Ekintzailetza eta atzerrira joatea ez dira desenpleguaren konponbidea - EGK

“Ekintzailetza eta atzerrira joatea ezin dira izan gazteon desenpleguaren aurkako konponbidea”

 "Gazteek bizi duten testuinguru sozioekonomiko larria " izango da Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren lan-ildo nagusia, Legebiltzarrean iragarri duenez

Gasteiz, 2013ko maiatzaren 6an. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren presidente berri Itsaso Anduezak Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du gaur, Koldo Bilbao diruzainarekin batera. Bere mintzaldian, "EGK-ren lan ildo nagusia gazteek bizi duten testuinguru sozioekonomiko larria" izango dela iragarri du. Zentzu honetan, "ekintzailetza eta atzerrira joatea ezin direla gazteen desenpleguaren eta prekarietatearen aurkako konponbide nagusia izan" adierazi du. "Atzerrira joatea oso polita eta aberasgarria da norbere erabakia denean, baina ez da horren polita egoerak behartuta egiten duzunean", nabarmendu du Anduezak. Zer bizipen dituzte lan-erbesteratzea sufritzen duten gazteek? Zer politika publiko mota pairatzen dute atzerrian daudenean?". Galdera horietatik abiatuta, gazte erakundeak errealitate horiek guztiak ezagutu nahi ditu, ondoren Eusko Legebiltzarrari helarazteko. Horretarako, Sos Gazte Atzerriratuak, Manda tu postal contra el exilio laboral proiektua abiatuko du oso laster.

Ekintzailearen B aldea

Era berean, 60 gazte elkarte eta eragile baino gehiago biltzen dituen eragile honek beste ekimen baten berri eman du: Apadrina a un joven. Ekintzailetzaren B aldea, hain zuzen. "Ekintzaile izaterako orduan gazteok pairatzen dugun zaurgarritasuna ikustaraztea eta ekintzailetasunak egoera oraindik prekarioago batean utzi gaitzakeela nabarmentzea" dira EGK-ren helburuetako batzuk. Bestalde, gazteen enpleguari buruz lan egiteko talde ezberdinek osatzen duten lantaldea dinamizatzen jarraituko du Gazteriaren Kontseiluak. Gaur egun, enplegu plan ezberdinak aztertzen ari da lantalde hau, Administrazioari gazteen desenpleguari eta prekarietateari aurre egiteko proposamenak helarazteko. EGK-ko presidenteak zehaztu duenez, Euskal Behatokiaren datuen arabera 18 eta 29 urte bitartekoen langabezia tasa %27-koa da. Gainera, 25 eta 29 bitartekoen %43-ak aldi baterako kontratua dauka (horietatik %60-ak urtebete baino gutxiagokoa). Aldi baterako kontratua dutenen ehunekoa oraindik altuagoa da 18 eta 24 urte bitarteko soldatapekoen artean: %68a dago egoera horretan. Horrez gain, INE-ren datuei so eginez, 2010ean Euskal Autonomia Erkidegoko migrazioen %32a 18 eta 29 urte bitarteko gazteena izan zen, 6.084 pertsona hain zuzen ere. Hurrengo urtean, 2011n, kopurua handitu egin zen: orduan 10.600 gazte baino gehiagok alde egin zuten Autonomia Erkidegotik. Guztira, 18 urteko biztanlegoaren adina gazte joan ziren EAEtik bi urtetan.

Kanpaldia Legebiltzarrean

Aipatutakoak ez dira EGKren proiektu bakarrak. Presidenteak azaldu duenez, Kanpaldia Legebiltzarrean izeneko egitasmoa gauzatuko du erakundeak aurten. Zehazki, astialdi hezitzaileko talde eta elkarteek gazteria, hezkuntza eta gizarte politiketan ahotsa izan dezatela nahi du, bai eta astialdi, hezkuntza formala eta Administrazioaren eragileen artean sareak josi ere. Era berean, gazteria politiken esparruan aholkulari lana egiten eta gazte elkarteen eta Administrazioaren artean zubi lana egiten jarraituko du EGK-k. Bestelako lan-ildo konstolidatuei ere helduko die, esaterako EtxebizHitza plataformaren koordinazioa, Piztu buletin digitala eta Berriz Berri agenda. Hori guztia, egoera ekonomiko zail batean murgilduta. Izan ere, presidenteak azaldu duenez, "aurreko Eusko Jaurlaritzak egindako murrizketen ondorioz Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren gaitasuna" mugatuta geratu baita. Lau hilabeteetan lau pertsona kaleratu behar izan dituela azaldu du koordinatzaile berriak. Ondorioz, 2013an bost langile baino ez ditu izango EGK-k (sei irailetik aurrera), horietako gehienak jardunaldi murriztuekin. Guztiarekin ere, Anduezaren hitzetan "Kontseiluak lanean jarraituko du, gazteok bizi dugun egoera sozioekonomiko zailari aurre egiteko prest".

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.