Aniztasunak mila kolore eta printza bakoitzak gizartea aberasten du (Love photo created by freepik)

Aniztasunak mila kolore eta printza bakoitzak gizartea aberasten du

Mendebaldeko gizartean urte askoz eredu bakarra gailendu da. Heteronorma honek ezarritakotik at geratzen zen guzti hori baztertua izan da, arraro bezala kontsideratua, hainbat modutara etiketatua eta askotan jazarria. Horren adibide 1990eko maiatzaren 17a arte Osasunaren Mundu Erakundeko Batzar Nagusiak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendan zuen.

Poliki-poliki gizarte bezala pausuak ematen ari gara, baina oraindik asko dago egiteko LGTBI+ kolektiboko norbanakoen beharrizanak asetzeko. Beste hainbat kasutan bezala, indarkeria fisikoa da ikusgarriena eta oihartzun gehien duena, baina hori icebergaren punta besterik ez da. Aniztasunak mila kolore baititu eta horietako printza bakoitzak gizartea(k) aberatsagoa egiten du. Zoritxarrez gazteon errealitatean LGTBI+fobia oraindik presente dago. Izan ere, ideologia patriarkal eta heterosexista oinarri duen gizarte batean bizi gara eta honek LGTBI+ pertsonenganako gorrotoa, eskubide urraketa eta norberak bere baitan duen aniztasuna eta bizipen konkretuen garapen eza ekartzen du.

Horregatik da hain garrantzitsua gure egunerokoan, bakoitzak ahal duen neurrian eta eskura dituen baliabideen arabera, genero, identitate eta adierazpen aniztasunarekiko aldekotasuna erakustea, honen garrantzia azpimarratuz eta hainbat mendetan bazterkeria egoerak pairatu dituen LGTBI+ kolektiboaren eskubideak aldarrikatuz.

Ildo horretan, agerikoa den bezala, politika publikoek garrantzi handia dute. Eta badirudi haiek ere argi dutela. Maiatzaren 17aren harira jakin zenagatik, Eusko Legebiltzarrean adostasuna lortu da eta aurrerantzean Euskadin transexualitatea diagnostiko mediku gabe onartuko da. Oraingoz lege proposamena da eta gertutik jarraitu beharko da duen bilakaera. Administrazio publikoek egin beharrekoaren adibide paregabea da: politika publikoak diseinatzerakoan eragingo dieten kolektiboei eta pertsonei ahotsa eman eta euren beharrak entzun, hartuko diren neurriek hauei erantzun diezaieten. Gizartea aberasten jarraitzeko beharrezko pausuak.

Hezkuntzaren garrantzia

Era berean, administrazio publikoek aniztasuna zeharkako balore bezala txertatu behar dute politiketan eta hezkuntzan hezkidetza sustatzeko eta bermatzeko neurriak hartu. Hezkuntza formalean zein ez formalean hainbat balio eta jarrera barneratzen ditugu, gure izaeran eta jokatzeko moduan eragin handia dutenak, eta bertako materialak egokituak egon behar dira. Era berean, lanean edo arreta eskaintzen arituko diren profesionalei formakuntza egokia eskaini behar zaie zerbitzu publikoek erantzun zuzena eman dezaten.

Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik urte hauetan hainbat proiektu garatu ditugu aniztasuna eta honek berezko dituen onurak ikusarazteko. Izan ere, Aniztasunak mila kolore ditu eta printza bakoitzak gizartea aberasten du. Hiru lurraldeetako hainbat eskola eta astialdi talde biltzen dituen Astialdi Foroak eskatutako, hezkuntza ez formalean sexualitatea eta honen aniztasuna modu egokian lantzeko “Sexualitatearen Koloreak” gida jorratu genuen; espazio fisiko zein birtualek aniztasunarekiko aldekotasuna erakusteko Gune Anitza zigilua diseinatu genuen eta hainbat aholku plazaratu genituen gune orok berma dezan espazio egokia dela; Gasteizko Udalarekin eta bertako gazteei bideratua dagoen Asexoria zerbitzuarekin SexBerdin Hiruburua antolatu genuen kolektiboaren beharrizanak identifikatu eta nola ase ikusteko eta, batez ere, Indarkeria LGTBI+fobiko kasuak salatzeko protokoloa garatu dugu.

Eta egunerokoan, zer egin dezakegu?

Aurrez esan bezala, lege mailan aldaketak ematen ari direla dirudi. Trans* pertsonek  oraindik  ere,  dokumentazio ofiziala lortzeko patologizatuak izan behar dute. Hau da, beraien egoeraren ulerpena jendarteak burutu  behar  izaten  du,  pertsona  trans*ak  eraikuntza  sozial  bezala  sistema  bitarra  kolokan jartzen  dutenean.

Azkenik, heteronorma ez jarraitzeagatik edota genero identitate hegemonikoarekin hausteagatik lan munduan sortzen diren zuzeneko eta zeharkako  diskriminazioei amaiera ematea beharrezkoa da. Esparru honetan neurri zehatzak —agian Berdintasun Planei duten garrantzia emanez eta hauek zehazten dutena betetzen delako bermatzeko ikuskaritza gehiago sustatuz—hartzea beharrezkoa da LGTBI+fobia  oinarri  duten laneko jazarpenak saihesteko eta bazterkeria oro ezabatzeko.

Maialen Olabe, EGK-ko presidentea
2019-05-29
Artikulu originala Gazteberri aldizkarian

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.