Bake arte

Bake&Arte tailerren bideoa: literatura, argazkilaritza eta pintura gazteekin lantzen, bakearen inguruan hitz egiteko

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak apirilean egindako Bake&Arte tailerren bideoa aurkezten du eta zabalpena eman nahi dio #Bake&Arte traola erabiliz. Leioa (Bizkaia), Donostia eta Gasteizen talde txikietan egindako dinamikak izan ziren eta parte hartu zuten gazteek balorazio oso positiboak egin zituzten. Saio bakoitza hiru ataletan banatu zen: lehenengoan, literatura jorratu zen gatazken aurrean ditugun joerak lantzen zituen ipuin baten inguruan hausnartuz; bigarrenean, argazkilaritza eta Giza Eskubideak lotu ziren, eta hirugarrenean, gazteek mihise txuri batean etorkizuna elkarrekin amestu zuten.

Esperientzia hura gazte ezberdinekin bakea eta bizikidetzaz hitz egiteko aukera paregabea izan zen, baita hauen hausnarketak eta ikuspuntuak ezagutzeko. Dinamikak egiten ziren bitartean bi kamarek bertan gertatzen ari zena jasotzen zuten eta azkenean, materiala guztia ikusi eta landu ondoren, Bake&Arte tailerren laburpen bideoa aurkezten dizuegu:

EGK-k iaz bake eta bizikidetza lan arloa berreskuratu ondoren, hau da antolatu den bigarren ekintza nagusia 2014ko azaroan egin ziren Bake Ibilbideak eta gero. Bestalde, gogoratu behar da ere bake eta bizikidetza lan taldeak martxan jarraitzen duela. Gutxi gorabehera hilabetean behin biltzen da eta saioetara joateko bidaia gastuak ordaintzen dira. Hurbiltzera animatzen zaitugu eta honen inguruan informazio gehiago jakin nahi baduzu, gurekin jar zaitezke harremanetan bakea@egk.eus helbidera email bat bidaliz edo 943 429767 telefonora deituz (Elvira).

Uda ostean ere, ekintza gehiago antolatuko ditugu, adi egon!

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .