Bake eta bizikidetza lantaldea

Zer egin du EGK-ko bake lan-arloak 2016an?

Urtemugak beti dira bereziak. Zureekin bat, tarte on bat pasa, oroitzapenak burura datoz eta gainera opariak jasotzen dira. Eta ez soilik materialak. 2016a horrelakoa izan da Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarentzat (EGK). 1986an sortuak izan ginen eta 30 zifrara ailegatzeak zerbait potoloa merezi zuen. Hori bai, ez soilik egun bakarra. Eguneroko lanarekin eskertu nahi genuen orain arte egindako guztia.

Urte hasieran bake lan-arloak izan zuen protagonismoa. Gabonen digestioa egiten geundela oraindik, Seton Hall unibertsitateko gazteen bisita izan genuen. Topaketa honen helburua Euskadiko gazteok eta Seton Hallekoek elkarrizketa eta eztabaidaren bitartez bakea eta bizikidetza nola sustatu aztertzea zen.

Horrez gain, 2015ean Arrasaten egindako Bakehizketak barnetegiak emandako guztiari forma eman behar zitzaion. Hitz egindako guztia, landutako gaiak, ateratako ondorioak… Ezin hobe ikusten da REKKAMeko adiskideek egindako dokumental labur honetan.

Baina gehiago behar genuen. Hainbat lan ildo aipatu ziren, erronka mordoa mahai gainean jarri eta gizarteko eragileen artean sarea sendotzea lortu genuen. Horregatik aurkeztu genuen dokumentala otsailean Bilboko Azkuna Zentroan, jarraian bertan bildutako guztiekin lehen pintzelkada batean marraztutako hura gal ez zedin. Forma ematen saiatu ginen, bake lantaldearen laguntzarekin nola ez.

Ondorengo hilabeteetan erronkak gaika batu genituen, batzuk lehenetsi eta beste batzuk birformulatu. Beste behin ere EAEko gazteok nahi duguna EGKren diskurtsoan barneratzeko. Hori baita gure funtsa.

Tartean, bestelako kasuak ezagutzeko aukera izan dugu. Lehenik, Elvira C. Garcia, EGK-ko Bake eta Bizikidetza teknikaria, Medellinen (Kolonbia) izan zen irailean esperientzia elkartruke batean. Aberasgarria eta interesgarria, pilak kargatzeko eta esku artean dugun lanari beste buelta hori emateko modua aurkitzeko abagunea.

Bestetik, urrian, Donostian Guatemala eta Honduraseko gazteekin topaketa egin genuen Jolas eta Ekin elkartearen eskutik. Azkenik, azaroan, Demagunek gonbidatuta ‘Hitz egin, parlar, falar, hablar‘ ekimenean izan ginen Estatuko beste lekutatik etorritako ikasle unibertsitarioekin batera. Helburua, ikuspuntu desberdinetatik abiatuta, etorkizunaren eraikitze-prozesuaren gainean hausnarketa eta elkarrizketa sustatzea zen.

Ez da gutxi 12 hilabetean bake lan-arloak egindakoa. Hori bai, ez pentsa hau hemen amaituko denik. Urte amaieran lan eta lan jarraitzen dugu bake lan-arloan. Oraingoz, lehiaketak zihoen bezala, “hasta aquí puedo leer”. Adi ibili!

Ez genuen albistetxo hau amaitu nahi urte honetan lagundu gaituzten norbanako, elkarte eta administrazioei gure esker ona adierazi gabe. 2017an zuekin lan egiten jarraituko dugula espero dugu.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .