira? Ez, ez da beharrezkoa. Baina prozesuan parte hartzea onuragarria eta aberasgarria izango da.
  • Izen-emango duten ikasleek EAEkoak izan behar dira? Batxilerreko ikasleen kasuan ikastetxea EAEkoa izan behar da. Unibertsitateko lehen mailako ikasleen eta Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako ikasleen kasuan, izen-ematea banakakoa denez, EAEn erroldatuak egon behar dira.
  • Izen-ematea egin ahal izateko dokumentazioa zein helbidetara bidali behar da? Oinarrietan zehaztu bezala, izen-ematea otsailaren 22a arte egin ahalko da bakea@egk.eus Gainerako dokumentazioa helbide berdinean aurkeztu beharko da oinarrietan zehaztutako dauden epeetan. Ezingo da modu presentzialean egin.
  • Zenbat plaza eskainiko dira? Batxilergoko 1. mailako ikasle-taldeen kasuan, gehienez 30 plaza eskaintzea aurreikusten da lau eguneko bisita egin dezaten Auswichtzera, Polonia. Lanbide Heziketako Erdi eta Goi Mailako heziketa zikloetako eta Unibertsitateko lehen mailako ikasleen kasuan, gehienez 30 plaza eskaintzea aurreikusten da bost eguneko bidaia egin dezaten Belfastera, Ipar Irlanda.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

Eskaeren zuzenketa-epea

Bi kasuetan 10 egun naturaleko epea egongo da 2019ko martxoaren 11tik martxoaren 21era (biak barne) arrazoi bat edo bestearengatik osatu gabe dauden eskaeren zuzenketarako. Ebazpena apirilaren 1ean izango da. Ebazpena publiko egiten denetik, etikasi programan parte hartzeko hautatuak izan direnek gehienez 10 egun natural izango dituzte programan euren parte-hartzea berresteko. Hau da, 2019ko apirilaren 11 arte.

Emaitzaren onarpenak, bidaiaren aurreko formakuntzan parte hartzeko konpromisoa onartzen dutela esan nahi du. Parte-hartzaileek bidaiaren ondoren beste lan bat egin beharko dute, bidaian ezagututako lekuaren eta Euskadin egindako memoria kritikoaren artean etikaren ikuspuntutik dauden amankomuneko puntuei buruz ondorioak ateraz. Honetarako, parte hartzaileek bidaiaren inpaktua ebaluatzen duen hezkuntza-modulu bat garatu beharko dute.

Behin-behineko kronograma (taldeen beharretara egokitu daiteke):

  • Bidaia aurretiko formakuntza: 2019ko apirila eta maiatza
  • Bidaia: 2019ko ekaina eta uztaila
  • Ebaluazio-modulua: 2019ko iraila

Hauez gain, zuri ere informazioa irakurtzean zalantza edo galderak sortuz gero, idatz iezaguzu bakea@egk.eus helbidera edo deitu 943 42 97 67 zenbakira.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.