Eraberritu gara, bere espazioa berreskuratzeko prest

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua eraberritu da, bere espazioa berreskuratzeko prest

Itsaso Andueza (Hezkide Eskola) eta Xabier Lasa (Ikasle Abertzaleak), EGK-ko presidenta eta presidenteorde berriak
Euskadiko Gazteriaren Kontseilua eraberritu da, bere espazioa berreskuratzeko prest

• Gazte elkarteen plataformak zuzendaritza talde berria aukeratu du

• Aurreko legegintaldian sufritutako murrizketen ondorioz, hiru kaleratze onartu ditu EGK-k.

Gasteizen, 2013ko martxoaren 18an. Gasteizko Judimendi gizartetxean burututako bere 32. Batzar Orokorrean, Euskadiko Gazteriaren Konsteiluak bere Batzorde Iraunkorra berritu zuen larunbatean, alegia, elkarteek aukeratuta, EGK-ren jarduna urtean zehar zuzentzen duen organoa. Gehiengo osoz, elkarteen plataformak Hezkide Eskolako Itsaso Andueza aukeratu zuen presidenta berri izateko, Batiste Ezeiza presidente ohiak kargua utzi eta gero.

Presidenteordearen kargurako, Batzarrak Ikasle Abertzaleak taldeko Xabier Lasa aukeratu zuen. Modu honetan, ikasle abertzaleen mugimendua lehen aldiz sartu da EGK-ren ordezkaritza organoan. Bigarren presidenteordetzarako, elkarteen gehiengoak Iratzarriko Asier Jaio hautatu zuen, orain arte EGK-ko bokal izandakoa. Idazkaritza Gaztetxoak Koordinakundearen esku jarraituko du, eta diruzaintza Lurgorriren esku geratuko da. Bokalietarako, honako elkarteak aukeratu zituen Batzarrak: Gazte Abertzaleak, Kale Dor Kayiko, Euzko Gaztedi, Ezker Anitza, Gazte Komunistak eta Gazte Sozialistak.

Sei talde gehiago

EGK-k sei talde gehiagoren sarrera onartu zuen ere: Topatu, Taupaka, Ai Laket eta Enba Gazteak, bai eta Gaztepolis eta Uztarri ere. Bestalde, Gazte Sahararren Ligak eta Ernai erakundeak ere Kontseiluko kide izateko eskaera egina zuten. Behin Eusko Jaurlaritzak bere elkarte-erregistroan onartzen dituenean, EGK-ko kide izatera pasa ahal izango dira.

Aldiz, Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartea Gazteriaren Kontseilua utzi du bere erabakiz, gazteentzat zuen programa bertan behera utzi duelako.

Kaleratzeak

Aurreko Jaurlaritzak ezarritako %55-eko murrizketak direla eta, Euskadiko Gazteiriaren Kontseilua marra gorrian aurkitzen da ekonomikoki, nahiz eta Euskadiko gobernu berriak 10.000 euroko igoera proposamena egin duen EGK-rentzat. Aurretik zituen diru-soberakinen zati bat gastatu du EGK-k 2012an zehar, langileen soldatak ordaindu ahal izateko. Beraz, orain arteko langile-egiturarekin jarraituz gero (bederatzi langile, ia guztiak jardunaldi murriztuekin), hamar hilabete barru ez zukeen dirurik izango soldatak ordaintzeko. Egoera honen aurrean, Batzorde Iraunkorrak langile baten kaleratzea aurreratzea erabaki zuen abenduan, ekainean langile horrek 30 urte beteko zituelako eta ondorioz Kontseilua utzi behar izango baizuen. Horrez gain, berregituratze proposamen bat idatzi zuen: EGK.-ko lanpostuak eta funtzioak berplanteatzea eta, birplanteaketa horren ondorioz, hiru langile kaleratzea. Batzarraren gehiengo osoak onartu zuen proposamena eta, ondorioz, aurrerantzean EGK-k ez du izango berdintasun teknikaririk, ez eta Gipuzkoa eta Bizkaiko Koordinatzailerik ere ez. Aurrerantzean, sei langile izango ditu EGK-k (horietako lau jardunaldi murriztuarekin): presidenta, idazkaria, komunikazio teknikaria, enplegu eta etxebizitza teknikaria, hezkuntza teknikaria eta, irailetik aurrera, parte-hartze teknikaria.

Ezker Anitza Gazteak proposamen alternatibo bat landu zuen, baina elkarteen gehiengoak atzera bota zuen. Era berean, Ikasle Abertzaleak taldeak honen inguruko batzorde bat sortzea eskatu zuen, baina eskakizuna ez zein aintzat hartu.

Eraberritu, espazioa bereskuratzea

Gazte elkarte gehienek adostasuna adierazi zuten honako puntuan: aken urteetan sufritutako murrizketak eta gero, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak bere esku dagoen guztia egin behar du bere planak abiatu ahal izateko aurrekontu nahikoa izateko. Plan horien artean dago Indartzen, EGK-ren jarduna berdefinitzeko hausnarketa prozesua. Era berean, gazte eragile gehienen iritziz, murrizketen testuinguru honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da EGK-ren lekua eta espazioa berreskuratzea, Euskadiko gazteen eskubideen alde lan egin dezan.

 

BATZORDE IRAUNKOR BERRIA

PRESIDENTEA: Itsaso Andueza, Hezkide Eskola.
1. PRESIDENTEORDEA: Xabier Lasa, Ikasle Abertzaleak.
2. PRESIDENTEORDEA: Asier Jaio, Iratzarri.
DIRUZAINA: Lurgorri.
IDAZKARIA: Coordinadora Gaztetxoak.
BOKALAK: Gazte Abertzaleak, Kale Dor Kayiko, Euzko Gaztedi, Ezker Anitza-Gazteak, Gazte Komunistak, Juventudes Socialistas.

 

AURREKO BATZORDE IRAUNKORRA:

PRESIDENTE: Batiste Ezeiza Sánchez. Euskal Herriko Giak.
1. PRESIDENTEORDEA Lurgorri.
2. PRESIDENTEORDEA: Euskalerriko Eskautak-Bizkaia.
DIRUZAINA: EDE fundazioa.
IDAZKARIA: Bizkaiko Gaztetxoen Koordinakundea.
BOKALAK; Euzko Gaztedi (EGI), Juventud Obrera Cristiana (JOC), Bizkaiko Urtxintxa Eskola, Gazte Abertzaleak, Kale dor Kayiko Gazteak, Iratzarri.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .