Atergune ataria

ATERGUNE: proiektu berriak sortzeko ataria

Behin eta berriro aterpetxe baten bila hasi eta Interneteko milaka leiho zabalik aldi berean? Behin zure beharretarako egokitutako espazioa aurkitu eta ez duzu harremanetarako kontakturik topatzen informazioa eguneratua ez dagoelako? Elkartearen barruan antolatzen dituzuen egonaldiak beti toki berdinetan egiten dituzue besterik ez bilatzeagatik? Lasai badaukagu zure buruhausteentzako erremedioa: ATERGUNE.

Atari berri hau bere garaian Amarauna Sareak sortutako aterpeak.info atariaren lehengusua da. Desagertu zenetik baliabide horren falta nabaritu dute eragile askok. Behar horri erantzun bat emateko Astialdi Foroko eragileek hau berreskuratzea erabaki zuten; bide batez formatu berri bat emanez eta atal batzuk berrituz.

ATERGUNE Euskal Autonomia Erkidegoko eta inguruko aterpetxe, kanpin eta landen erreferentziazko bilatzaile birtuala bilakatu nahi da. Boluntariotza arloan jarduten duten elkarte, gazteei, aisialdi talde nahiz gainerako elkarteek beren ekintzak burutzeko tresna erabilgarri bat izatea da asmoa eta, beraz, jarduera hauetan gehien erabiltzen diren instalazioak eta elkarteek beraiek kudeatutako espazioak biltzea.

Jaioberria den espazio honek momentu honetan 20 espazio baino gehiago ditu bere baitan. Hemendik aurrera erabiltzaileen laguntza ezinbestekoa izango da ataria osatzen laguntzeko gero eta aterpetxe, kanpin eta landa gehiago identifikatu eta bertan biltzeko.

Momentu honetan identifikatzeko errazenak izan diren espazioak daude: aterpetxeak. Udalekuetarako zein egonaldi ezberdinetarako alokatu daitezkeen etxeak sartu dira bertan, gehienak hainbat astialdiko elkartek kudeatutakoak. Etorkizunari begira gero eta gehiago burutzen ari diren udaleku ibiltarietarako aproposak izan daitezkeen hainbat kanpin identifikatu nahi dira eta baita oraindik burutzen diren kanpaldiak antolatzeko landen zerrenda ere. Azkeneko hauen gaineko informazioa bilatzea zailagoa da baina 2017ra begira elkarteen informazio trukeaz baliatzea da asmoa.

Atariaren gaineko edozein ekarpen, jasotako ez dauden espazioen gaineko ezaugarriak edo akatsen bat ikusiz gero astialdiforoa@egk.org emailaren bitartez kudeatuko dugu informazioa.

Ez galdu denbora eta sartu zaitez atergune.astialdiforoa.org atarian eta hasi proiektu berriak sortzeko espazioak bilatzen!

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .