El empleo es clave para el proyecto de vida de las personas jóvenes

“Enplegua gazteon bizi proiekturako giltzarria da”

“Enplegua gazteon bizi proiekturako giltzarria da”

Donostia, 2016ko ekainaren 1a. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) enplegua “gazteon bizi proiekturako giltzarria” dela aldarrikatu du eta “egonkortasuna bermatu ezean gazteak etorkizun prekarioa eta ez-ziurra izango dugula”. Are gehiago, Gazteen Euskal Behatokiaren datuen arabera Gipuzkoako gazteok EAEko batez besteko soldata baxuena dutela gogorarazi du Itsaso Andueza presidentak. “18 eta 24 urte bitartean 878€ da bataz bestekoa eta Behatokiaren arabera EAEko gazteen hirutik bat ere ez da iristen mileurista izatera” aipatu du EGK-ko presidentak.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Batzordean egindako agerraldian gazteon egoera mahai gainean jarri nahi izan du Anduezak. Batzarkideen aurrean egindako erradiografian hainbat datu azpimarratu ditu EGK-ko presidentak. “Gipuzkoako biztanleriaren %13,5 gaztea da, emantzipazio adina 28,9 urtekoa da baina soilik %19,9a bizi da gurasoen etxetik kanpo”. Ildo horretan, Behatokiak argitaratutako Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2014 dokumentuan azaltzen den ondorio nagusia nabarmendu du EGK-ko presidentak: “Euskadiko gazteek beren soldaten bikoitza jaso beharko lukete merkatu librean etxebizitza bat beren kabuz eskuratzeko”.

“Bekak hezkuntza edo formazio planetan, ez enpleguan”

Batzarkideen galderei erantzunda, Anduezak argi utzi du bekak ez direla txarrak beti ere hezkuntza edo formazio planetan badaude. “Egun beka asko enplegu planetan daude eta hori ez da bidezkoa. Ez dago inolako lan-harremanik gaztea eta enpresaren artean eta honela gazteak ez du eskubiderik bereganatzen: antzinatasuna, langabeziarako kotizatzea, etab.”, salatu du. Ildo horretan, 2015ean argitaratutako Gazteon errezetak gazteontzako enplegua sustatzeko dokumentuan 17 eskariak ekarri ditu gogora EGK-ko presidentak eta neurriak diseinatu eta aplikatzerakoan kontuan izateko eskatu die batzarkideei.

Azkenik, EGKren funtzioa oroitarazi du Anduezak. “Legebiltzarrean adostutako lege baten eskutik jaio ginen eta 30 urtez sortze-arrazoi horien ildotik egin dugu lan: gazteen, gazte-elkarteen eta erakundeen arteko interlokuzio eta zubi lana egitea gazten eskubideak bermatu eta defendatzeko eta gazteongan eragina duten politiken gazte ikuspegia islatzeko”. Horren adibide bezala, Eusko Jaurlaritzaren Lehen Aukera programari egindako ekarpenak eta beste hainbat kontraste lan aipatu ditu.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .