#FormakuntzaDualaEzagutzen txostena kaleratu dugu - Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK)

Formakuntza Duala Ezagutzen txostena

Formakuntza Duala Europa mailan erreferente den formazio-eredua da eta aspaldian ari da errotzen Euskadin. Errealitate ukaezina da: lehenik, Lanbide Heziketako Goi eta Erdi Mailako graduetan; eta, azken urteotan, unibertsitateko hainbat gradutan. Hori ikusirik, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) jarduera honek gazteongan eta gure bizitza-proiektuan duen eragina aztertu nahi izan dugu Formakuntza Duala Ezagutzen txostenean.

2018an zehar bi Hiruburu —hainbat profil bilduz bakoitzak bere esperientzia eta ikuspuntutik gaiaren gaineko iritzia ematean oinarritzen den eztabaida-dinamika— antolatu ditugu, bat Donostian eta bestea Gasteizen. Albiste honetan duzu jarraitutako prozedura guztiaren informazioa.

Zer dio txostenak?

#FormakuntzaDualaEzagutzen txostenak hiru atal nagusi ditu:

  1. Formakuntza Dualaren hurbilpen teorikoa eta testuinguruaren kokapena.
  2. Hiruburuetako parte-hartzaileen iritzi eta ikuspegiak, bai Lanbide Heziketan eta bai unibertsitatean.
  3. Hobekuntza-proposamenak: etorkizuneko erronkak eta genero-ikuspegiaren garrantzia.

Gazteon bizitza-proiektua zailtzen duten faktoreak ezagunak dira denontzat: enplegu urria, kalitate gutxikoa eta lan baldintza prekarioekin. Horren aurrean, Formakuntza Dualak indar handia hartu du eta, hori dela-eta,indargune eta ahulguneak identifikatu ditugu, besteak beste:

  • Formakuntza Duala hainbat gaitasun lortzeko tresna egokia da, batez ere, zeharkako gaitasunak lortzeko eta etorkizuneko enplegua lortzeko erraztasunak eskaintzen dituelako.
  • Gazteon bizitza-proiektuan nola eragiten duen mahai-gainean jarri behar da, esfortzu eta sakrifizio handia eskatzen baitio ikasleari. Prekarietatea ekidin behar da, horretarako ordutegi eta baldintzak egokitu behar dira: ikastetxe eta enpresa artean komunikazioa saretua eta egoki koordinatzea, kontrol mekanismoak —jarraipen eta ebaluazio tresnak— bermatzea, etab. Honela hainbat arazo saihestuko ziren:
    • Enpresek ikasleak lan-esku merke bezala erabiltzea.
    • Enpresek ikasleak behar bezala formatzeko ardura ez hartzea.
    • Gaztearen kalitatezko formakuntza oinarri ez izatea.
    • Ikaslearen profila eta enpresak eskaintzen duenak bat ez egitea.
  • Hezkuntza egitura eraldatu behar da; sistema bera eta honi atxikiriko irakasle rolak errealitate dinamikora moldatu behar dira.
  • Unibertsitatean ezartzeko egun oztopo handia dago, batez ere kontratazio formulengatik eta lan sektoreagatik.
  • Genero-ikuspegia txertatzearen beharra: Formakuntza Duala batik bat sektore industrialean aplikatzen da, oso sektore ‘maskulinizatua’. Honek emakumeen eta ‘langile eredutik’ at geratzen diren bestelako kolektiboen presentzia oztopatzen du.

Beste behin ere eskerrak eman nahi dizkizugu jardunaldian parte hartu izanagatik. Eta, esan bezala, 2019an zurekin elkarlanean aritzea espero dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, galderarik izanez gero edo ekarpenak egin nahi badituzu, idatzi bizibaldintzak@egk.eus helbidera edo deitu 945 22 06 01 zenbakira.

Txosten deskargatu