35 Asamblea General EGK

EGK-k Batzorde Iraunkorra berritu, elkarteek aurkezturiko hainbat proposamen adostu eta kide berriak onartu ditu

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko 34. Batzar Orokorra

  •     Itsaso Anduezak (Hezkide Eskola) EGK-ko presidente bezala jarraituko du, Maite López de Aguileta (Lilith - Emakume Gazteak) 1. presidenteorde berria izango da eta lau elkarte berri Batzorde Iraunkorrean sartu dira
  •      Gazteen plataformak hiru kide berri onartu ditu: Euskal Gorrak (Gazteria), Uzturre Kultur Elkartea eta Ekintza Katoliko Orokorra (azken hau, bazkide begirari gisa)
  •      Batzarrean inoiz baino proposamen gehiago eztabaidatu eta hainbat onartu dira, besteen artean, ETAren desegitea exijitu, Sahara eta bertako Hassanna Aalia aktibistari babesa eman eta lan munduan emakumeen berdintasuna eskatzeko

Donostia, 2015eko martxoaren 14a. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak bere 34. Batzar Orokorra egin du Donostiako Gazte Gunean (CRAJ), parte-hartze handiarekin. Bilera hau urtero egiten da eta bi urtetik behin gertatzen den bezala, gazteekin lan egiten duten 60 euskal elkarte inguru biltzen duen plataformak bere Batzorde Iraunkorra berritu du, EGKren jarduna urtean zehar zuzentzen duen organoa. 2013tik presidentea den Itsaso Anduezak (Hezkide Eskola) presidentzia lanean jarraituko du eta Maite López de Aguileta (Lilith - Emakume Gazteak) 1. presidenteorde berria da. Batzorde Iraunkor honek hamaika kide ditu eta, hemendik aurrera, horrelakoa izango da:

PRESIDENTEA: Itsaso Andueza, Hezkide Eskola. 1. PRESIDENTEORDEA: Maite López de Aguileta, Lilith - Emakume Gazteak. 2. PRESIDENTEORDEA: Iratxe Larrunbide, Bizkaiko Gaztetxoen Koordinakundea. DIRUZAINA: Uzturre Kultur Elkartea. IDAZKARIA: JSE-Egaz. BOKALAK: Kale dor Kayiko, Iratzarri, Gazte Kanpusa, Euzko Gaztedi, Gazte Abertzaleak eta FJVE - Junior Enpresen Euskal Federazioa. EGK-k hiru kide berriei ongi etorria eman die: Euskal Gorrak (Gazteria), Uzturre Kultur Elkartea eta Ekintza Katoliko Orokorra (azken hau, bazkide begirari gisa); bestalde, lau elkartek EGK utzi dute jardunik ez dutelako edo euren artean zuten gazteria taldeak indarra galdu edo desagertu delako: Astitxoak, Berpiztu, Taupaka Elkartea eta Universidad y Desarrollo. Horrela, guztira, hemendik aurrera EGK-k 60 kide izango ditu.

Inoiz baino proposamen gehiago

EGK-ko elkarteek edo Batzorde Iraunkorrak proposamenak aurkezteko eskubidea daukate, eztabaidaren ondoren, Batzarrak onartu ditzan. Kideek bide hau inoiz baino gehiago erabili dute eta hamaika ekarri dira Batzarrera. Hauek dira onartu diren guztiak:
  • Gazte batek lanpostuan bizitza galdu edo istripu larri bat izatearen ondorioz gazteriaren prekarietatea salatzeko protokoloa (EGKren Batzorde Iraunkorra). 
  • Sahararen onarpena eskatu eta bere aldeko kanpainetan parte hartzeko proposamena eta Hassanna Aalia aktibista gazteari asilo politikoa emateko proposamena (JSE-Egaz) 
  • Enpresa bateko soldata altuen eta txikien arteko alde handia ez izatearen aldeko proposamena (JSE-Egaz) 
  • Gaztetxe baten utzaraztearen ondorioz EGK-k jarraian martxan jartzen zuen protokoloa deuseztatu eta horren inguruko edozein erabakia Batzorde Iraunkorrean uztearen aldeko proposamena (JSE-Egaz)
  • Lan munduan emakumeen berdintasuna babestu eta bultatzeko proposamena (Lilith - Euskadiko Emakume Gazteak).
  • "3+2" unibertsitate ikasketen erreforma bertan behera uzteko proposamena (Gazte Kanpusa). 
  • Batzorde Iraunkorraren eginkizunen inguruko proposamena (Euzko Gaztedi).
  • ETAren behin-betiko eta aldebakarreko desegitearen aldeko proposamena (Iratzarri)
Azkenik, EGK-k 2014an burutu zituen ekintzen memoria eta 2015erako aurrekontua eta lan-plangintza onartu dira. Aurreko urteetan bezala EGK-k hitzarmenak sinatuko ditu Eusko Jaurlaritza (Gazteria Zuzendaritza eta Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia) eta Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiarekin; Arabako Foru Aldundiarekin, ordea, ez da adostasunik lortu bi proiektu zehatz aurkeztu arren. 2014an bezala, Vitoria-Gasteizko Udalarekin akordio bat sinatzea aurreikusten da. Aurten lan-arlo hauek jorratuko dira: hezkuntza eta astialdia, enplegua eta etxebitzitza, parte-hartzea, bakea eta bizikidetza, komunikazioa eta berdintasuna. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren gazteria zuzendariak, Jon Redondo eta Jokin Melida, hurrenez hurren, Batzarrean ere egon dira eta elkarteetako ordezkariak eta gonbidatuak agurtzeko aukera izan dute. Nafarroako Gazte Kontseiluko Batzorde Iraunkorreko kide bat ere Donostian izan da. Euskadiko Gazteriaren Kontseilua Eusko Legebiltzarrak maiatzaren 27ko 6/1986 Legearen bitartez sortu zuen Zuzenbide Publikoko Erakundea da eta, hurrengo urtean, 30 urte beteko ditu. EGKren egunerokotasuna jarraitzeko, www.egk.eus webgunean sartu, Piztu! buletinean harpidetu edo Facebook, Twitter eta Instagram orrialdeak jarraitzea gomendatzen dugu.

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.