Azaroak 25: Gazteok ere emakumeen aurkako indarkeriaren kontra

Emakumeen indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna

Azaroaren 25a Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko eguna da eta, nola ez, hilabete osoan zehar gai honen jirako programazio luzea dugu eskura erakunde, elkarte eta talde feminista ezberdinen eskutik.

Emakumeen aurkako indarkeriak hamaika aurpegi ditu. Bikote artean, lagun giroan edota etxerako bidean eman daiteke. Eta oraindik ere, eraso matxistak baimentzen dituzten jarrerak aurki ditzakegu esparru ezberdinetan, 2016an atera genuen dosierrean azaldu moduan, indarkeria zuzenak (eraso fisikoa, irainak, jazarpena, abusua…) icebergaren punta baino ez baitira.

Hori dela eta, EGK-tik egun hau aprobetxatu nahi izan dugu gure aldarria plazaratzeko.

Indarkeria Matxista salatzeko protokoloa

2016ko ekainaren 22an onartu ziren EGKren Berdintasun Protokoloak; bata, eraso LGTBI+fobikoak salatzeko eta, bestea, eraso Matxistak salatzeko. Gaurkoan, ordea, azaroaren 25 izanik, bigarren honetan zentratuko gara.

Protokoloaren helburua Euskadiko gazteriaren artean ematen diren Indarkeria Matxistak salatzea eta honen aurkako jarrera adieraztea da. Horretako, erasoa jasan duena edo erasotzailea 16-30 urte bitarteko adin tartean aurkitzen denean, gertakariak Euskadin ematen direnean edota Euskadiko gazteen artean jazotzen direnean, EGKtik salaketa publikoa egiten dugu. Sare sozialetan ikus daitekeen bezala. Baita hedabideetara prentsa-oharra bidali ere.

2018 urteko urtarriletik gaur arte, EGKtik 49 aldiz aktibatu dugu protokoloa jada. Baina protokoloak ez ditugu kasu bakar batekin aktibatzen, bi edo hiru kasu ematen direnean ere aktibatu izan ditugu. Beraz, guztira, 65 eraso kasu eman direla adierazi behar dugu: 19 Araban, 24 Bizkaian eta 22 Gipuzkoan. Eta horietatik %46,15a bikotekide eta bikotekide ohien artean eman dira.

Gainerako kasuak bikote eta bikotekide ohien arteko harremanetik at emandako indarkeriak izan dira. Hori dela eta, gogorarazi behar da 1/2004 Legeak Genero Indarkeria moduan ulertzen ez dituen kasuak ere badaudela.

Errealitatearen ondar alea

Aipatutako datuak, ordea, errealitatearen isla txiki bat baino ez dira. Zoritxarrez, faktore asko baitaude Euskadiko gazterian ematen den Indarkeria kasuen errealitatea osatzea zailtzen dutenak.

Lehenik eta behin, argi dugu aurrera pausoak ematen ari diren arren, eraso matxisten ehuneko handi bat ez dela salatzen. Bigarrenik, EGK-k soilik administrazio, mugimendu feminista eta hedabideetatik lortutako informazioarekin egiten du lan. Hori dela-eta, bertatik lortzen den informazioa oso urria izaten da eta benetako errealitatea ezagutzeko datuak falta izaten ditugu.

Ondorioz, matxismoak errealitatea izaten jarraitzen duela esan behar dugu, bai gizartean orokorrean, baita gazteen artean konkretuki ere. Hori dela-eta, EGKtik lanean jarraituko dugu Indarkeria Matxistari aurre egiteko.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.