Gazteok dugun egoera ez da nahi eta behar duguna eta Legebiltzarrean aldaketak eskatu ditugu - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

Gazteok dugun egoera ez da nahi eta behar duguna eta Legebiltzarrean aldaketak eskatu ditugu

  • 2016ko ekainetik Indarkeria Matxistaren aurkako protokoloa sei egunean behin (guztira 115 aldiz) aktibatu dugu

  • Soldata baxuek, lan prekarietateak eta etxebizitzaren prezio altuek (alokairu zen jabetzan) bizi-proiektua egitea zailtzen dute

Gaur goizean Maialen Olabek, EGK-ko presidenteak, agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria Batzordean gazteon egungo egoera mahai gainean jartzeko. Izan ere, datuek argi uzten duten bezala, gazteon egoera ez da ez egokiena eta ez nahi eta behar duguna. Argi utzi nahi izan dugu hainbat gauza daudela aldatzeko bai alor sozioekonomikoan (enplegu eta etxebizitza, esaterako) eta baita berdintasun arloan ere. Azken honetan, Indarkeria Matxistaren aurkako protokoloa hainbatetan aktibatu behar izan dugula salatu dugu; zehazki 2017an 68 aldiz eta 2016ko ekainetik sei egunean behin. Zoritxarrez, kasu batzuetan erasoa emakume bat baino gehiagok jasan duela salatzeko aktibatu behar izan dugu. Era berean, aipatutako protokoloaren eskariak gogorarazi nahi izan ditugu, batik bat 1/2004 Legeak behar dituen azaltzeko, esaterako, emakume izateagatik jasandako eraso oro ulertu beharko litzateke Indarkeria Matxista bezala.

Batez beste 996€ko soldata eta 880€ko alokairu pribatua

Legebiltzarkideen aurrean egindako agerraldian emantzipatzeko ditugun arazoak azpimarratu ditugu. Pertsona gazte batek etxebizitza gastuetara %30a bideratzea aholkatzen da, baina egoera oso bestelakoa da.

  • Jabetzan izateko, batez beste 18 eta 34 urte bitarteko gazte batek diru-sarreren %54,9 bideratu behar du. Aholkatutako %30a izateko diru-sarrerek %83 igo beharko lukete (emakumeen kasuan ia %100a)
  • Zifra hori alokairuan are altuagoa da, %66,9 (880€) bideratu beharko genuke. Izan beharreko diru-sarrerak ere altuagoak izan beharko lukete, batez beste %122,8 eta %143,3 emakume gazteen kasuan.
  • Aholkatutako kopurua betetzea ahalbidetzen duen bakarra alokairu babestua da.

Egoera sozioekonomikoarekin amaitzeko enpleguari eta honen baldintzei tartea eskaini diogu: 2018ko lehen hiruhilekoan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen %16,4 langabezian gaudelako, emakumeen kasuan %18,6 eta gizonezkoetan %14,2. Horrek bizi-proiektua egitea zailtzen digula salatu dugu eta, horregatik, legebiltzarkideei lanean jarraitu eta hausnartzeko eskatu diegu oraindik asko egiteko baitago enpleguaren kalitatean. Horren adierazgarri bezala 2017an lau aldiz aktibatu dugun lan istripuen aurkako protokoloa, birritan istripu larriengatik eta beste birritan langilearen heriotzagatik.

Horretaz gain, 2017an egindakoaren memoria aurkeztu dugu. Lan-arloen azalpen orokorra egin du, besteak beste: Indarkeria Matxistaren aurrean gazteen posizionamendu publikoa sustatzeko #GukEzetz! kanpaina, hezitzaileei bideratutako gidak (Sexualitateren Koloreak eta Mugarik Gabeko Aniztasuna), bake eta bizikidetza lan-arloko teknikariak eta presidenteak Saharako Errefuxiatuen kanpamentuetara formakuntza bat eskaintzera egindako bidaia, gazteen iritzia islatzeko Lan egokiaren kanpaina, bizikidetza eta aniztasuna jorratzeko #GazteokBizikidetzan ekitaldia eta ikasleek urtean zehar dituzten garraio-gastuak aztertzeko #ZergArraio! txostena.

2018rako hainbat proiektu

Legebiltzarkideen aurrean EGK-ko presidenteak elkarteen plataformaren 2018rako lan-ildo nagusiak ere azpimarratu ditugu. Azken urteetan bezala, berdintasun lan-arloa oso garrantzitsua izango da. Parte-hartzean ikusi dugun maskulinizazioa dela-eta Plazandre proiektua jarriko dugu martxan emakumeok publikoki aritzeko ditugun arazoak, trabak eta erronkak jorratzeko, behin hauek lortutakoan EGK-ko elkarteei tresnak helarazi eta gizarterako. Beste proiektu batzuk izango dira Europako eredu eta adibideen azterketa haietatik zerbait Euskadin aplika daitekeen ikusteko; UPV/EHUko Unibertsitateko elkarteen arteko topaketa; uztailean eskainiko den “Unibertsitateak bizi zaitu udako ikastaroa” edo 2016ko ekainetik aktibatzen duten Indarkeria Matxistaren aurkako protokoloan aipatzen den Hezkidetza garatzeko galdetegi bat eta eztabaida-taldeak.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.