ONGI ETORRI WEB BERRIRA

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari buruzko artikulu bati erantzuna

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluari (EGK) buruzko artikulu bat dela eta, EGK-ko Batzorde Iraunkorrak honakoa adierazi nahi du, testuak biltzen zituen akatsen aurrean:

1) “Los continuos recortes… han provocado el despido a finales de año anterior de dos empleados”. Egia esateko, 2012an kaleratze bat egon da, ez bi. Zehazki, Arabako Koordinatzailea izan da kaleratua.

2) “Los recortes se han mantenido (…) con dos gobiernos diferentes en Gasteiz”. Ez da horrela. Orain arte, gobernu bakar bat izan da murrizketak egin dituena: Patxi López-en taldea. Zehazki, %55ean murriztu zuen Eusko Jaurlaritzak EGK-ri ematen zion diru-laguntza izenduna. Gaur gaurkoz, ez dakigu zein izango den Eusko Jaurlaritza berriak EGK-ri emango dion diru-laguntza. Bestalde, Patxi López-en murrizketari Arabako Foru Aldundiko murrizketa gaineratu zitzaion, PP gobernatzen hasi zenean 0 eurora murriztu baizuen EGKrentzat ekarpena Araban.

3) “Sabemos que en Cultura el presupuesto va a caer en un 20%…”. Datu okerra da. Kultura saileko aurrekontua %10 inguru jeitsiko da, publikoki ezagutarazi den bezala. Kultura sailaren baitan, Gazteria arloari egokitutako aurrekontua %20a baino altuagoa izan daiteke. Dena delakoarekin ere, Cristina Uriarte sailburuak batzorde batean adierazi zuenez, ez du EGKren diru-laguntza neurri horretan murriztuko.

4) “…se esconde una decisión de dejar una estructura mínima de cinco personas…”. 2012an zehar eta 2013ko lehen hiruhileko honetan langileen taldea bost teknikari baino gehiagokoa izan bada, ez da izan EGK-ren orain arteko diru-laguntza nahikoa izan delako, baizik eta, aurreko Gobernuak ezarritako murrizketen aurrean, EGK-ko Batzorde Iraunkorrak urteetan zehar lortutako diru soberakina gastatzea erabaki zuelako, inor kaleratu behar ez izateko.  Gaur egun pairatzen ari garen jardunaldi murrizketak, soldata jeisteak eta KPI (IPC)-aren kongelazioak (bai eta EGKren proiektu murrizketak ere) aurreko Eusko Jaurlaritzak ezarritako murrizketen ondorio dira. Murrizketa horiei Arabako Foru Aldundiak egindakoak gaineratu zitzaizkien, EGKrentzat bere diru-ekarpena 0 eurora jeitsi baitu azken gobernuak. Orain, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza ezagutzeko zain gaude. Ondorioz: lantalde teknikoaren balizko murrizketa orain arte pairatutako murrizketen ondorio zuzena da, eta ez etorkizunean pairatu ditzakegun balizko murrizketen emaitza (murrizketa berri batek, noski, kaleratze edo jardunaldi jeitsiera gehiago ekar litzake).

5) “El presupuesto de este año pasado fue de 179.500 euros”. Hau ere ez da horrela. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza hori baino txikiagoa izan zen (173.500 euro), eta argitu beharra dago Jaurlaritzaren diru-laguntza ez dela EGK-ren aurrekontu osoa: Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundien hitzarmenak gaineratu behar zaizkio zifra horri.

Azkenik, honakoa nabarmendu daiteke ere:
EGK beti saiatu izan da Kontseiluaren murrizketei eta Gazteria Politiken esparruko artazikadei modu bateratuan aurre egiten, ia 60 elkarte eta eragile barnebiltzen dituen topagune gisa, eta ahots ezberdinak mezu amankomun batean bateratu nahian (langile guztiena, Batzorde Iraunkorrarena eta Batzar Nagusiko elkarteen gehiengoarena). Behin baino gehiagotan prentsaurrekoak eskaini izan ditugu EGK-k sufritzen duen egoera larria ezagutarazteko. Eta, gure ustez, modu berean aritu behar izango da EGK oraingoan ere: gazte erakunde gisa eta ahalik eta elkarte gehienen adostasuna lortuz, noiz eta nola posizionatu erabaki behar izango du, behin Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza proposamena ezagutzen duenean eta larunbatean burutuko duen Batzar Orokorra eta gero. Aipatutako artikuluak langile bakar baten bertsioa jasotzen du (gainerako langileekin kontatu gabe eta Batzorde Iraunkorraren eta Batzar Nagusiaren elkarteen gehiengoaren ahotsa aintzat hartu gabe). EGK-ren Batzorde Iraunkorraren ustez, hori ez da, inondik inora, Gazteriaren Kontseiluaren egoera islatzeko modurik egokiena.

Informatzen jarraituko dugu!

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .