Emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala helburu - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

Emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala helburu

Emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala lortzeko oraindik pausuak emateko daudela begi-bistakoa da, eta eguneroko hainbat gertakarik are nabarmenago egiten dute. Era berean, zoritxarrez, oraindik LGTBI+ kolektiboaren beharrizanak asetzeko eta eskubideak bermatzeko tresnak ezarri gabe daude. Abiapuntu hau oso presente izan genuen 2018ko proiektuak eta egitasmoak diseinatzerakoan.

2018an egindakoa

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) gainerako lan-arloetan bezala, berdintasun lan-arloan lantaldea da norabide eta pausuen oinarria. Gaur8n jorratutako proposamenak eta identifikatutako erronketatik jorratuta egin dira 2018an proiektuak. Batetik, 2016ko ekaineko Ezohiko Batzarrean onartutako Berdintasun protokoloak aktibatzen jarraitu dugu. Posizionamendu publiko hauekin berdintasunaren aldeko pausuak eskatzen dizkiegu administrazio eta gazteei, Indarkeria Matxista eta LGTBI+fobikoaren aurrean #GukEzetz! argi eta ozen esateaz gain.

Era berean, aipatutako protokoloetan garrantzia handia ematen diogu berdintasuna zeharkako balore bezala txertatzeari eta, zentzu horretan, ezinbestekoa da hezkuntzaren papera. 2018an zehar gazteok hezkidetza eta honen garapena nola baloratzen dugun aztertu dugu galdetegi eta eztabaida-talde bitartez etorkizunean eman beharreko pausuen norabidea zehazteko. Laster kaleratuko ditugu ondorioak!

Bestetik, pasa den astean azaldu genizun bezala, #EmakumeakBizikidetzan ekitaldia antolatu genuen emakumeek anitza den gizarte baten bizikidetza errealitate bilakatzeko dituzten erronkak identifikatzeko.

Horretaz gain, egunerokoan hainbat gertakari sortu dira eta hauen aurrean EGKtik gure jarrera azaldu dugu, besteak beste martxoaren 8ko greba feminista, Soldata Berdintasunaren Europako eguna, LGTBI+fobiaren aurkako eguna edo Sexu-askatasunaren nazioarteko egunaren harira.

Azkenik, parte hartzean eta, batez ere, esfera publikoan ematen den ezberdintasuna aztertu, honi buruz hausnartu eta hobekuntza proposamenak mahai-gaineratzeko #Plazandre ekitaldia antolatu genuen.

Eta 2019rako, zer?

Albiste hasieran esan bezala, etorkizunari begira asko dago egiteko. Zorionez, 2018an zehar hainbat lan-ildo identifikatu ditugu eta badugu nondik hasi eta nora jo nahi dugun. Orain lana identifikatutako arazoak eta hauen harira garatutako hobekuntza-proposamenak foro ezberdinetan mahai-gainean jartzea izango da, indar berezia eginez administrazio eta pertsona gazteei helarazi eta aldaketak lortzeko.

Oraindik plangintza ez dugu erabat zehaztu, beraz ideiarik izanez gero bidal iezazkiguzu berdintasuna@egk.eus helbidera edo deitu 94 44 36 143 zenbakira.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.