Begirale ikastaroa Euskadin egiteko deia egin dute astialdi eskolek

Begirale ikastaroa Euskadin egiteko deia egin dute bertako astialdi eskolek

Ikastaroa kanpoan egiten dutenek “praktikak egiteko arazoak” izaten dituzte

Express ikastaroek ez dituzte hemengo eskolen irizpideak betetzen

 Donostian, 2013ko irailaren 19an. Gero eta gazte gehiago irteeten da erkidegotik kanpo astialdi ikastaro laburrak egitera. Hori dela eta, begirale, zuzendari eta dinamizatzaile ikastaroak Euskadiko eskoletan egiteko deia egin dute Gazteriaren Kontseiluaren baitako Astialdi Foroan biltzen diren eskola eta federazioek.

Gaur goizean Donostian eskainitako prentsaurreko batean Oiane Fernández Astialdi Foroko koordinatzaileak azaldu duenez, “express ikastaroetako asko ez dator bat hemen astialdia ulertzeko dugun moduarekin, hau da, gure eskolen irizpide eta filosofiarekin”. Zehaztu duenez, Euskadiko eskolek eskaintzen duten formakuntzaren zutabea “elkarbizitzan eta esperientzian oinarritzen den ikasketa prozesua da, eta hori ezin da zazpi eguneko ikastaro batean barneratu”. Gaineratu duenez, “hemen hezten diren begiraleek hemengo errealitatera egokitutako gaitasunak eta tresnak bereganatzen dituzte, eta hori funtsezkoa da, kontutan hartzen badugu gure haur, nerabe eta gazteen heziketaz ari garela”. Ildo honetan, Astialdi Foroko bozemaileak nabarmendu du begiraleek “zeregin inportantea” dutela euskararen normalizazioan, “eta eginkizun hori, noski, ez dute kontutan izaten kanpoan eskainitako ikastaroek”. “Hemengo eskolek baliatzen ditugun jolas, abesti eta materialak gure errealitate soziokultural eta linguistikora egokituta egon ohi dira”, gaineratu du.


PRAKTIKAK EGITEKO ZAILTASUNAK
Kanpoan ikastaro trinko labur bat egiten duten gazte askok “praktikak egiteko orduan arazoak” izaten dituztela ohartarazi du Astialdi Foroak. Izan ere, “kanpoko eskola askok ez dute aukera hori eskaintzen, eta han ikasi duten ikasleek bere kabuz bilatu behar izaten dituzte praktikak egiteko toki bat”. Hori, Oiane Fernández koordinatzailearen hitzetan, “arazo” bat da: “modulu teorikoekin gertatzen ez den bezala, beste erkidego batzuek exijitzen duten praktika-aldia hemen egin ohi duguna baino luzeagoa izaten da; gainera, kanpoan ikastaroa egin duten gazte batek praktikak hemen egiten dituenean, bere lana gidatuko dituen euskal tutorearen titulua beste autonomia erkidego horretan homologatua egon behar da, gazte horren praktikek balio ofiziala izan dezaten”.


IKASTAROEN GIDA ETA BIDEOAK
Balio berak konpartitzen dituzten arren, Astialdi Foroan biltzen diren astialdi eskolek bere aniztasuna azpimarratu nahi izan dute: “Eskola bakoitzak bere nortasuna du, bere egitura eta idiosinkrasia; hori bai: guztiek eskaintzen dituzte kalitatezko ikastaroak”, adierazi dute. Eskaintza hori ezagutzera emateko, begirale, zuzendari eta dinamizatzaile izateko 40 ikastaro baino gehiago biltzen dituen gida zabaldu du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak www.egk.eus bere webgunean. Era ezberdinetan emango dituzte kurtsoak: modu intentsiboan edo estentsiboan, astean zehar edo asteburuetan, euskaraz ala gaztelaniaz. Prezioei dagokionez, 150 eurotik hasi eta 500 eurora arte dihoaz, tituluaren arabera eta segun eta alojamendua eta mantenua barne dagoen edo ez.

Bestalde, Youtuben lau bideo gizarteratu dituzte, “Behar duzun denbora hartu astialdiko hezitzaile izateko” lelopean. Modu horretan, euskal gazteriari hemengo eskoletan hezteko dei egiten diote.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .