Donostiako Udalarekin hitzarmena sinatu dugu - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

Donostiako Udalarekin hitzarmena sinatu dugu

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) eta Donostiako Udaleko Gazteria sailak sinatutako hitzarmena aurkeztu dugu gaur hedabideen aurrean egindako prentsaurrekoan. Ekitaldian Martin Ibabe, Kiroletako eta Gazteriako, Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotzia,  eta Maialen Olabe, EGK-ko presidentea izan dira. Hemen duzu sareetan egin dugun unean uneko jarraipena.

Ibabek adierazi du hitzarmen hau Gazteria Sailaren 2017-2020 tarterako Plan Estrategikoan kokatzen dela. Zinegotziaren hitzetan akordioa oso garrantzitsua da, gainerako administrazioen moduan, gazteon iritzia jasotzeko interlokutore zuzena izango duelako horrela Donostiako Udalak. Era berean, azpimarratu du “gero eta gizarte anitzago batetara” goazela, eta “bizitzako alorrak ireki eta konplexuagoak direla”.

Olabek nabarmendu du EGKrentzat hitzarmena oso garrantzitsua dela. Elkarlana eta zeharkakotasuna sustatuko duelako eta aukera ematen digulako gazteriaren ahotsa Donostiako Udalera eramateko eta sortzen diren proiektuak gazte ikuspegiarekin landutakoak izateko.

Era berean, EGK-ko presidentak gogoratu du Gazteriari bideratutako politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzea da gure beste helburu bat, prozesuko fase guztietan gazteon ahotsa eta presentzia bermatzea: diseinuan, aurrera eramaterakoan eta ebaluazioan. Horretarako, gazteez osatutako lantaldeak kudeatzen ditugu, euren iritzi eta proposamenak bildu, beharrak identifikatu eta ondoren administrazioei helarazteko

Azkenik, jada 2017an elkarlanean egindako ekimenak azpimarratu ditu Olabek. Besteak beste, Antiguako frontoian garatutako #GazteOlinpiadak proiektua edo Indarkeria Matxistaren aurka aurrera eramandako #GukEzetz! kanpaina.

2018ra begira udalarekin elkarlanean aritzea espero dugu, Donostiako gazteen iritzi, ideia, proposamen eta proiektuak helaraziz eta politika publikoetan kontuan izan ditzaten aldarrikatuz. Bide horretan, noski, zure iritzia ezinbestekoa dugu. Orain edo etorkizunean edozer bururatzen bazaizu jarri gurekin harremanetan!

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .