Genero-indarkeria saihesteko eta tratu onak bultzatzeko "Amodio zintzoen gida" sortu du Nafarroako Gazte Kontseiluak

Genero-indarkeria saihesteko eta tratu onak bultzatzeko “Amodio zintzoen gida” sortu du Nafarroako Gazte Kontseiluak

Nafarroako Gazte Kontseiluak argitaratutako oharra:

Iruñean, 2011ko otsailaren 14an. Lurrunak lausotutako lehio batean, koaderno batean, arbelean, horma batean, harearen gainean, larruan, sms batean gehituta edo e-mail batean erantsita… nork ez du inoiz bihotz baten irudia egin?

Otsailaren 14ko ospakizuna medio, bihotza da gehien erabiltzen dena posta-txarteletan, bonboietan, dendetan, telebistan, publizitatean… MAITASUNAREN “idealaren” kontzeptua transmititzeko. Hortaz, merkatuak zein kulturak zehazten dute nola maite eta izan behar dugun maitatuak.

Jaiotzen garenetik Edurnezuri, Errauskine, Neska Ederra eta Basapiztia, Loti Ederra eta antzeko ipuinak entzun ditugu eta balio izan dute amodio-eredu bat geure buruetan ezartzeko. Kasu guztietan neska gizagaixo bat (jakina, oso gorputz ederrekoa eta oso polita) mutil galant, ausart, indartsu, azkar eta independente batekin maitemintzen da. Behin printze ausart eta kementsuak proba batzuk gaindituta biak ezkondu egiten dira eta “zerbait” falta zitzaion neska dagoeneko ez da osatugabea eta zoriontsua da. Nori ez diote ipuina kontatu? Egia da maitatzen ere ikasten dugula eta horrela barneratzen dugu geure gizartean nagusia den maitasun-eredua, alegia, amodio erromantikoa.

Eta ez litzateke hobe izanen neskak autonomoak izatea euren buruak defendatzeko fikziozko printze urdin horren beharrik gabe?, ez litzateke hobe izanen beste pertsona baten beharrean ez egotea seguru sentitzeko? Nork bere trebetasunak eta ahalmenak garatu beharko lituzke, berdin neska zein mutila izan da, biak pertsonak baitira.

Zergatik ezin dira egon neska ausart eta indartsuak eta mutil delikatuak? Zergatik printzesak ez du inoiz printzea salbatzen? Rolak eta estereotipoak zehaztuta datozelako neskak ala mutilak izatearen arabera.Geure sexuaren arabera, espero da geure portaera edo izaera modu batekoa izatea (hauskor edo indartsu, otzana edo inizatibaduna, e.a.). Bikote-harremanetan neska eta mutilen artean jarduteko dugun eredua alda daiteke? Bai, noski. Izan ere, geure haurtzarotik ikasi dugu sexismoa, zergatik ez berdintasuna ikasi?

Nafarroako Gazte Kontseiluaren Berdintasun arloan hau da geure buruei jartzen diegun erronka, alegia, neska eta mutilen artean berdintasunezko harremanak eraikitzea. Gazteei ere gertatzen zaien bezalaxe, sexu bien arteko ezberdintasunezko harremanetan du genero-indarkeriak bere jatorria, alegia horizontalak ez diren harremanetan non batek besteak baino botere handiago baitu. Menperatze/otzantasunean oinarritutako harremanak dira eta mutilak menperatzailearena egiten du eta neskak otzanarena.

Amodio zintzoen gida

Tratu onak bultzatzeko asmoz eta genero-indarkeriari aurrea hartzeko, Nafarroako Gazte Kontseiluak “Amodio zintzoen gida” sortu du. Berdintasun arlotik bultzatu da publikazio hau eta helburua da zalantzan jartzea gaur egun dagoen amodio erromantikoaren eredua sexista eta ezberdintasunezkoa baita. Mitoak behera bota nahi ditugu eta hausnarketarako bideak eskaini maitasun-harremana osasuntsua den ala ez jakiteko.

Era berean, genero-indarkeria detektatzeko dauden sintomak azaltzen dira eta horrela maitasunetik ezberdintzeko. Dauden indarkeria-mota desberdinak ere azaltzen dira bertan.

Azkenik, maitasun-eredu osasuntsua, berdintasunezkoa, begirunetsua eta arduratsua eskaintzen da egungo amodio erromantikoaren alternatiba izan dadin. Gidan ere glosario bat dator, bai eta gazteek gai hauen inguruan dauzkaten zentro eta baliabideen zerrenda ere.

Gida formatu elektronikoan egin da eta laster ikusi ahal izanen da Nafarroako Gazte Kontseiluaren web-orrian: www.cjn-ngk.org

INFORMAZIO GEHIAGO BEHAR BADUZU EDO GUREKIN HARREMANETAN JARTZEKO:
DAVID CHIVITE | TEL. 608 183 867 | PRESIDENCIA@CJN-NGK.ORG | WWW.CJN-NGK.ORG

GIDA DESKARGATU:

Amodio zintzoen gida

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .