EGK-k gazteen proiektu autogestionatuen errealitatearekin elkarrizketa eta lankidetza bideak eskatzen dizkie administrazioei

EGK-k gazteen proiektu autogestionatuen errealitatearekin elkarrizketa eta lankidetza bideak eskatzen dizkie administrazioei

Donostia, 2015eko azaroaren 4a. Atzo Donostiako Groseko auzoan dagoen Kortxoenea gaztetxearen utzarazte eta eraistearekin esnatu ginen, gazteek bost urtez autogestioaren bidez kudeatu duten proiektua hain zuzen.

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK) plataforma anitza da eta bere baitan 60 elkarte daude; hauetariko batzuetan, mugimendu honetan oso aktiboak diren pertsonak daude eta, besteetan, gaztetxe batean inoiz zapaldu ez dutenak ere egongo dira. Modu batean edo bestean, ezin ditugu begiak itxi gure inguruan ematen ari den errealitatearen aurrean: gazteek kudeatutako proiektu autogestionatuak egon dira, badaude eta egongo dira. Proiektu hauengandik hurbiltasun handia edo txikiagoa sentitu daiteke, baina onartu behar da hauei esker gazteak antolatzen direla, parte hartzen dutela, gizartean sartzen direla eta ekintza kulturalak bultzatu eta euren kokalekuen inguruak dinamizatzen dituztela.

EGKtik gazteek kudeatzen dituzten proiektu autogestionatuekin elkarrizketa eta lankidetza bideak ireki ditzatela eskatzen diegu tokiko administrazioei, beste gaien artean, kokapen onenak bilatzeko, ahal den segurtasun juridiko handiena emateko eta babes instituzional minimo batekin bere lana garatu ahal izateko. Honen eredu da, bat aipatzeagatik, Gernika-Lumoko (Bizkaia) Astra gunea.

Bide hau hartzen bada, noizbehinka errepikatzen den dinamika saihestuko litzateke, sendotuak dauden espazioen utzarazteekin (eta sortzen diren frustrazioekin) eta okupazio berriekin.

Horrela, espero dugu orain eraitsi den Kortxoenea gaztetxetik sor daitekeen proiektua berriak Donostiako Udalaren lankidetza izatea.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .