IKD GAZtE

EGK-k UPV/EHU-ko ikasleek egindako IKD GAZtE ekimenean parte hartu du

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) UPV/EHU-ko Donostiako campuseko ikasleek egindako IKD GAZtE ekimenean parte hartu du. Proiektu honen helburu nagusia, curriculuma garatzeko IKD (Ikaskuntza Kooperatiboa eta Dinamikoa) ereduaren esparruan UPV/EHUn modu aktiboan ikasteko metodologiak ezartzeko prozesuan ikasleak ahalduntzea sustatzea da, ekimen sena bultzatuz. Hau dela eta, EGK-k eta beste zazpi eragile sozialek erronkak proposatu zizkieten ikasleei eta hauek, taldeetan banatuta, hauei erantzuna bilatzeko proiektuak garatu behar izan dituzte.

Hauxe da EGK-k proposatu zuen erronka: UPV/EHU-aren baitan proiektu piloto bat sortu zeinen bidez ikasleek haien lan eskubideetaz jabetuko diren (eskubideak ezagutu eta normalean ematen diren eskubide urraketak identifikatu) eta, aldi berean, lan munduan jarduteko beharrezkoak diren gaitasunak garatuko dituzten (haien ikasketetan dagoeneko garatzen ez direnak). Hau da, gazteen eskubide berdintasunean oinarrituko den hezkuntza eta lan merkatuaren arteko zubi alternatibo bat eraikitzen hasi.

Ideia honen gainean, ikasleek martxoa eta maiatza artean egin diren 10 saio izan dituzte eragilea hobeto ezagutu eta proposamena egiteko; honen ondorioz, apirilaren 23an ikasleek pentsatutako proiektu guztiaren zati bat gauzatu zen “zerbitzu egunean”: dinamika batzuk landu eta ikasle eta langile gazteen esperientziak entzun ziren, besteak beste, Amaia Elorza EGK-ko enplegu teknikariarena.

Maiatzaren 4an lanketaren azken eguna izan zen eta diploma bat eman zieten eragile guztiei. EGKrekin batera, ekimenean Albaola, EHU/UPV, ISM/FGI, La Salle Berrozpe, Gureak, Kalapie eta Elkartu ere izan dira.

EGKren taldearen parte-hartzaileak Josu Herce, Aitziber Erquicia, Maialen Cruz, Ainhoa Celaya, Oier Marcos, Ander Rodriguez eta Maddi Ibarzabal izan dira eta Nagore Madariagak koordinatzaile lanak egin ditu. Argazkian EGK-ko presidentea den Itsaso Andueza eta Batzorde Iraunkorreko kide den Gorka Maiztegirekin agertzen dira. IKD GAZtE proiektuaren koordintzaile nagusia Oihane Calderon izan da.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .