ONGI ETORRI WEB BERRIRA

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren LANA ARRISKUAN aurrekontu-murrizketagatik!!!!

  • Eusko Jaurlaritzak %20ean murriztu dio diru-laguntza EGK-ri.
  • 35 eragile baino gehiagok sinatu dute gazte-sarearen aldeko manifestua

Bilbon, 2011ko martxoaren 15ean. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren lana “arriskuan dago”, aurrekontu-murrizketagatik gazteria eragileak gaur goizean Bilbon emandako prentsaurreko batean salatu duenez. Elkartegintza sustatzeko eta gazteen bizi-baldintzak hobetzeko lan egiten duen gazte-sare honek bere aurrekontuan “murrizketa gogorra” jasan duela ohartarazi du.

Azken bi urteetan, Eusko Jaurlaritzak %20an murriztu du gazte-erakundeari ematen dion diru-laguntza nominatiboa, EGKren presidente Batiste Ezeizak azaldu duenez. 2009an erkidegoko-exekutiboak 331.000 euro eman zizkion 55 elkartez osatutako plataforma honi eta, hurrengo urtean (alegia, 2010ean), gobernu-taldeak 294.000 eurora murriztu zuen diru-kopurua (hau da, 37.000 eurotan). Ehunekotan, %11,2an gutxitu zuen subentzioa pasa den urtean. Orain, 2011 urtera begira, Jaurlaritzak berriz ere txikitu du kontu-saila; zehazki, iazko 294.000 eurotatik 265.000 eurotara murriztu du laguntza (hots, 29.000 euro gutxiago eman ditu). Azken jaitsiera honek beste %9,7ko jaitsiera suposatu du diru-laguntza honetan. Guztira, beraz, ordura arteko “aurrekontuaren bostena ukatu dio euskal Administrazioak EGK-ri”.

Testuinguru honetan, gazteria-sareak bere “gastuak murrizteko neurri sendoak hartu ditu”, bozeramaileen hitzetan. Bere proiektuak “erabat mugatu” behar izan ditu eta lanpostu bat betetzeari uko egin dio. Eta, hala ere, 24.727 euroko defizitarekin hasi du urtea. Beste era batera esanda: ia 25.000 euro falta zaizkio bere lana aurrera eraman ahal izateko.

“Borondate politiko falta”

Gazteriaren Kontseiluaren ustez, krisi ekonomikoa ez da murrizketa honentzat azalpen nahikoa. Aitzitik, “borondate politikoa falta dela” uste du EGK-k; alegia, “gazte-plataforma honen ereduaren aldeko apustua falta dela”. Apustu-eza hau beste maila batzuetan ere nabaritu daitekeela esan du presidenteak: “horren erakusle izan daiteke Gazteria Lege berri baterako zirriborroa: arau horren proiektuak Gazteria Institutu edo Erakunde bat sortzea aurreikusten du, EGK-ren papera zein izango litzatekeen zehaztu gabe”, zehaztu du. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak Gazteriaren Kontseiluari bere izaera juridikoa aldatzeko eskatu diola azaldu du Ezeizak, bai eta erakundearen jarduera arautzen duten Legea eta dekretua aldatzeko proposatu ere (aldaketa horiek EGK-ren funtzionamenduaren gainean eragina izan dezaketelarik).Gainera, aurreko urteetan ez-bezala, “aurten ez da positiboki baloratzen EGK-n parte hartzea, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzako diru-laguntzak jasotzeko”.

Testuinguru honetan, Gazteriaren Kontseilua bere aldeko atxikimenduak lortzeko kanpaina bat jarri du martxan. Zehazki, pasa den astean (hilak 8), EGKren aldeko manifestua zabaltzen hasi zen, eta honezkero hainbat esparrutako 35 kolektibo eta mugimendu baino gehiagok eman diote babesa elkartegintza sareari.

Honako lagunek parte hartu dute prentsaurrekoan (argazkian, ezkerretik eskuinera): Virginia Cormenzana (Batzorde Iraunkorreko bokala, JOC elkartetik), Batiste Ezeiza (EGK-ko presidentea), Usoa Mediavilla (Batzorde Iraunkorreko bokala, Lurgorri elkartetik) eta Idoia Bacigalupe (Batzorde Iraunkorreko bokala, Kale dor Kayiko elkartetik).

Horrez gain, EGK-ko hainbat elkarteetako kidek parte hartu dute, bere babesa erakusteko (Bizkaiko Urtxintxa Eskola, EGI, Iratzarri, Gazte Abertzaleak, Ezker Batua Gazteak eta Gazte Komunistak).

Albistea DEIAn (deskargatu):

Albistea GARAn (deskargatu):

Albistea BERRIAn (deskargatu):

Albistea EL PAÍSen (deskargatu):

ONDA VASCAn:

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .