25 urte sareak josten Ahotik At 9 - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua

Gazteriaren Kontseilua: 25 URTE SAREAK JOSTEN

25 urte sareak josten

Ia ikusezinak dira; finak, ukiezinak, hautemanezinak: hariak. Leunak, bai. Baina elkar gurutzatuak sare boteretsuak osatu ditzaketen hari leunak. Eta hori da Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, gazte-elkarteen plataformak, 25 urtetan zehar egin duena: hariak elkar gurutzatu. Matazak ehun bihurtzen saiatu. Josi. Orratza hartu, beharrezkoa denean, eta josi: plataformak ehundu, elkarte-sareak haritu, jendarte mugimenduak lotu, gazteria-eragileen artean zubiak eraiki. Hori, eta gazteen eskubide politiko eta zibilak zein eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak aldarrikatu; maiz, gazte izate hutsagatik urratzen zaizkiolako gazteriari eskubide horiek guztiak.

Josi, bileren bitartez; lantaldeen bitartez; topaguneen bitartez. Hariak bezain hautemanezinak diren loturak sortuz; sare boteretsuetan bilakatu daitezen.

Josi, argitalpenen bidez, irratsaioen bidez, prentsaurerkoen bidez, ikastaro, tailer, jardunaldien bidez; lokalak, euskarriak eta materiala utziz.

Eta 25 urte daramatza horretan. 1986ko maiatzaren 27az geroztik.

Artaziak atera ditu Administrazioak, eta zenbaki gorritan utzi du Euskadiko Gazteriaren Kontseilua. Baina gazte-elkarteen sareak haria orratzean sartzen jarraituko du. Josteko. Pertsona gazteak artikulatzen laguntzeko. Elkartegintza delako jendarte-eraldaketarako bide bakarra.

Irekita daude ateak

www.egk.eus

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .