EGKren logoa

Giza Eskubideen Egunean: EGK-k aitortza egiten die Giza Eskubideen alde lan egiten duten gazte elkarteei

EGKtik, gazte elkarte ugarik osatutako plataformatik, gaurko Giza Eskubideen Nazioarteko egun honen karga sinbolikoa aprobetxatu nahi dugu. Horregatik, edozein motatako indarkeriaren kontrako aldarria egin nahi dugu (zuzena, kulturala, egiturazkoa…), eta indarkeria horrek dakarren Giza Eskubideen urraketa guztiak salatu nahi ditugu, batez ere, gazteen kolektiboari dagokionean.

1948ko abenduaren 10ean, Nazio Batuen Batzorde Orokorrak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zuen Parisen. Guztira 30 artikuluk jasotzen dituzte eskubide zibil, politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak, horien aitorpen eta bermea aldarrikatzea helburu. Guztiontzat. Jatorri, sexu, adin eta egoeragatiko bereizketarik gabe.

Mende erdi beranduago, Bartzelonako Kulturen Foro Unibertsalak beste dokumentu bat sortu zuen, modu independentean: Giza Eskubideen Aitortu berrien Aldarrikapen Unibertsala. Herri-eragile eta gizarte zibil antolatuaren eskutik sortutako dokumentua da, bizi dugun egungo eredu globalak planteatzen dituen erronkei erantzuna emateko helburu duena, 1948ko testuan jasotzen ez diren alderdiak azpimarratuta.

Tamalez, dokumentu osagarri eta beharrezko horietan alderdi ugari jasotzen diren arren, eta eragile zein elkarte ezberdinek (EGK-k kasu) eskubideon babesa etengabe aldarrikatzen duten arren, gutxieneko unibertsal horiek bermatu gabe jarraitzen dute. Egunero hainbat eta hainbat Giza Eskubide urratzen dira. Urraketa horietako askok gure arreta osoa bereganatzen dute; hala nola, Pariseko atentatuek edo Europara heltzen saiatzen diren errefuxiatu eta emigratzaileen agoniak. Beste batzuk, ordea, oharkabean pasatzen zaizkigu, isilpean geratzen dira, ikusezin bilakatuta, ahaztuta.

Arrunt, zilegi eta logikoa da, edozergatik dela ere, gertuen sentitzen ditugun biktimekiko elkartasun sentimendu sendoagoak izatea. Ondorioz, gertatutakoaren kontra, eta hori ahalbidetu duten politiken kontra, gaitzespen ekintza argi eta zuzenagoa martxan jarri nahi izaten dugu. Baina, indarkeria herrialde guztietan dago, estratu guztietan, nahiz eta modu ezberdinetan izan; eta ezkutatu egiten da, itxura ezberdinak hartuta.

Hori dela eta, EGKtik aldarrikatzen dugu nahitako sufrimendua inoiz ez dela bidezkoa. Nahitako sufrimendua inoiz ez dela onargarria. Nahita sortutako sufrimendu bat inoiz ez dela beste bat baino garrantzitsuagoa, eta ez duela beste batek baino arreta edo babes gehiago merezi. Giza Eskubideen urraketa guztiak gaitzetsi eta saihestu behar dira. Eta, horretarako, arma bakarra (eta eraginkorrena) heziketa da.

Gaur, abenduaren 10ean, EGKtik geure laguntza eta babes osoa eman nahi diegu Giza Eskubideen defentsan diharduten herri elkarte eta eragile guztiei, bereziki gazteek osatutakoei, eta aldarrikatu nahi dugu edozein nahitako indarkeriagatik Giza Eskubideak urratuta izan dituzten biktima guztiek aitortza, konponketa eta justizia merezi dutela.

Share on FacebookShare on Google+Tweet about this on TwitterShare on LinkedInPin on PinterestEmail this to someone

Iruzkin bat

Zure e-posta ez da argitaratuko. * Eremuak ezin du hutsik egon .