Berdintasun

Berdintasunarekin konpromisoa berresten

Martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko eguna dugu eta 2017an emakume eta gizon gazteok Berdintasun egoera erreal batetara iritsi garela biribiltasunez esatea oztopatzen diguten hainbat erronka ditugu. Egun honetan, horregatik, EGK-k Berdintasunarekin konpromisoa berresten du.

Maila juridikoan hainbat pausu eman dira eta hauen ondorio izan dira Berdintasun arloko politika zein neurriak. Ordea, hauetan pausu gehiago ematea eta orain arte hartu diren erabakien eraginkortasuna ebaluatzea ezinbestekoa da emakume eta gizon gazteen arteko Berdintasun erreala egi bilakatze aldera.

Gazteon ahotsa mahai-gaineratzea EGKren helburu izanik, Berdintasun lan-arloaren 2016ko barne-lanaren erronka izan zen esparru honetako gazte proposamenak azaleratzea bideratuko lukeen EGKren emakume eta gizonezkoen arteko Berdintasunerako I. Plana diseinatzea.

Proiektua aurrera eramatea lan dezente izan da, Plan hau bikoitza baita. Izan ere, EGK lan-espazio bezala beharrezkoak dituen neurriak eta EGK-k gazteen eskubideen alde lan egiten duen entitate moduan dituen erronkei erantzuna emateko neurriak biltzen ditu.

Honetaz gain, barne hartzen ditu bai emakume eta gizonen arteko Berdintasunaren arloko erronkarik tradizionalenak, baina baita LGTBI+ kolektiboari dagozkionak ere. EGK-k LGTBI+ kolektiboak bizitako bazterketa egoera emakume eta gizon izateko eredu bakar eta inposatuaren ondorio zuzentzat jotzen baitu.

Behin Plana diseinatua eta hainbat eragileren ekarpenak jasota, datorren martxoaren 11an EGK-k Berdintasunarekiko duen konpromisoa berretsiko du Plan honen onarpenaz. Ordea, hau lanaren abiapuntua besterik ez da.

Onarpen honen bitartez, EGK-k martxan jarriko du lau urteko iraunaldia duen emakume eta gizonen arteko I. Berdintasun Plana, helburu izango duena eguneroko lanean Berdintasuna zeharkako balore izatea eta oraindik ere bazterketa sortzen dituzten egoerak aztertu eta hauen hobekuntzarako proposamenak egitea.

Era honetara, hainbat lan-ildo garatuko dira: emakume gazteon egoeraren hobekuntza lan-munduan, gazteon erantzunkidetasun-errealitatea eta behar diren neurriak, Indarkeria Matxista eta LGTBI+fobikoari eman beharreko erantzunak… Guzti hauetan oinarrizkoa izanik, orain arte izan bezala, Gaur8 lantaldea; EGKren diskurtsoaren sortzailea Berdintasun arloan.

EGK-k hartua du jada Berdintasuna zeharkako balore bilakatzearen erronka. Hau eguneroko lanaz, berrikusketaz eta ekintzez soilik lortu dezakegun helburua da. Ondorioz, ibilbide egituratu bat izateko abiapuntua dugu EGKren emakume eta gizonen arteko I. Plana izango dena.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .